Bortitza da Akrobazian jotzen duen haizea. Azkeneko hiru egunetan, etorriko den ekaitzerako prestatu dut neure burua. Ordenagailu aurrean eserita nago orain. Gaur zaila egiten zait ezertan kontzentratzea: aski ezagunak izanen dituzue dagoeneko uda kapitalista baten dinamikaren ondorioak: aldez aurretik adostutako eta desiratutako oporrak (Pavloven txakur lerdetsuak), umea, aurreko egunetan errepidean egindako kilometroak (gure On the Road kutre eta propioa bizi nahian, beste turista nazkagarri eta antzu bat bilakatu nahian). Zerbaiten ihesean, edo izengaitza eta oso iluna den inertzia gris bati jarraika. Leiho ondoko artean apeztxori bat saltoka ari da. Ez dakit nire burua edo bera den itzulipurdika alde egiten duena adar batetik bestera.
Bart gauean, ohean nengoelarik eta umea ondoan nuelarik, hanketatik gora zerbait sumatu dut. Animalia arinen bat. Hasieran, armiarma bat zela pentsatu dut. Armiarma lodi eta bilotsu bat. Zaplazteko bat eman diot, baina ihes egin dit. Esku hutsak gorputz marroi eta nazkagarria bilatzen zuen heinean, oina, belauna, gerria eta, azkenik, gorputz osoa, aurpegia eta burua barne, zeharkatu ditu, harrapaketan jolastuko bagina bezala. Haserre, argia piztu eta, orain ikusiko duzu batekin, ehizari ekin diot: izaren artean bilatu dut, ohe azpian, gainean, umearen gorputz jada ez hain ñimiñoaren alboan. Deus ez. Herri basati hau madarikatu dut. Natura menderaezina, gizatiartuezina. Goizez miresten dudan hori gauez itogarri bilakatzen zait itzalen beso artean.
Agian, bidaia fisikoek erraiak hankaz gora ipini eta, munduan egoteko beste modu bat eraiki beharrean, ispiluaren aurrean eserarazten gaituztelako edo agian flipatu eta ameslari hutsa naizelako, beldurra piztu zait; gauerdiko kandela beltza. Piztia iletsu eta etsaia nire lepoa zelatatzen.
Natura menderaezina, gizatiartuezina. Goizez miresten dudan hori gauez itogarri bilakatzen zait itzalen beso artean
Zi-zi-zi-zi bat entzun dut orduan. Maindire azpialdean gaueko tximeleta gris horietako bat irudikatu dut, eta hotzikara batek zeharkatu dit gorputza. Botak jantzi eta pentsatu dut hil ala biziko borroka hastear zegoela. Orduan, maindirea ezkerreko besoaz altxatu eta hara non eta sagu xume bat topatu dudan. Txikitan filmetan aulkietan gora salto egin eta oihuka hasten ziren emakumeen irudiak jauzi zaizkit une horretan. Estrategia bat pentsatu baino lehen, nire oinak hiru aldiz zanpatu du ugaztun marraskaria, animalia gixajoa erabat birrindu duen arte. Umea esna zegoen orduko, oihuka eta algaraka. Eskuaren mugimendu azkar batez, saguaren tripak eta barrunbeak jaso ditut. Goragaleak haurdunaldiaren lehenengo hilabeteetan zehar pairatutakoak oroitarazi dizkit.
Gaur, L.-ri pasadizoa azaltzen niola, zera bota dit: azken boladan animaliek mezu sekretu bat dakartela herrian geldialdi bat egiten duen orori. Atzaparren artean hitz ezkuturen bat daramatela eta zerbaitek hemen sustraiak botatzea eragotzi nahi digula.
Eta E. A. Poeren Belea-n bezalaxe, nire gelako atera deika dabiltzala.
Hori bakarrik, eta besterik ez.