«Zentzumenen bidezko lotura handiagoa genuen lehen gure bizitokiarekin»

«Zentzumenen bidezko lotura handiagoa genuen lehen gure bizitokiarekin»

Xoan-Xil Lopez musikologo eta soinu artista galiziarrak (Sarria, 1972) txorien kantuak eraman ditu Iruñeko Civican aretora, Organismo izeneko instalazioaren bidez. Nahikoa da norbait sentsoreen aurretik pasatzea eraikina txioz betetzeko. Artistak berak eraikitako automatek sortzen dituzte soinuok; bihar, NAK jaialdiko Mimesi organikoa izenburuko kontzertuan ariko dira, 20:00etan, Iruñeko Baluarten. Automaten orkestra bat ekarri duzu? Duela urtebete, NAK jaialdiko Yolanda Camposen deia jaso nuen; Zaragozan [Espainia] ikusi zuen Organismo izeneko automaten instalazioa, eta aurtengo jaialdian parte hartzea proposatu zidan. Automatak ekartzeko erran zidan, Garaikideak taldearen kontzertuan parte hartzeko. Azken urtean, harremanetan egon gara, elkarri behar genuen informazioa igortzen. Lau konpositorek lau pieza osatu dituzte, eta nire lana izan da pieza horiek elkarrekin lotzea, nolabaiteko elkarrizketa sortzea. Mimesia dute oinarri zure gailuek, eta konpositoreek ere mimesia hartu dute ardatz beren piezak osatzeko. Zergatik? Beti izan dut naturari behatzeko interesa, eta naturan dauden soinuak jaso eta zabaltzekoa ere bai. Automaten bidez, zehazki, txorien kantuei erreparatu diet. Instalazioan sentsoreak daude, eta norbait aurretik pasatzen denean, automatek dagokien soinua egiten dute. Kontzertuan nola moldatuko zara? Kontzertuan nik kontrolatuko ditut automatak; abiadura handituz edo mantsotuz, soinu bat edo bertze sortzeko gai izanen naiz. Bertzelako gailu batzuk ere erabiliko ditut, naturaren hainbat soinu imitatzeko. Emanaldia instalazio bat izanen da, kontzertu bat bainoago. Zaila da inguruan entzuten den guztiaz jabetzea, ezta? Hagitz zaila da. Baina niretzat garrantzitsua da entzuteko ahalegina egiteko prest egotea. Zarata bat kaltegarria izan daiteke gure osasunarentzat, baina halakoak bazter utzita, kontua da zarata bat soinu bilaka daitekeela entzuten duen pertsonaren arabera. «Inguruko soinuek gure kulturaz eta gizarteaz hitz egiten ahal digute; lotuta daude gure kulturarekin eta gizartearekin» Subjektibotasuna dago tartean? Bai, batentzat zarata dena bertze batentzat balio handiko soinu bat izan daitekeelako. Inguratzen gaituzten soinuek gure kulturaz eta gizarteaz hitz egiten ahal digute, lotuta daude gure kulturarekin eta gizartearekin. Musikaren jatorriari buruzko hipotesietako batek ideia hori gogorarazten dit. Zer dio hipotesi horrek? Musika sortu zela naturan dauden hainbat soinu imitatzen hasi zirenean. Hasieran, mimesi horren helburua praktikoa zen; adibidez, animalia batzuen soinuak imitatzen zituzten ehiza errazteko. Denborak aurrera egin ahala, mimesi hori erritual bilakatu zuten. Hori da musikaren jatorria ulertzeko hipotesietako bat, eta niri anitz gustatzen zait, erroetara eramaten gaituelako. Erro horiei behatzea gustatzen zait niri nire lanak sortzeko, baina, betiere, garaikidetasunetik. Erran daiteke gaur egungoa, hain zuzen, bereziki ikusmena erabiltzen duen gizarte bat dela? Pentsatu izan dugu ikusten dugun hori dela objektiboa dena, froga daitekeena. Ezaguna da irudi batek mila hitzek baino balio handiagoa duela dioen esaera, adibidez. Adimen artifizialaren garaian, ordea, zaila da ideia horri eustea, ezta? Hori da kontua, eta, ondorioz, irudiak objektibotzat zeuzkaten horiek beldurrak jota dira, erabat. Orain arte, ikusmenaren bidez jasotzen genuena izan da ezagutzaren eta zientziaren oinarria. Gainerako zentzumenak bigarren mailakotzat jo izan dituzte. Horrek badu zer ikustekorik testu idatziaren aurrean ahozkotasuna gutxiesteko joerarekin? Bai. Mendebaldeko kulturak idazteko gaitasuna du bere oinarrian, eta ahozkotasuna ardatz duten kulturak bazter utzi izan dira. Joera hori erabat eurozentrikoa da. Galiziako soinu mapa egiteko Escoitar proiektuan aritu zinen hamar urtez, 2016ra bitarte. Zein izan zen asmoa? Kolektibo bat osatu genuen hainbat diziplinatako pertsonen artean. Jendeari eskatu genion Galiziarekin lotzen zituen soinuak grabatzeko, soinu horien mapa osatzeko. 1.200 baino gehiago jaso genituen. Eta zer ondorio atera zenuten Galiziarekin lotutako soinu horien inguruan? Soinuei erreparatzeko ahalegina egin genuen, batez ere; dibulgazio lan bat izan zen, baina ez genuen ikerketa sakon bat egiteko aukerarik izan. Jasotako soinu gehienak hiriguneetakoak ziren. «Ahozkotasuna ardatz duten kulturak bazter utzi izan dira. Joera hori erabat eurozentrikoa da» Naturan daudenak gero eta gutxiago ezagutzen dira? Hala dela uste dut. Garai batean zentzumenen bidezko lotura handiagoa genuela gure bizitokiarekin. Adibidez, ezkilen soinua erabiltzen zen norbait hil zela iragartzeko, edo sua piztu zela abisatzeko, edo auzolanera deitzeko. Galizian, baso baten inguruko proiektu batean aritu nintzen; herritarrei eskatu nien baso horri buruz gogoan zituzten soinuak oroitzeko, eta glosario moduko batean jaso nituen, nahi duena soinu horien bila joan dadin. Otsoen uluen bila aritu zinen zu, Emilio Fonsecaren Salvaxe, salvaxe dokumentalean. Zer moduz? Esperientzia zoragarria izan da. Inguruan gelditzen zaigun basanimalia bakarrenetakoa da otsoa, eta akabatzen ari gara. Eta Iruñean zer entzun duzu? Zein da hiri honen soinua? Atentzioa eman dit kilker anitz entzuten direla hirian. Hori hagitz polita da.