Ijitoek badute nori begiratu

Ijitoek badute nori begiratu

Behar baino lehenago ailegatu dira lehen ikasleak, astelehena izanagatik ere. Gainera, lanean hasteko gogoz sartu dira La Romani ijito elkarteak Tuterako Alde Zaharrean duen egoitzara. Nadia Hernandez zain dute jada (Tutera, 2002), eguneko programari azken ukituak ematen, lehen orduan eginen dituztenak zehazten. La Romanik antolatutako udako eskolan izena eman duten haur ijitoak bezala, lanean hasteko irrikan da eskolako arduradun Hernandez ere. Gustura da umeen artean. «Bihotza beteta daukat. Haurrok anitz ematen didate, eta elkartea toki segurua da haientzat. Hagitz esperientzia polita da», erran du.

Hernandez duela bi urte hasi zen La Romani elkartean lanean. Aurten 6 eta 14 urte bitarteko zortzi haur eta nerabe ditu udako eskolan. Programaren helburua da eskola garaiko errutinei eustea, neurri batean; etxeko lanak egiten laguntzen die, eskolako lan hori txangoekin, eskulanekin eta aisialdiko bertze hainbat jarduerarekin uztartuz. Gainera, asmoa da ijitoen inguruko aurreiritziak eta estereotipoak bazter uztea, eta ijitoen kulturaren eta sustraien berri ematea. «Hagitz garrantzitsua da nor garen jakitea».

Hernandezek nabarmendu du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara ailegatu zenean jakin zuela arrazakeria zer den. «Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan familiarteko giroa izan nuen eskolan. Institutura ailegatu, eta denak okerrera egin zuen. Ikasten jarraitzeko gogoa kendu zidaten». Ez da ari gainerako ikasleei buruz bakarrik; irakasle anitzen jarrera ere salatu du. «Batek liburutegira bidaltzen ninduen, eskola hasi orduko, bertze ikasleak molestatuko nituela erranez».

«Bihotza beteta daukat. Haurrok anitz ematen didate, eta elkartea toki segurua da haientzat; esperientzia polita da»

NADIA HERNANDEZ Tuterako La Romani elkarteko kidea

La Romani elkarteko kideak aurre egin zien estereotipoei; bertze institutu batera mugitu, eta ikasketak amaitu zituen. Erizain laguntzailea da, eta Gizarte Integrazioko goi mailako gradua ikasten ari da. «Lehen maila egin dut. Bigarrena amaituta, Gizarte Lana ikasteko aukera aztertzen ari naiz», gehitu du.

Elkarteak antolatutako udako eskola irailera bitarte eginen dute; astelehenetik ostegunera izaten da, 10:00etatik 12:30era. Asteon, baina, asteazkenekoa izan zuten azken eguna, atzo Tuterako bestak hasi baitziren. Astelehenean, hain zuzen, jaietarako margotu dituzten elastikoei azken ukitua ematen aritu ziren ikasleak, bestak prestatzen. Eskola orduetako jarduerak egin bitartean, ikasleak batzuez eta bertzez aritzen dira hizketan, eta entzun dituen gauza anitzek tristura eta amorrua eragin dizkiote Hernandezi: «Denek jaso dituzte eraso arrazistak». 

Zailtasunak eskoletan

Tuteran bezala, Azkoienen ere haur eta nerabe ijitoentzako udako eskola antolatu dute aurten. Amara Jimenez osasun sustatzailea da arduraduna, eta, Raquel Jimenez begiralearekin batera, 5 eta 10 urte bitarteko dozena bat haur hartzen ditu egunero, 10:00etatik 13:00etara, herriko La Laboral eraikineko gela batean. Nafarroako ijito elkarteen Gaz Kalo federazioak antolatu du eskola. «Neguan, haurrei etxeko lanak egiten laguntzeko programa bat egin genuen; udan ere segitzen ahal genuela pentsatu genuen, eta horretan ari gara: etxeko lanetan laguntzeko jarduerekin batera, jolasak, txangoak eta bertze antolatzen ditugu, haurren arteko sarea sustatzeko», azaldu du Jimenezek.

Institutukoa ez zen garai erraza izan Jimenezentzat. Irakasle batek babesa eman izana eskertu du, eta gehitu gela bereko hainbat ijitok lortu zutela ikasketak jarraitzea. «Mendekotasunen bat dutenen artarako ikasketak egin nituen lehendabizi, eta gero, gizarte integraziokoak. Ez dut nahi nire alabak nik jasandakoak jasan beharrik izatea», azpimarratu du.

Udako eskolatik at, ikastetxeetan ijito herriari buruzkoak lantzeko hitzaldiak antolatzen dituzte Amara Jimenezek eta Nadia Hernandezek, nork bere herrian eta inguruan, eta biek salatu dute eskola batzuek ez dituztela gisa horretako jarduerak antolatu nahi. «Tuteran ezetz esan izan digute; izugarria da», aipatu du Hernandezek. Jimenezek duela lau urteko pasadizo bat oroitu du, osasun sustatzaile gisa lanean hasi zenean bertze eragile batzuekin sarean egindako lehen bileran jazotakoa: «Eskola bateko zuzendariak erran zuen ijitoak alfer hutsak direla».

Eskuinean, Amara Jimenez osasun sustatzailea, Azkoiengo udako eskolako haurrekin, joan den astean, herriko La Laboral eraikinean. NAFARROAKO HITZA

«Ijito bat eskolara joaten ez bada, irakasleak aztertu beharko luke zer gertatzen ari den, eta haur edo gazte horrek behar duen laguntza eskaini». Horixe uste du Hernandezek, eta erantsi La Romani elkartean haurrei eta nerabeei behar duten babesa ematen ahalegintzen direla. Irailetik aurrera, umeak etxeko lanetan eta eskolako kontuetan laguntzeko programa hasiko dute, abendura bitarte. «Aurrera egin dugula uste dugu, baina oraindik gauza anitz bada konpontzeko. Aurreiritziek eta estereotipoek indar handia dute, eta haurrak lotsatu egiten dira. Eskolan ez dira eskua altxatu eta galdetzeko gai, eta, ondorioz, atzean gelditzen dira. Kontuan hartu behar da arrazakeriak esparru guztietan duen eragina», zehaztu du Hernandezek.

Jimenezek bat egin du, eta erantsi haurrek ereduak behar dituztela. Udako eskolen bidez, hain zuzen, haur eta nerabeentzat eredu izatea da arduradunen helburua. Familiek ere laguntza eta babesa behar dutela erran du Jimenezek. «Niri anitz kostatu zitzaidan etxekoak lasaitzea ikasten jarraitu nahi nuela erran nienean; herritik kanpo joan behar nuen eta horrek gurasoak kezkatzen zituen». Hernandezek ere La Romani elkartearen egoitzara joaten diren umeen familiekin lan egiten du, garbi baitu gurasoen inplikazioa «ezinbertzekoa» dela. «Hezkuntza hagitz garrantzitsua dela azaltzen diegu».

Lanean jarraitu

Zailtasunak zailtasun, Amara Jimenezek uste du gauzak aldatzen ari direla. «Orain ez gara isiltzen; ahaldundu egin gara, eta lehen salatzen ez genituenak agerian uzten ditugu orain. Bazter utziko gintuzten beldur ginen lehen, baina beldur hori galtzen ari gara». Azkoiengo eskolako haurrei so gelditu da. Zapi batekin ari dira jolasean, bi taldetan banatuta, oihal zatia nork harrapatuko. Haurrak kontent dira, eta poz horrek harro sentiarazi du Jimenez. Uztailaren 31ra arte arituko dira udako eskola ematen, eta uda pasatuta ere haur eta nerabeen arteko sarea ehuntzen segitzeko eta ijito herriaren kultura zabaltzeko urratsak egiten jarraitzeko prest dira.

«Orain ez gara isiltzen; ahaldundu egin gara, eta lehen salatzen ez genituenak agerian uzten ditugu orain»

AMARA JIMENEZ Azkoiengo osasun sustatzailea

Tuteran ere bai. Dena den, Nadia Hernandezek salatu du abendura arte baino ezin izanen dutela jarraitu haurrekin lanean. «Diru laguntzen menpe gaude, eta beti berandu jasotzen ditugu». Esplikatu du aurtengoa «hagitz berandu» jaso dutela, eta, ondorioz, uztailera arte ezin izan dutela umeak eskolan laguntzeko programa hasi. Espero du datorren urtean lehenago hasi ahal izanen dutela, haurrek eskolaz kanpoko babes hori «behar» dutelako. «Sentitu behar dute ordezkatuta daudela».

Nafarroako Gobernuak ijito herriari buruzko lehen hezkuntzako materialak aurkeztu zituen iaz. Bruno Jimenezek prestatu ditu. Casedako Francisco Javier Saenz de Oiza ikastetxe publikoko zuzendaria da hura, eta 21 jarduera bilduma atondu ditu, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan txertatzeko. Urrats hori eskertu du Hernandezek, baina gehiago behar direla erantsi.

Ker Kalik botako du txupinazoa Lizarran

Ker Kali Lizarrako ijito elkarteak botako du Lizarrako bestetako txupinazoa, abuztuaren 1ean, 12:00etan. Lizarrako alkate Marta Ruiz de Aldak (UPN) aitortza egin nahi izan dio Ker Kali elkarteak azken hogei urteotan egindako bideari, eta ospatu, aldi berean, ijito herria duela seiehun urte ailegatu zela Iberiar penintsulara. 

Pascuala Amador da Ker Kali elkarteko presidentea. 2001ean sortu zuten, eta, geroztik, Lizarrako ijito familientzako ikur bilakatu da osasunaren, hezkuntzaren eta kulturaren esparruetan, bertzeak bertze. 

Ker Kaliko kideek eskertu dute Lizarrako txupinazoa botatzeko aukera eman izana, eta Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioak ere bai.