Frankismoaren hondarrean, 1973an, ekin zion langileen eskubideak defendatzeko abokatu lanari Sabino Cuadrak (Amurrio, Araba, 1949). Bizkaiko Ezkerraldean egin zituen laneko lehen urteak, Barakaldon, eta 1976ko martxoaren 4ko goizean ezagun batek abisua eman zion: «Etor zaitez ziztu bizian, sarraskia egin dute». Bezperan Gasteizen egindako sarraskiaz ari zitzaion ezaguna. Komunikabideak oraindik Espainiako Poliziaren oldarraldiaren berri eman gabeak zirela abiatu zen Cuadra Gasteizera, eta zaurituekin eta langileekin mintzatu zen hurrengo egunean. Hiria sutan topatu zuen.
1978an Iruñera etorri zen lanera, eta urte hartako sanferminetan Polizia Armatuak eragindako indarkeriaren lekuko zuzena izan zen. Gertakari guztiok markatu egin dute, ezinbestean. Bi liburu idatzi ditu Txalaparta argitaletxearekin 1978ko sanferminei buruz, gazteleraz: Crimen de estado, gertaturikoen kontakizuna; eta Los Victimarios. «Espero dut beste bat idaztea, Rodolfo Martin Villa auzipetu eta zigortu dutela esateko», esan du Cuadrak, itxaropenez. Gaur, 13:00etan, urtero legez, 1978ko sanferminak gogoratuko dituzte Orreaga etorbidean, Poliziak German Rodriguez gazte iruindarra hil zuen tokian.
Los victimarios izenburuak asmo bat iragartzen al du?
Bai, jakina. Bigarren liburu honetan erantzuleengan zentratzea erabaki genuen. Batez ere, Martin Villarengan, hura izan baitzen erantzulerik inportanteena. Hasieratik buru-belarri ibili zen saltsa honetan. Nafarroan urteak zeramatzan negoziatzen; lehendabizi, Amadeo Marcorekin [frankismoko diputatu nagusiarekin], eta gero [diktadura ostean], sortu zen diputazioarekin. Trantsizio hartan, Martin Villa askotan etortzen zen hona.
Trantsizioa ahanztura ariketa bat izan zela diozu. Zergatik?
1977an, Amnistiaren Legea onartu zenean [PCEko Santiago] Carrillok eta [EAJko Xabier] Arzalluzek espresuki esan zuten aurrera begiratu behar genuela, eta atzean geratu zena ahaztu. Hori oposizioko buruek zioten; pentsa zer esango zuten UCDkoek…
«Zapalgailu bat abiarazi zuten. 1979ko sanferminetan ez zen ezer aipatu aurreko urtean gertatu zenari buruz»
Atzera ez begiratzeko ahalegin hura zertan nabaritu zen?
Zapalgailu bat abiarazi zuten. 1979ko sanferminetan, Iruñeko jai batzordeak zioena hartuz gero, ez zen ezer aipatu aurreko urtean gertatu zenari buruz. Txupinazoa, zezenak, prozesioa eta abar aipatzen ziren. Esan zuten bakarra zera izan zen, sanferminak gozatu egin behar zirela, kantuan eta dantzan, ezer gertatu ez balitz bezala. Joaquin Resano margolaria poster batekin atera zen kalera: San Fermin agertzen zen partxe batekin begian, esku batean gomazko pilota bat eta bestean ke potea zituela. Udaltzainak agertu, eta kendu egin zioten material guztia. Gobernadore zibila peñetako buruzagiekin bildu zen, eta orduan hauxe izan zen leloa: Festak bai, politika ez. Aurreko sanferminetan gertatutakoa ezkutatu nahi izan zuten. Oso anekdota esanguratsuak dira.
1978an gertatu zen German Rodriguezena. Zergatik da hain urte garrantzitsua?
Estrategia argia zegoen. Martxoan, Aberri Egunean, Iruñean 35.000 lagun elkartu ziren lau lurraldeetako estatutu bateratu baten alde eta autodeterminazio eskubidearen defentsan. Urte bereko abenduan, Espainiako Konstituzioa onartu zuten: Espainia bateraezina, subiranotasun bakarra eta indar errepresiboen deuseztatzeari ezezkoa. Orduan hasi zen Nafarroaren eta Hegoaldeko gainerako hiru euskal lurraldeen arteko bereizketa. Manifestazio haren eta Konstituzioaren galdeketaren erdi-erdian izan ziren sanferminak. Ez da kasualitatea.
Lortu zuten helburua?
Bai. Beldurra sorrarazi zuten, eta azenarioa eskaini zuten gero. Ematen zizkiguten libertate demokratikoak, baina horretarako irentsi egin behar zen, eta uko egin errepublikari, autodeterminazioari, indar errepresiboen deuseztapenari eta estatu laiko bati.
Martin Villak ordezkatzen al du zer izan zen trantsizioa?
Pertsona oso inportantea izan zen: 1976an, Gasteizkoa gertatu zenean, Harreman Sindikaletako ministroa zen; 1977an, Barne ministroa; 1979an, mapa autonomikoa egin zeneko garaian, Lurralde Administrazioko ministroa; eta geroago, 1981etik 1982ra, presidenteordea. Begira zer urte! Trantsizioaren erdigunean egon zen, beraz. Martin Villa Barne ministroa izandako garaian, 125 pertsona hil zituzten: astero ia pertsona bat.
«45 administrazio kontseilutan ibili da Martin Villa, frankismoarekin etekin izugarria lortu zuten enpresetan»
Datu hori ez da oso ezaguna.
PSOE gobernuan zegoela sortu zen GAL, eta, epaile batek esan zuenez, errudun agertu zen goitik beherainoko kate oso bat: X jauna, ministroak, estatu idazkariak, bi gobernadore zibil, Guardia Zibilaren jeneral bat, komisarioak, inspektoreak… Hori egin bazen 1980ko hamarkadan, zer ez zezakeen egin frankistez beteriko gobernu batek! Armadako jeneralak eta guzti zeuden han… Urte horietan saldoka hiltzen zuten jendea.
Baina erakundeek babestu egin dute Martin Villa.
Politikaren lehen lerroa utzi ondoren, 45 administrazio kontseilutan ibili da Martin Villa: Repsol, Endesa, multinazionalak… Azken krisi ekonomikoan, Mariano Rajoy Espainiako orduko presidenteak Sareb banku txarreko arduradun izendatu zuen. Oso presente egon da orain arte. Azken finean, frankismoarekin etekin izugarria lortu zuten enpresek administrazio kontseiluetan tokia egin diote. Gaur egun, Espainiako Zientzia Moraleko Errege Akademiako kidea da. 1978ko sanferminen ostean, hark esan zuen eurenak «akatsak» zirela eta besteenak, «krimenak». Begira zer moral duen!
Polizia batzuk aipatu dituzu liburuan. Guztiak frankismoan zaildu ziren.
Bai, guztiak.
Horietako bat, Fernando Avila komandantea da. Zenbat denboran izan zen Iruñean?
1978ko martxoan iritsi zen Iruñera, sei hilabete egin zituen eta Legiora itzuli zen. Uztailaren 8an zezen plazan zegoen, kaleko arropez jantzita. Rubio poliziaburuari men eginez, Avilak eman zuen oldarrean eraso egiteko agindua.
Beste polizia bat Miguel Rubio komisarioa da. 1978ko sanferminetakoa izan zen zuzendu zuen ekintza bakarra?
Ez. Orduan esan zen zigortuta beste postu batera eraman zutela, Xiribellara [Herrialde Katalanak], baina komisaria hori ez zen existitzen. Xiribellan 2004ra arte ez zen eraiki polizia etxerik. Non ibili zen? 1978ko Diadaren egunean agertu zen, irailean, Bartzelonan. Manifestazio batean suzko tiroak izan ziren, eta gazte bat hil zuten. Han zegoen komisario hori, Rubio, eta gazte haren senideei ohartarazi zien kontuz ibiltzeko.
Oraindik bada zer ikertu?
Bai. Gertatzen dena da ikertzerakoan murru baten kontra egiten duzula. Guk dokumentuak hamaika aldiz eskatu ditugu, mota guztietako artxibategietan, eta esaten digute ez daudela. Barne Ministerioan bi aldiz esan digute ez dagoela ezer 1978ko sanferminei buruz. Ez omen dago gobernadore zibilaren urte hartako txosten orokorra, Rubio komisarioak eginikoa… Dionisio Bartret Polizia Armatuko jenerala bere kabuz etorri zen Iruñera eta txosten bat idatzi zuen. Guk, talde parlamentarioaren bidez, lortu genuen Kongresuko artxibategian, baina oraindik ere esaten digute ez dela existitzen. Han, Bartretek zioen Poliziaren jarduera erabat desegokia izan zela, «bai ikuspegi polizial batetik, bai oinarrizko zentzu natural batetik».
Hasi dira biktimak aitortzen, baina arduradunei erreparatu gabe. Herren geratzen da aitortza?
Memoriaren oinarriak egia, justizia eta erreparazioa dira. Nazio Batuen giza eskubideen errelatoreak esan zuen aulki bati hiru hankatxo horietako bat kentzen badiozu, erori egiten dela dena. Biktima batzuk aitortzen hasi dira, baina txanponaren beste aldea falta da. Izan ere, biktima izateko, kaltegile bat behar da. Egiaren erdia onartzen baduzu, justizia lortzeko auzitegietako atea ixten baduzu eta ezin baduzu kaltegilerik aipatu, emango den erreparazioa oso motz geratuko da. Zer da aitortza mota hori, dirua eta diploma bat? Ez da erreparazio oso bat, eta behar dugu.