«Pezetaren bat jasoz gero, bizikleta alokatzeko erabiltzen nuen umetan»

«Pezetaren bat jasoz gero, bizikleta alokatzeko erabiltzen nuen umetan»

Teresa Lazarok (Corella, 1942) «ilusio handiz» jaso du herriko Bizikletazaleak kolektiboak emandako Bizitza osoa bizikletan izeneko saria. Irailaren 12an eman zioten, Corellako kultur etxean egindako ekitaldi batean. Sariarekin batera, herritarren omenaldi xumea ere jaso zuen Lazarok. Txikitan ikasi zuen bizikletan ibiltzen, eta oraingoz ez du uzteko batere asmorik. «Hirutan erori naiz, baina behin ere ez bizikletatik», zehaztu du.

Corellako Bizikletazaleen saria jaso duzu. Kontent?

Bai, hagitz kontent. Ez nuen horrelakorik espero! Ezuste handia hartu nuen. Donostiako amaginarrebakideak deitu zidan, zoriontzeko. Eta ni harrituta gelditu nintzen. Zorionak, zergatik? Ordurako nire seme-alabek bazekiten saria emanen zidatela, baina elkarteko kideek niri errateko zain ziren.

Bizitza oso bat, beraz, bizikleta gainean?

Beti maite izan dut anitz bizikletan ibiltzea.

Txikitan ikasi zenuen?

Bai. Baina ez dut gogoan nork irakatsi zidan. Nik uste dut nire kabuz ikasi nuela. Garai hartan umeok ez genuen bizikletarik, ezta bat erosteko dirurik ere. Oroitzen naiz herrian bazela bizikletak alokatzen zituen gizon bat, eta harengana joaten ginen. Galgarik ere ez zuten bizikleta haiek!

Jolasteko alokatzen zenuten?

Bai. Izeba-osabaren batek pezetaren bat ematen bazidan, hura gorde eta bizikleta alokatzeko erabiltzen nuen umetan. Ordu baterako-edo hartzen genituen. Lagunak elkartzen ginen, eta bizikletak hartzen genituen, herrian barna paseatzeko. Gero Madrilen egon nintzen urte luzez, eta han ez nuen erabiltzen.

Hirian ibiltzeko beldurragatik?

Ez zen Corellan aritzea bezalakoa. Ezkondu eta gero joan nintzen Madrilera, eta han bizi izan ginen 35 urtez. Senarra obretako arduradun aritu zen. Seme-alabak han izan genituen, eta lan anitz egin behar! Baina Corellara itzuli bezain pronto, berriz hasi nintzen bizikleta erabiltzen.

«Bizikleta erosiko zidatela erran zidaten, harat-honat errazago mugitzeko. Ordurako 16 edo 17 urte izanen nituen»

Herrian egonda, behar zenuen?

Corellara itzuli ginenean, senarrak eta biok etxe bat egin genuen herrigunetik kanpo, eta bizikleta hagitz erosoa zen herrira etortzeko, erosketak egiteko. Denbora aurrezten nuen, eta zama garraiatzeko hagitz erosoa zen. Ahizpek erraten zidaten zorionekoa nintzela bizikleta gainean ibiltzen banekielako!

Haiek ez zuten ikasi?

Ez. Ni baino zaharragoak ziren biak; hilik dira jada. Eta beti erraten zidaten hori, pena hori zutela, haiek ez zekitelako ibiltzen.

Gogoan duzu erositako lehendabizikoa?

Bai. Gurasoekin hasieran herrigunean bizi ginen, baina gero etxe bat egin zuten, urrunago, eta bizikleta erosiko zidatela erran zidaten, harat-honat errazago mugitzeko. Ordurako 16 edo 17 urte izanen nituen, eta orduan erosi zidaten lehen bizikleta! Erosi aurretik, inguruko norbait, lehengusuren edo lagunen bat, bizikletarekin agertzen bazen, hura erabiltzeko irrikan egoten nintzen beti. Bertzeei eskatzen aritu nintzen, erosi zidaten arte.

Gero zuk zeuk erosiko zenituen, ezta?

Bai, bizpahiru izan ditut. Seme-alabek anitzetan erran didate uzteko, eroriko naizen beldur baitira. Hiru aldiz erori naiz, baina inoiz ere ez bizikletatik. Oinez joan izan naizenean izan ditut erorikoak. Halakoak gertatzen dira. Baina seme-alabak kezkatu egiten dira.

Nahiago lukete bizikleta utziko bazenu?

Bai. Ia 83 urte ditut. Kontuz ibiltzeko erraten didate. Eta ni halaxe aritzen naiz, kontu handiz.

Ez duzu bizikletatik jaitsi nahi?

Oraingoz, ez. Noizbait utzi beharko dut. Baina oraingoz ez. Senarra duela sei hilabete zendu zitzaidan. Egoitza batean zegoen, alzheimerrak jota. Eta ni etxetik bizikletaz joaten nintzen beti. Eta bizikleta gainean segitzen dut. Duela gutxi, hainbat egun egon nintzen bizikleta gabe, norbaitek izorratu zidalako.

Zer gertatu zen?

Autoren edo kamioiren batek zapaldu zuela! Baina konpontzera eraman nuen, pieza batzuk aldatu, eta prest dut berriz. Iraun dezala bizikletak bizi naizen bitartean!

«Corella herri txiki bat da, eta hemen bizikleta nahikoa da behar duzun tokira ailegatzeko. Autoa bazter utzi beharko genuke»

Corellan bada zaletasuna; Bizikletazaleak taldea ere ari da lan egiten bizikletaren erabilera sustatzeko.

Bai, lan handia egiten dute. Eta bizikletan ibiltzeko aukera ez duten zaharrentzat ere badituzte triziklo moduko batzuk. Taldeko kideek gidatzen dituzte, zaharrek paseo bat eman dezaten. Gauza handia da haientzat.

Aukera bat izan daiteke bizikleta uzten duzunerako?

Izan daiteke, bai. Baina, oraingoz, bizikletak ematen didan askatasuna maite dut. Erostera joaten naiz, eta herri ondoko baselizara, bisita egitera. Eta gustura. Txikitan bezala. Corella herri txiki bat da, eta hemen bizikleta nahikoa da behar duzun tokira ailegatzeko. Autoa bazter utzi beharko genuke, eta bizikleta gehiago erabili. Suitzan egon nintzen behin, eta han denak mugitzen ziren bizikleta gainean. Berdin egin beharko genuke hemen. Ni zoriontsu nago bizikleta gainean.