Uda hastearekin batera, Arangurengo Irulegiko aztarnategia biziberritu egiten da: Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoek hartzen dute eremua, udako kanpainari ekiteko. Aurten ere halaxe gertatu da: uztaila hastearekin batera, eta Mattin Aiestaranen zuzendaritzapean, Aranzadiko kideak lanean hasi dira muinoan. Abuztuaren 17ra bitarte ariko dira, Arangurengo Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.
Aranzadiren helburua da 2007. urtean hasitako lanari segida ematea. Zehazki, ikerketa geofisikoen arabera erreen dagoen eremua lehenetsiko dute. Elkarteko kideek uste dute labe handi bat dagoela inguru horretan, eta labe hori non dagoen zehaztea izanen da aurtengo kanpainako xede nagusietako bat. «Iaz egindako miaketa geofisikoetan ikusi genuen ingurua erreta dagoela; labe bat egon daitekeela uste dugu, baina indusketa egin arte ezin izanen dugu baieztatu», azaldu du Aiestaranek.
Irulegiko aztarnategi arkeologikoa, iazko udan; ezkerrean, gazteluaren aztarnak, eta eskuinean, agerian utzi dituzten hiru etxebizitzen arrastoak. ARANZADI
Iazko lanetan, Aranzadiko kideak aztarnategian egindako bi zulo miatzen aritu ziren. Haietako batean etxebizitza baten aztarnak aurkitu zituzten, «ezustean». Bi paretaren arrastoak ere topatu zituzten, baina, bigarren zuloko lanak bukatzeko denborarik izan ez zutenez, «zalantzak argitu gabe» gelditu zitzaizkien. «Aurten bigarren zuloan ariko gara, ea bi pareta horiek agertzen diren eta argitu dezakegun zer diren», esplikatu du Aranzadiko kideak.
Irulegiko aztarnategia Burdin Arokoa da, eta baliteke garai hartako baskoien bizimoduari buruzko argibideak ematea. 2021ean, orain arteko piezarik garrantzitsuena aurkitu zuten arkeologoek: Irulegiko Eskua. Aranzadik 2022ko azaroan aurkeztu zuen pieza jendaurrean. Kristo aurreko I. mendekoa da. Gainaldean idatzirik dauka hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena. Lau lerro ditu: lehen hitza sorioneku gisa transkribatu zuten, eta ondorengo guztiek ez dute inolako antzik gaur egungo euskararekin.
Bisitak, abuztua bukatu arte
Irulegiko Eskuak erakarrita, hain zuzen, aztarnategiak bisitari anitz hartu ditu azken urteotan. Joan den urtean, hain justu, 2.000 baino gehiago izan ziren. Aurten ere herritarrak hartzeko prest dira Aranzadiko kideak, eta indusketa kanpainarekin batera, bisitena ere martxan jarri dute. Irulegiko aztarnategia ezagutu nahi duenak Irulegi.eus helbidean eman behar du izena.
«Aztarnategia ezagutuz, testuinguru bat ematen diogu Irulegiko Eskuari, eta hori inportantea da»
MATTIN AIESTARAN Irulegiko aztarnategiko indusketen arduraduna
Elkarteak abuztuaren 31ra bitarte hartuko ditu bisitariak. Irulegiko muinoan, arkeologoek azken urteotan egindako lanaren emaitza ikusi ahal izanen dute, eta indusketako arduradunen azalpenak entzun. Arkeologoek Irulegin ikertu dituzten etxebizitzetako hiru prestatu dituzte bisitak hartu ahal izateko. Helburua da bisitarien joan-etorriak, eguraldiak eta bertzek ondareari kalterik ez eragitea. Hiru etxebizitza horietako bat Irulegiko Eskua aurkitu zutenekoa da.
Aranzadi 2023an hasi zen bisitak antolatzen. «Gure lana ulertzeko eta ezagutzeko aukera eman nahi diegu herritarrei», adierazi du Mattin Aiestaranek. Garbi erran du jendea batez ere Irulegiko Eskua aurkitu zuten tokia ezagutzeko asmoz joaten dela. «Aztarnategia ezagutuz, testuinguru bat ematen diogu Irulegiko Eskuari, eta hori inportantea da».