Haurrak ingurura lot daitezen

Haurrak ingurura lot daitezen

Sukaldean prestatzen ari diren bazkariaren usaina, haur gutxi batzuen negarra, bertze anitzen barreak, eta aulkitxoak atarian utzi dituzten gurasoen joan-etorria. Horiek dira nagusi Agoizko Aranea haur eskolako giroan, goizeko lehen orduetan. Sakelakoen doinurik ez, ordea; batek senide baten mezu bat jaso duela edo bertze batek azken albisteen berri izan duela abisatzeko soinu bakar bat ere ez. Izan ere, eskolako arduradunek pantailarik gabeko gune bilakatu dute zentroa: gogoeta piztu nahi dute, eta gailu elektronikoen erabilerak haurrengan izan dezakeen eraginaz ohartarazi. Pantailak itzali, eta haurrak ingurura lot daitezen lortu nahi dute.

Aranean 0 eta 3 urte bitarteko hirurogei haur inguru artatzen dituzte; hamahiru langilek osatzen dute lantaldea, eta eskolan pantailentzako tokia mugatzea erabaki dute: bulegoan baino ezin dute sakelakoa erabili. Eskolako gainerako geletan, berriz, pantailarik ez. Agoizko eskolan ez dute inoiz pantailarik erabili haurrekin, edo hori uste zuten; gailu elektronikoen erabilera mugatzea erabaki eta gero, langileak ohartu baitira umeekin asmo pedagogiko batekin erabiltzen duten argazki kamera digitalak ere baduela pantaila txiki bat: hura ere beltz utzi dute, ez erabiltzeko. «Ohartu gara pantailak edonon daudela», erran du Garazi Labianok, Aranea haur eskolako zuzendariak.

Haurrentzat eredu

Agoitzen iaz hasi ziren pantailen erabilerari buruzko gogoeta egiten. Haur eskolak sarean egiten du lan herriko eta eskualdeko bertze hainbat eragilerekin, eta denen artean adostu eta landu zuten pantailen erabilera seguru eta osasungarri baten aldeko dekalogoa. «Haur eskolan, baina, beste urrats bat egin nahi izan dugu; gu ere eredu bagara umeentzat, eta arduraz jokatzea dagokigu», azaldu du Labianok.

Eskolako langileak eredu dira, eta gurasoak ere bai, noski. Gurasoei ere eragiten die haur eskolako arduradunek zehaztutako neurriak, haiek ere ezin baitute pantailarik erabili eskola barruan. Pantailen erabilera mugatzea erabaki baino lehen, egoera «kezkagarria» zela aipatu dute haur eskolako kideek, eta haurren jokabidean sumatzen zutela noren etxean erabiltzen zituzten pantailak gehien. «Horrek eraman gaitu egin dugun urratsa egitera», berretsi du Labianok.

Haur eskolako langileek hainbat arlotan nabaritu dute pantailen erabileraren arrastoa. «Joko sinbolikoak aldatzen ari dira, adibidez: haurrak ikusi ditugu autoargazkiak egiteko itxurak egiten», zehaztu du Joseba Corerak, Agoizko haur eskolako bertze zuzendariak. Ez hori bakarrik: «Haurrak geroago hasten dira hitz egiten; batzuk doinu arraro batean mintzatzen direla ohartu gara, pantailetan ikusten dituzten bideoen eraginez», erantsi du Labianok.

Gurasoak, eskertuak

Agoizko haur eskolako kideek eta bertze hainbat eragilek pantailen inguruan osatutako dekalogoak bere egin du Espainiako Pediatren Elkarteak abenduan errandakoa, eta jaso du 0 eta 6 urte bitarteko haurrek pantailarik ez luketela izan behar. Erabiliz gero, «salbuespen gisa» eta «helduren batek zainduta» erabili beharko liratekeela gehitu du. Labianok aipatu du Agoitz harrera herria dela, eta haurren jatorria askotarikoa dela. Familia batzuek urrun dituzten senideekin bideo deiak egiten dituztela azaldu du, eta kasu horietan, hain zuzen, salbuespena egin daitekeela. Ez edonola, ordea. «Guraso batzuk eskola barrura sartu izan dira bideo dei bat egiten».

«Beste urrats bat egin nahi izan dugu; gu ere eredu bagara umeentzat, eta arduraz jokatzea dagokigu»

GARAZI LABIANO Agoizko haur eskolako zuzendaria

Eskolako langileek garbi dute pantailak ezin direla bilakatu haurren kasketei aurre egiteko tresna: «Sakelakoak nolabaiteko txupete digital bihurtu dira». Egoera horrek gurasoak ere kezkatu ditu, eta Agoizko haur eskolakoek, oro har, egokitzat jo dute zentroak hartutako erabakia. Badakite eskolako lan horrek etxean ere izan behar duela segida, eta urrats hori egiteko prest dira behintzat Garazi Iribarren Zabalza, Jorge Zelai eta Laura Manzanero.

Zelaik 2 urteko ume bat du, eta etxean pantailarik ez duela erabiltzen azaldu du. «Bikotekidea irakaslea da, eta hark hasieratik garbi izan du pantailen erabilera murrizteko beharra. Haren kezkarekin bat egin dut nik gero». Iribarren Zabalzak ere «logikotzat» jo du haur eskolan gailu elektronikoen tokia mugatzea, eta etxean auzi horri buruz gogoeta egin behar dela nabarmendu du. Ñabardurak daudela erantsi du, halere, hark ordenagailua erabiltzen baitu etxetik lan egiteko. «Haurrak ikusten du».

«Arazoa ez da tresna bera, erabilera baizik», azpimarratu du Manzanerok, hain zuzen. 4 urteko eta 8 hilabeteko bi alaba ditu, eta aitortu du 4 urtekoari ordu erdiz telebista ikusten uzten diotela. «Erabateko debekuak telebista ikusteko gogo handiagoa pizten zion. Orekari eutsi behar diogu». Agoizko gurasook eskertu dute haur eskolako arduradunen lana, eta pantailen auzian sakontzen jarraitzeko asmoa berretsi dute.