Umea beldur da. Ama beldur da. Orain idatziko duen istorioa bere lagun bati gertatu zaiola idatzi nahiko nuke. Lehengusina bati. Baina berari jazo zaio. Berriro. 15 urterekin gertatu zitzaion istorio berbera orain bere umeak pairatzen du. Edo agian ez, ez da ausartzen segurtasun osoz idazten; oraindik istorioaren muina zalantzan jartzen du. Azken finean, narrazioa gezurra bada, umearen interpretazioa soilik bada ez delako egia bilakatuko, ez delako umearen erasotzailea den beste 6 urteko umerik existituko. Baina idazten duen orok badaki sakonean gezurra idazten dugunean ere egiaz ari garela.
Ez entzunarena egin nahi duen arren, umeak narrazioarekin dihardu. Malkoek amaren begi-txokoa itotzen dute dagoeneko umearen ahotik hurrengoa entzun duenean: «Ama, zu etxea zara niretzat, baina badira amildegiak diren pertsonak, ezta, ama?». Ez dago zalantzarik: umeak amildegia esan du. Hitz hori erabili du aurreko ikasturtean zehar eta azkeneko bi asteotan zehar pairatu duena (pairatu? Ziur? Ez da bere asmakizunen bat izango? Baina umeak ez du inoiz holakorik asmatzen. Orain arte ez behintzat) definitzeko. Berriro zuloa. Ekidin ezinik. Oraingoan ezingo die ihesik egin. Irentsiko du. Amak badaki. Eta badaki ere gaua lo hartu nahian emango duela, baina ama baten buruan askotan geldiezina da. Menderaezina.
Amak ere badaki umea seme bakarra duela, txikitatik babestuta (oso babestuta, kontzientea da) egon dela (nola ez), umea oso sentikorra dela (dela, zara, etiketa madarikatuak) eta edozein oztopok blokeatzen duela. Frustrazioa eta emozioak ez dituela ongi kudeatzen (eta nork bai?), Edukako oharretan duela gutxi irakurri baitu. Umearen erreakzioak ezagutzen dituelako. Badaki ere umeak orain arte ez duela amesgaiztorik izan, gaurdaino ez zaizkiola sugeak gerturatu ahoa irekiz eta iratzarriz. Gaurdaino ez zaio gertatu umea oihuka entzutea, etxean geratu nahi duela esanez, eskolara joan gabe. Urduritasuna eta tripako mina lagun ditu.
Gaurdaino ez zaio gertatu umea oihuka entzutea, etxean geratu nahi duela esanez, eskolara joan gabe. Urduritasuna eta tripako mina lagun ditu
Eta bat dator semearen tutoreen hitzekin: «Mundu honetan defendatzen ikasi behar du; zure semea onegia da mundu honetarako, mundua horrelakoa da». Baina egia da inork ez duela bortizkeria terminoa erabili, nahiz eta bortizkeria edo giro bortitza egon badagoen. Jakinaren gainean gaude: bortizkeriak bere estela du eta, haginkadaz haginkada, bere burua hedatzen du, futbolean trebea ez den umearen kontestua zipriztinduz. Eta ados dago ama aurtengo tutorearekin: «Gertakizuna bakarra da, baina gertakizunaren aurrean sortzen diren interpretazioek prisma bat osatzen dute, guztiak baliagarriak». Bai noski. Nola ez. Benetan. Eta nola ahaztu ere bere DBHko 4. mailako ikasleen hitzak: «Uxue, gilipollas deitzen bazaituzte, zure burua ostiaka defendatu behar duzu. Batez ere erasoa jende aurrean gertatzen bada. Bestela, akabo».
Baina bera bezala Nafarroan irakaslea eta ama den lagun batek whatsappez idatzi dion moduan, argi dauka ere «pertsona guztiek» baditugula hobetzeko gauzak, «baina babestuak egoteko eta espazio seguru batetan egoteko eskubidea ere badugu».