24 bertsolari, zortzi saio eta final bat Arenan

24 bertsolari, zortzi saio eta final bat Arenan

«Lasai nintzen, txapelketa aurkezteko agerraldia egin genuen arte; orduan urduritzen hasi nintzen!». Nerea Bruñorenak dira hitzak, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariarenak. Bi urtean behin antolatzen dute Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta urriaren 4an hasiko da aurtengo aldia. Bruño epaile lanetan ariko da, finalaurreko saioez geroztik. «Lehen puntuak emateko unea beti da berezia», erran du, sentitzen duela zeregin horren arduraren zama. «Baina behin hasita, azkar doa txapelketa!». Azaroaren 29an eginen dute finala: Nafarroa Arenan, estreinakoz.

[articles:2147338]

Bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, ikus-entzuleak… eta txapelketako saio guztiak antolatzeko lanetan aritzen diren hamaika boluntario. «Ekosistema baten modukoa da gurea, eta nork bere lana du haren barruan», nabarmendu du Bruñok. Oholtzara igotzea eta kantatzea dagokie bertsolariei; beren onena ematea. Txapelketa ez da edozein herritako plazan aritzea bezala, eta bertsolariak denbora luzez arirzen dira prestatzen, lehiak eragindako presioari ahalik eta ongien aurre egiteko. Aurten 24 ariko dira; bertsolari gazteak dira guztiak, eta denen artean gazteena, Kattin Madariaga arantzarra: 17 urterekin ariko da txapelketan, lehendabiziko aldiz. Julio Sotok jantzi zuen txapela 2023ko txapelketan, eta hura izanen da aurtengo faboritoetako bat. Zortzi sailkatuko dira finalerako, eta finaleko lehen zazpiak, Euskal Herriko txapelketarako.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa aurkezteko agerraldia, irailaren hasieran, Nafarroa Arenaren aurrean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Bruñok gai jartzaileek betetzen duten rola azpimarratu du. Alaitz Rekondo eta Maialen Belarra ez dira lan horretan ariko aurten, eta Iratxe Legarrak eta Patxi Buenok aurrenekoz parte hartuko dute. Nafarroa Arenako finalean Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izanen dira gai jartzaileak. «Bertsolariek bezala, gai jartzaileek ere denbora luzea ematen dute txapelketarako prestatzen», zehaztu du Bruñok. Izan ere, ahalegina egin behar dute orekari eusteko, gai batek bertsolari bati edo bertzeari mesede egin ez diezaion. «Sormen lana ere bada», gehitu du Bruñok, eta gaiek saio bat eta bertsolarien lana «erabat» baldintza dezaketela. Epaileen lanaz, berriz, neurri handi batean «ikusezina» dela esplikatu du, eta anitz trebatzea eskatzen duela. Bertsolariek bezala, gai jartzaileek eta epaileek ere beren onena emateko «konpromisoa» hartzen dutela berretsi du.

Los Arcosen, lehen aldiz

Auritzen hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, urriaren 4an; Iruritan, Mutiloan, Agoitzen, Leitzan, Tafallan eta Los Arcosen ere ariko dira bertsolariak, Iruñeko finalerako sailkatzeko bidean. Los Arcosen aurrenekoz eginen dute txapelketako saio bat. Azken urteotan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak ahalegin berezia egin du bertsolaritza herrialdeko hamaika txokotara eramateko, eta emaitza hagitz ona izan dela erran du Nerea Bruño elkarteko buruak. Euskararen aldeko mugimenduak sustatu izan ditu txapelketako saioak halakoak hain ohikoak ez diren eskualdeetan; Bruñok garbi du bertsolaritzaren eta euskararen aldeko bideak gurutzatu egiten direla anitzetan, eta Los Arcosen gisako herrietan «eskutik» egiten dutela aurrera.

«Bertsolaritza goraldian da. Bertsolariek beren onena ematen badute, txapelketa ederra izanen dugu»

NEREA BRUÑO Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Oraingoa garai ona da bertsolaritzarentzat, Bruñoren hitzetan; «goraldian» dela aipatu du, eta «koska bat gorago» egin duela urtetik urtera. Finalak Gaiarre antzokitik Anaitasuna kiroldegira mugitu ziren aspaldi, eta handik, Nafarroa Arenara mugitu dira aurten. Zortzi bertsolarik izanen dute toki bat azaroaren 29ko finalean, baina bakarrak eramanen du txapela etxera. «Bertsolariek beren onena ematen badute, txapelketa ederra izanen dugu», erran du Bruñok. Urriaren 4an hasiko da lehia. 24 bertsolarik hasiko dute bidea, baina zortzi baino ez dira iritsiko Nafarroa Arenako helmugara.

bertsolariak

Aitor Irastortza Arrizurieta
Amaia Elizagoien Varela
Beñat Astiz Isasi
Egoitz Gorosterrazu
Ekain Alegre Gil
Ekhiñe Zapiain Arlegi
Eki Mateorena Zozaia
Endika Legarra Nuin
Eneko Lazkoz Martinez
Idoia Granizo Uribarrena
Jabi Lezaun Landa
Joanes Illarregi Marzol
Josu Sanjurjo Alzuri
Julen Zelaieta Iriarte
Julio Soto Ezkurdia
Kattin Madariaga
Mikel Lasarte Cia
Patxi Castillo Graziarena
Saats Karasatorre 
Saioa Alkaiza Guallar
Sarai Robles Vitas
Urko Gartzia Aleman
Xabat Illarregi Marzol
Xabier Maia Etxeberria