Ibaia topagune izan dadin

Ibaia topagune izan dadin

Aragoi ibaiaren emariak eragindako burrunbak herritarren ahotsak apaldu ditu. Ura gardena da, eta indarrez egiten du bere bidea. El Sotillotik ibaiari so gelditu dira Murillo el Frutoko alkate Diego Palacios (Aurrera Murillo) eta, harekin batera, herriko eremu hori lehengoratzeko lanean ari diren bertze herritar batzuk. Emplea fundazioak sustatuta, Rio-Viviendo proiektua garatzen ari dira, populazioari eusteko estrategia baten barruan: ibaiari duen balioa eman nahi diote, herritarren topagune bilaka dadin.

Emplea fundazioak Vivid Herriak izeneko proiektua abiatu du, herrien husteari aurre egiteko, eta proiektu horren barruan sortu dute Murillo el Frutoko El Sotillo eremua lehengoratzeko egitasmoa. Iaz jarri zuten martxan. «Bilerak antolatu genituen herriko taldeekin eta kolektiboekin, elkarrekin gogoeta egiteko asmoz», azaldu du Vivid Herriak proiektuko kide Ariane Martinezek.

Murillo el Frutoko alkateorde Silvia Saratxaga, gazteen elkarteko Marina Mendoza eta Maria la Cruz, Vivid Herriak proiektuko Ariane Martinez eta Maria Lanas, eta, mahaiaren bertze aldean, Diego Palacios alkatea, hilaren 4an, herriko El Sotillo eremuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Bilera horietan, asmoa zen batzuek eta bertzeek beren proposamenak egitea. «Denek aipatu zuten ibaia», oroitu du Martinezek. Ondorioz, Aragoi ibaiko El Sotillo eremua bilakatu zuten proiektuaren ardatz. Murillo el Frutoko zaharrek gogoan dute El Sotillon pasatutako denbora, herritarrek bainatzeko erabiltzen baitzuten eremu hori aspaldi, udako hilabeteetan. «Pandemia garaian ere ibaira etorri ginen», erantsi du Marina Mendozak, herriko gazteen elkarteko kideak.

Udala hasieratik inplikatu da proiektuan, eta El Sotillo lehengoratzeko asmoaz baliatu da «herria eta komunitatea sendotzeko». «Denon artean zerbait egitea izan du gure lehentasuna; herritar guztiak batu nahi izan ditugu proiektura, komunitatea sendotzeko», zehaztu du Diego Palacios alkateak.

«Herritar guztiak batu nahi izan ditugu El Sotilloko proiektura, komunitatea sendotzeko»

DIEGO PALACIOS Murillo el Frutoko alkatea

Murillo el Frutoko biztanleriak behera egin du azken hamarkadetan: 1960. urtean 1.450 biztanle zituen, 1981ean 935 ziren, eta iaz, 664. Udalak populazioari eutsi nahi dio El Sotillokoaren gisako egitasmoen bidez.

Azaroan ekin zioten Aragoi ibai ondoko eremu hori atontzeko lanari; geroztik, hainbatetan aritu dira auzolanean, Aragoi ibaiaren ondoko eremuko sasiak mozten, zaborra biltzen, eta herritarrentzako mahaiak eta eserlekuak jartzen. «Bat egiteko toki bat sortu nahi dugu; auzolana aitzakia bat da, halere, adin guztietako jendea elkartzeko eta elkarrekin aritzeko», nabarmendu du Silvia Saratxaga alkateordeak.

Zabor anitz

Murillo el Frutoko herritarrek ekainaren 28an egin zuten orain arteko azken auzolan ariketa El Sotillon. Herriko emakumeen elkartea izan da, gazteekin batera, egitasmoan gehien inplikatu dena. Saratxaga elkarteko kide izan da alkateorde bilakatu arte, eta andreek egindako lana azpimarratu nahi izan du: «Elkarteko gehienak adin batetik gorakoak dira, baina ez zuten hutsik egin eta orduak eman zituzten zaborra biltzen».

«Autokritika egin behar dugu: mendia dugu, eta ibaia ere bai. Kontua da ez ditugula inguru horiek zaintzen»

MARINA MENDOZA Murillo el Frutoko gazteen elkarteko kidea

El Sotillo lehengoratzeko auzolanen bidez, hain zuzen, ingurumena zaintzeko beharrari buruzko gogoeta sustatu nahi izan du udalak. «Autokritika egiteko baliatu behar dugu oraingo aukera. Herrian mendia dugu, eta ibaia ere bai. Kontua da ez ditugula inguru horiek zaintzen. Maite dugu ibaira joatea, baina ezin dugu dena zaborrez beteta utzi», erran du Mendozak.

Palacios alkateak onartu du etsita sentitu zela El Sotillo atontzera joan ziren lehendabiziko egunean; plastiko pila aurkitu zutela kontatu du, bai eta bertzelako gauzak ere: «Telebista baten zatiak, gurpilak, lanparak… eta sofa bat!». Oroitu du haurtzaroa Aragoi ibaiaren ertzean eman zuela, eta orduan plastiko zatirik ez zuela aurkitzen, «ezta amuarrainik ere ibaian!». Orain egoera alderantzizkoa dela gehitu du: «Ura garbitu da, eta amuarrainak badira, baina zaborra nagusi da ibaiertzean».

El Sotilloren eguna

El Sotillo oasi bilakatu nahi dute udalak eta herritarrek, elkartzeko toki bat izan dadin denentzat. Saratxagak eta Palaciosek «biziki» eskertu dute herriko elkarteen eta kolektiboen parte hartzea, eta haien inplikazioa «ezinbertzekoa» dela nabarmendu dute. Gazteen elkarteko kide Marina Mendozak eta Maria la Cruzek ere badute zer eskertu: «Udala beti dago laguntzeko prest».

Murillo el Frutoko bi herritar, ekainaren 28an, herriko El Sotillo eremua garbitzeko auzolanean. NAFARROAKO HITZA

El Sotillo atontzeko auzolanak hasi zituztenetik, udaleko langileak hainbat aldiz joan dira Aragoi ibaiaren ondoko eremura, orain arte garbitutakoa berriz sasiz bete ez dadin. Auzolanean segituko dute udazkenean. El Sotilloko goiko aldean harrizko mahai handi bat jarri dute, eta bertze batzuk paratu nahi dituzte beheko aldean, ibaiaren ondoan.

«El Sotilloren eguna edo gisako zerbait antolatu nahi dugu, urtean behin, gutxienez, herritarrok bat egin dezagun, eremua garbitzeko eta han bazkaltzeko. Orain arteko lanak ez du deus ere balioko sortu dugun topagune hori erabiltzen eta mantentzen ez badugu», azpimarratu du Saratxagak.

Udala ari da herria eta komunitatea sendotzeko bertzelako bideak jorratzen, eta uztailaren 19an, bigarrenez, Murillo el Frutoko Piperminaren Eguna ospatuko dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Azoka izanen da, piperminak eta artisauen produktuak saltzeko, eta herriko ostatuetan piperminekin egindako pintxoak dastatu ahal izanen dituzte. Karpa bat jarriko dute Udaletxe plazan, han bazkaltzeko. «Elkartzea da kontua; herria sendotzen jarraitzea», bukatu du alkateak.

Iruñerriko ibai ONDOKO pasealekuAREN bertze zati bat inauguratu dute Ibero eta Etxauri artean

Iruñerriko Mankomunitateak 4,4 kilometro gehitu dizkio ibai ondoko pasealekuari, inauguratu berri duen azken zatiaren bidez: Ibero eta Etxauri arteko bidea inauguratu dute, uztailaren 3an. Denera, 63 kilometro luze da jada Iruñerriko ibai ondoko pasealekua.

 

Ia 87 metro luze den pasarela bat da Ibero eta Etxauri arteko zatiko elementurik nabarmenena, gisako horretako pasarelarik handiena baita Iruñerrian. Arakil ibaiaren gainean egin dute, Iberok eta Arakil eta Arga ibaiek bat egiten duten tokia lotzeko.

 

Ibero eta Etxauri arteko pasealekua egiteko, Iruñerriko Mankomunitateak Etxauriko irin fabrika zaharra eraitsi behar izan du. Eraikina behera bota baino lehen, lantegiko zeramikazko errotulua kendu eta gorde zuten, herriko ondare grafikoa babeste aldera.

Fabrika zaharrean sorbeltzen, enara azpizurien eta saguzarren habiak ziren. Ondorioz, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren aginduak jarraituz, mankomunitateko teknikariek bertze habia batzuk jarri behar izan dituzte inguruan, hegaztiek eta saguzarrek erabil ditzaten. Zehazki, Ilundain fundazioak garatutako proiektu pilotu bat jarri dute martxan: egurrezko bi egitura handi egin dituzte, eta egitura horietan hiru espezie horientzako kutxak jarri dituzte. Iruñerriko Mankomunitateko kideek ibai ondoko parkeko faunari buruzko urteroko txostenean jasoko dute habiak zein neurritan erabiltzen dituzten. 

Ibero eta Etxauri arteko zatia egiteko proiektuak 1,9 milioi euroren aurrekontua izan du, eta Europako funtsen laguntza jaso: 850.000 euro. Ibai ondoko pasealekuaren bidez, Iruñerriko Mankomunitateak eskualdeko hiriguneak lotu nahi ditu. Pasealekuak, gainera, ingurumenari mesede egin nahi dio, utzita zeuden eremuak lehengoratuz, eta herritarrei aisialdirako toki bat eman. Oinezkoen eta txirrindularien neurrira egindako azpiegitura bat da, jasangarritasuna sustatzeko.

 

Azken urteotan, Iruñerriko ibai ondoko pasealekua nabarmen handitu da; 2021ean, Arazuri eta Ibero arteko zatia inauguratu zuen mankomunitateak, 5,2 kilometrokoa. 2023an, berriz, Elortz ibaiaren inguruan egin zituzten lanak: zazpi kilometroko zati bat inauguratu zuten, Zizur eta Galar artean. Orain zabaldutako zatiaren bidez, bertze urrats bat egin dute mankomunitateak eta proiektuan parte hartu duten udalerriek.