Harremantzeko moduez

Harremantzeko moduez

Astelehenean amaitu ziren sanferminak. Batzuek luzeago biziko zituzten, beste batzuek laburrago, baina denok esan diegu agur datorren urtera arte. Festarako, algararako, dantzarako eta kalez kale ibiltzeko egunak izan dira, urtero gogoz itxaroten ditugunak. Baina, era berean, nekagarriak ere badira: egun asko dira erritmo berean, eta gorputzak nabaritzen du. Barre eta dantza artean, logura eta neke arrastoren bat ere ageri da.

Azken egunetako bermut batean, lagun batek bat-batean hurrengoa bota zuen: «Ez dut irailera arte edango». Isilune labur baten ostean guztiok egin genuen barre. Inork ez zuen serio hartu, baina hura ez zebilen brometan, eta taldearen erreakzio bateratu horrek zer pentsatu eman zidan.

Zaila egiten zaigu ulertzea norbaitek edan nahi ez izatea, eta hori normaltasunez onartzea. Ez dio edateari utziko gaixorik dagoelako edo autoz gidatu behar duelako, ez da ezer larririk. Besterik gabe, ez du nahi. Baina pentsa dezagun une batez: zergatik egiten zaigu hain arraro norbaitek edateari utziko diola esatea?; zer dela-eta harritzen gaitu horrenbeste?

Ospatzeko dugun edozer jatearen eta edatearen bueltan antolatzen dugu. Hala, alkohola gure jai ereduaren ardatzetako bat bihurtzen da, plan sozial guztien erdigune. Gustatzen zaigu alkoholak eragiten digun sentsazioa: lotsa galdu, irribarrea zabaldu, dantzan aritu, gehiago esan. Harremanetarako lubrifikatzaile soziala da.

Saiatu pentsatzen nolakoa izango litzatekeen gure sozializazioa alkoholik gabe. Ziur aski ez dugu oso garbi irudikatzen; festarekin lotzen dugun guztia edatearekin erlazionatzen baita: giroa, algarak, dantza, konplizitatea, askatasun sentsazioa. Alkoholik gabe festak ez du ematen berdin funtzionatuko duenik. Eta hori, bere horretan, adierazgarria da. Zergatik da hain zaila elkarrekin egoteko eta ongi pasatzeko beste modu batzuk imajinatzea?

Ongi dago, tarteka behintzat, zintzotasunez eta errurik gabe, norberari harremanak eraikitzeko dugun moduez galdetzea

Edatea guztiz normalizatuta dugun bitartean, beste substantzia batzuen kontsumoak alarma pizten digu. Alkohola ez diren bestelako drogak beldurgarriagoak iruditzen zaizkigu, larriagoak, arriskutsuagoak. Ez dute zertan osasunerako kaltegarriagoak edo gogorragoak izan, baina ez daude hain ikusarazita, hain barneratuta. Ez dute toki bera gure eguneroko bizitzan. Alkohola bestelakoa da, guztiz onartua dugu, eta kulturalki, babestua.

Nik edaten dut. Eta onartzen dut nire bizitza sozialaren zati handi batean alkohola presente dagoela. Baina, halere, harritzen nau zenbateraino normaldu dugun eta zein neurritan bihurtu den gure harremanetan ohiko eta ia ezinbesteko osagai. Izan ere, edaria askotan ez da gehigarri bat, abiapuntua baizik. Eta horrek berak, hain justu, eraman nau gure harremantzeko ohiturez hausnartzera: Zer toki ematen diogu alkoholik gabeko sozializazioari? Zer dela-eta uste dugu geure burua askatzeko edariaren beharra dugula? Zergatik sentitzen gara deseroso alkohola baztertzerakoan? Ongi dago, tarteka behintzat, zintzotasunez eta errurik gabe, norberari harremanak eraikitzeko dugun moduez galdetzea.