Baita udan ere

Baita udan ere

Aurreko astean hasi ziren jaiak bai Iruñean, bai Lesakan, eta, harrezkero, garbigailuek lanaldi amaiezina dute; arropa, etxeko patioan eskegita, edozein eguzki printzak lehortzeko esperoan dago; oinak zapata eroso eske daude, eta begiak amets egiteko aukera erregutzen.

Jada bete dira urtero bezala kaleak edalontziz, jendez, pixaz, ahotsez, zaborrez, aldarrikapenez eta turistaz, besteak beste. Hala eta guztiz ere, nahiz eta kaleek jaietan jasaten dutena urteroko kontua izan, Iruñeko aurtengo sanferminak, nire iritziz, guztiz ezberdinak izaten ari dira. Hasieratik ezberdinak izan dira; areago, hasi baino lehen bazegoen zabalduta ezberdinak izanen zirelako ustea, eta uste hori, aurreko igandean, ezbairik gabe bete zen. Esanen nuke aurten ez bezala azken urteotan gutxitan egon direla hain agerian mundu mailako nahiz gure gizarteko aferak eta problematikak.

Sanferminak hasi aurretik, ekain erdialdean, eztabaida piztu zuen Yala Nafarroa Palestinarekin plataforma txupinazoa botatzeko aukeratua atera izanak. Horiek horrela, ekainetik ugariak izan dira, batik bat sare sozialetan, iruindar gehienok bozkatutakoa zalantzan jarri, gutxietsi eta gaitzetsi duten pertsonak; dena dela, zorionez, ez da gehiengoa izan.

Sanferminak hasi baino lehen, uztailaren 5ean, mugimendu feministak urteroko manifestazioa egin zuen. Kasu honetan ere, manifestazioaren eta bertan aldarrikatutako autodefentsaren kontrako iruzkinak irakurri eta entzun ahal izan ziren. Halaz ere, eskerrik asko, jaien atarian, beste urtebetez, kalea feminismoz eta aldarrikapenez betetzeagatik.

Uztailaren 6an, igandean, goizean goizetik, aldarrikapenak jartzen, nahiz Palestinaren kontrako genozidioa salatzen ari ziren hainbat gazte identifikatuak izan ziren, baita bat atxilotua ere. Berriz ere, herritarrok jaiak politizatzearen kontrako diskurtsoak zabaldu zituzten askok; nahiz eta euren ustezko jai perfektuak, bereziki eurena, tradizioan eta politikan oinarritutakoak izan.

Bestalde, txupinazoaren ondoren, hainbat argazki ikusi nituen, eta batek bereziki eman zidan arreta. Argazki horretan aireratutako dozenaka zapi gorri ikus daitezke; askok Iruñeko armarria dute, beste batzuek beste udalerri batzuetakoa, gainerakoek eslogan hutsak eta sekula ikusi gabeko marrazkiak; ordea, badago gorria ez den zapi bat, bakarra, mugimendu feministaren ikurra duen zapi morea, alegia. Beso eta esku ezezagunez beteriko itsaso gorri hartan, emakume batek zapi morea airatu zuen. Esker mila.

Azken egunotan, erakundeetatik kanpo arnasten, dantzatzen, zapia airatzen, erabakitzen, bidegabekeriak salatzen, karrikak betetzen eta elkarrekin ekiten jarraitzen duen hiriak bizirik dirauela erakutsi ahal izan dugu. Gorroto diskurtsoak gailentzen ari diren hilabeteotan, gurea beren diskurtso pozoidunekin ordezkatu nahi duten sasoiotan, jaiek itsaso gorrian azaleratzeko balio izan digute; arnasa hartzeko eta ikusgai izateko balio izan digute.

Beraz, gorroto diskurtsoei eta gaur egungo egoera soziopolitikoari aurre egiten jarrai dezagun, baita jaiak gureak egiten ere

Jaiak badu oraindik kolektibitate sentsazioa, nahiz kemena handitzeko gaitasuna, eta, horrek, mundu mailan ezagunak diren eta jendetsu bihurtu diren jaiotan, bere hartan jarraituko duen herria dagoela erakustea ahalbidetu digu.

Beraz, gorroto diskurtsoei eta gaur egungo egoera soziopolitikoari aurre egiten jarrai dezagun, baita jaiak gureak egiten ere. Geure burua ez desagertzeko saiakeran, jarrai dezagun azaleratu eta arnasa hartu nahian; bestela, horrelakorik egiteko aukerarik izan ezean, ziur udan eguzkipean zein gerizpean solas egiteko parada izanen dugula.