Ohartarazi dute mendekotasunen arazoa «ikusezina» dela adinekoen artean

Ohartarazi dute mendekotasunen arazoa «ikusezina» dela adinekoen artean

Sarri, alkoholaren, drogen eta bestelako substantzien mendekotasuna «gazteen arazotzat» jo ohi dute askok. Baina zenbait adinekoren artean ere arazo larria da, ikusezintasun geruza batek estaltzen badu ere. Eta emakumeen kasuan, genero aurreiritziek ezarritako estigmatizazioak are gehiago zailtzen du arazoa identifikatzea eta hari soluziobidea eman ahal izatea. Hori da Nafarroan egindako ikerketa baten ondorio nagusietako bat. Nafarroako Unibertsitateak eta Antox eta Lares elkarteek ondu dute ikerketa, eta gaur aurkeztu dituzte horren emaitzak.

Adinekoak, haien senitartekoak eta haiekin lan egiten duten profesionalak hartu dituzte aintzat ikerketa egiteko. Zehazki, 129 adineko, 25 senide eta 34 profesional galdekatu dituzte. Deigarria da zer desberdinak diren aztertutako giza multzoek dituzten ikuspegiak arazoaren inguruan: adinekoei dagokienez, erdiek baino gehiagok uste dute haien artean ez dagoela mendekotasun arazorik edo oso gutxitan dagoela horrelakorik; haiekin lan egiten duten profesionalen artean, aldiz, %50ek uste dute horrelako arazoak «oso ohikoak» direla.

Arazoaren zergatiei dagokienez ere aldeak daude: adinekoek «bakardadea» eta «sostengu afektiborik eza» aipatzen dituzte mendekotasunen arrazoi nagusitzat. Profesionalek ere aldagai horiek aipatzen dituzte, baina garrantzi handiagoa ematen diete «bizitzan izandako gertaera estresagarriei».

Tabakoa, alkohola eta botikak

Alor batean, baina, bat datoz adinekoak, senitartekoak eta profesionalak: gehienek uste dute alkoholak eta tabakoak sortzen dituztela mendekotasun arazo gehien gizonezkoen artean, eta emakumeen artean, berriz, botikek.

Hori ez da emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasun bakarra. Gizonei dagokienez, askotan «ibilbide baten ondorio naturaltzat» jotzen da alkohola eta tabakoa kontsumitzea; aldiz, emakumeek horrelakoak kontsumitzeak «gaitzespen sozial eta moral handiagoa» sortzen du, genero aurreiritzien ondorioz.

Ikerketaren egileen arabera, adinekoek pairatzen dituzten mendekotasunen auzia «benetako arazo» da, baina «ikusezina» eta «isilarazia», eta kezka azaldu dute gizarteak erakusten duen «axolagabekeria handia» dela eta. Neurri batzuk proposatu dituzte: gehiago ikertzea, protokoloak hobetzea, sentsibilizazioan urratsak egitea eta baliabide gehiago erabiltzea horretan.