«Suteak aldatzen ari dira, eta gu ere, zerbitzu gisa, egokitzen ari gara»

«Suteak aldatzen ari dira, eta gu ere, zerbitzu gisa, egokitzen ari gara»

Nafarroako suhiltzaileak adi dira: ekaineko beroak alertak piztu ditu hainbat egunetan, suteak pizteko arriskuak gora egin baitu. Udaberriko eurien ondorioz, landaretza hezetasunez bete da, eta, horri esker, sute handirik ez da izan orain arte. Baina beroa apaltzen ez bada eta euririk egiten ez badu egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du Jon Diez de Ure Nafarroako suhiltzaileen sarjentuak (Iruñea, 1969).

Nolakoa izan zen aurreko uda?

Nahiko lasaia: sute gutxi izan genituen, eta aurreko urteetan baino hektarea gutxiago erre ziren [209 hektarea]. Negua ere lasaia izan da. Udaberrian, gainera, euri asko egin du, eta horrek mesede egiten digu. Tenperaturak gora egin arren, mendian hezetasuna bada oraindik ere, eta hori sumatu egiten da suren bat pizten denean.

Uda, beraz, lasai hasi da?

Bai. Giroa beroa da eta euri gutxi egin du, baina uda nahiko lasai hasi da. Halere, azken asteotako tenperaturak pilatutako hezetasuna galtzea eragin du, neurri handi batean. Egoera okerrera egiten hasi dela sumatu dugu, eta adi gaude.

«2022ko udan gertatu zena mugarri bat izan zen guretzat. 15.000 hektarea kiskali ziren»

Suteak pizteko arrisku handia iragartzen du ia egunero Nafarroako Gobernuaren alerta sistemak.

Hala da. Hezetasunari esker, litekeena da su bat piztu arren oso handia ez izatea. Dena den, egunetik egunera hezetasun hori galtzen ari gara, eta, ondorioz, sute handi bat pizteko arriskuak gora egiten du. Faktore anitz kontuan hartu behar dira, baina giro beroa luzatuz gero, egoerak nabarmen eginen luke okerrera.

Alertak gero eta ohikoagoak dira. Nola ari zarete egokitzen egungo baldintzetara?

Sumatu dugu, argi eta garbi, suteek gero eta kalte handiagoa eragiten dutela. 2022ko udan gertatu zena mugarri bat izan zen guretzat: orduko ekainean 15.000 hektarea kiskali ziren, eta suteek, gainera, herritar asko aterarazi zituzten etxetik. Ikusten ari gara suteak gero eta arriskutsuagoak direla.

2016an 4.000 hektarea inguru erre ziren Tafallako sutean. Harekin alderatuta, nolakoa izan zen 2022koa?

2022koan klima aldaketaren eragina sumatu genuen, argi eta garbi. Hori da kontua. Sute handiak izan genituen, eta hainbat batera. Hori izan zen okerrena eta egoera are larriago bilakatu zuena. Sute bat pizten bada, baditugu hura itzaltzeko behar diren baliabideak, baina sua hainbat tokitan pizten bada, gure baliabideak kolapsatu egiten dira. Hori gertatu zitzaigun 2022an.

Horrek erran nahi du suhiltzaile gehiago behar direla?

Gakoa ez da zenbat suhiltzaile dauden edo esku hartzea zenbatekoa den; noski, suhiltzaile gehiago bagara, hobe, baina hori ez da gakoa. Nik bi kontu nabarmenduko nituzke: batetik, espezializatzeko beharra dugula, eta suteak analizatzeko gaitasuna garatu; eta, bestetik, prebentzioa landu behar dugu. Prebentzioa funtsezkoa da.

Sute gehienak gizakiek eragindakoak dira. Bada zer hobetu?

Bai. Herritarrak trebatu behar ditugu, eta ohartu behar dute mendian egiten duten jarduera orok baduela eragin bat eta, beraz, kontuz ibili behar dutela. Prebentzioa lantzea funtsezkoa da, eta ezinbestekoa da, halaber, suhiltzaileon zerbitzua espezializatzea eta ikerketarako gaitasuna garatzea. Bi esparru horiekin batera, herritarrekin lan egitea ere oso inportantea da.

Nafarroako Gobernuak asmo horrekin sortu ditu orain abian dituen kanpainak?

Bai, herritarren kontzientzia pizteko. Informazioa eta argibideak zabaldu nahi ditugu.

Uzta biltzeko garaian, nekazarien makinek sor ditzakete suteak. Behar diren neurriak hartzen dira?

Bai. Nekazariek badakite beren jarduerak sute bat pizten ahal duela, eta hartu ohi dituzte beharrezkoak diren neurriak: ura eta sua itzaltzeko gailuak eramaten dituzte, eta beste makina batzuk izaten dituzte inguruan, sua piztuz gero itzaltzen laguntzeko. Auzi hori asko jorratu dugu, eta laguntzeko prest izaten dira nekazariak. Nekazaritza oso sektore garrantzitsua da gure gizartean, eta elkarrekin egin behar dugu lan.

Sute bat pizten bada, zer egin behar da?

Prebentzioa da inportanteena. Kontua da ez dugula sutea piztu arte zain egon behar zerbait egiten hasteko suari aurrea hartzeko. Landaretzak inguratutako etxe batean bizi bazara, ingurua garbitu beharko duzu; hogei metro inguruko eraztun bat egitea komeni da, etxea inguratuz. Sute bat piztu eta etxera hurbiltzen bada, gasa itxi, leihoak eta pertsianak itxi, eta, herri batean bizi bazara, etxean gelditzea da onena. Aldiz, etxebizitza bakartuta badago, hobe da handik alde egitea.

«Garrantzitsua da jakitea suak errazago egiten duela aurrera aldapan gora eta haizearen norabide berean»

Suak mendian harrapatzen badu norbait, zer egin dezake?

Ahal dela, alde egin. Garrantzitsua da jakitea suak errazago egiten duela aurrera aldapan gora eta haizearen norabide berean. Hori kontuan hartu behar da suak mendian harrapatzen bazaitu, aldapan behera eta haizearen kontra ihes egitea izanen baita onena. Noski, 112ra deitu behar da. Izan ere, inportantea da sute bat pizten denean tokira ahalik eta azkarren ailegatzea. Udan bi helikoptero izaten ditugu, eta oso garrantzitsuak dira, azkar ailegatzeko eta sua zabaldu baino lehen itzali ahal izateko.

Ari zarete zuen lan egiteko modua klima aldaketara egokitzen?

Bai, zalantzarik gabe. Suteak aldatzen ari dira, eta gu ere, zerbitzu giza, oraingo egoerara egokitzen ari gara. Jende espezializatua behar dugu maniobra arriskutsuak egiteko. Horretan ari gara, trebatzen eta egokitzen.