Batxilergoko bigarren maila ikasten ari da Kattin Madariaga (Arantza, 2008), Beran. Institutukoak, baina, ez dira egin beharreko lan bakarrak arantzarrarentzat: Nafarroako Bertsolari Txapelketan ariko da, lehendabizikoz. Urriaren 26an kantatuko du, Los Arcosen.
17 urterekin ariko zara Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Hasteko gogoz?
Bai. Kontua da oraindik urrun samar ikusten dudala, ez naiz orain heldu den guztiaz erabat kontziente oraindik.
Jauzi handia da?
Bai. Orain ohartzen ari naiz, prestatzen hasi naizenean. Ariketak ezberdinak dira, lehiakideak ere bai. Txikitan entzuten nituen horiekin ariko naiz orain kantuan; hori barneratzen zaila da, eta horretan ari naiz. Sekulako saltoa izanen da.
Bazenuen gogo handia parte hartzeko?
Bai. Orain arte aritu naiz eskolartekoetan, eta hagitz gustura, baina banuen gogoa bertze saio mota batean parte hartzeko: bertso gehiago, luzeagoak, bertze ardura bat eta bertze giro bat. Hori egiteko gogo handia nuen, eta pozik nago.
Zeure burua probatu nahi duzu, nolabait?
Hori da. Eskolartekoetan eroso aritu naiz. Ez diet meriturik kendu nahi, baina neure burua deseroso sentiarazi nahi dut txapelketan, neure burua probatu.
Erronka handiago baten beharra zenuen urratsak egiten segitzeko, hobetzen segitzeko bertsolari gisa?
Plazan kantatzea bada erronka, baina atzean ez du txapelketak eskatzen duen prestatzeko lana edo ardura. Eskolartekoa hagitz gustukoa dudan plaza bat da; hiru aldiz jarraian aritu naiz Nafarroakoan eta Euskal Herrikoan, eta sumatzen nuen erraz ateratzen zitzaidala bertsoa esparru horretan. Ikusi nahi dut txapelketan nola moldatzen naizen.
«Inguruan izan ditut bertsotan aritzen diren emakumeak, eta hitzez ezin adieraz dezakedan modu batean zaindu naute»
17 urte dituzula ahaztu gabe?
Hori lantzen ari naiz; eskolartekoan ongi aritu naiz, eta garbi izan behar dut txapelketa bertze gauza bat dela, eta ezin diodala jarri neure buruari behar baino presio handiagoa. Ezin dut ahaztu 17 urte ditudala. Ez da deus ere pasatzen huts egiten badut, hau probatzeko aukera bat da. Hori errepikatzen diot neure buruari, baina, halere, kostatzen ari zait hori barneratzea. Orain arte dena atera zait ongi, baina txapelketa bertze kontu bat da: ezin dut pentsatu orain arte bezala aterako direla gauzak. Kontua da neure burua testuinguru horretan jartzea, probatzea.
Zorrotzegia zara zeure buruarekin?
Kontua da, berez, lehia ez zaidala anitz gustatzen, baina, aldi berean, hagitz lehiakorra naizela. Huts egiten badut, ez badut nire maila ematen, neure buruarekin zorrotzegia izan naitekeela uste dut; beldur hori dut. Nire kezka ez da ez dakit zenbat puntu lortzea, bai baitakit sekulako maila duten bertsolariekin ariko naizela. Huts eginez gero deus ere ez dela pasatzen barneratu behar dut. Ez nago ohitua, eta akaso ona da ikastea ezin zarela beti onena izan. Ikasteko eman dut izena txapelketan; parte hartu nahi dut, txapelketa zer den ulertzeko. Ikastera noa, ez dut bertze helbururik.
Bardoetan aritua zara; trebatzeko balio izan dizu?
Bai, baina Bardoek irakatsi didate, batez ere, bertsoa bizitzeko mila modu daudela. Txapelketa informala da, eta irakatsi dit bertsoari heltzen ahal diodala ahizpatasunetik.
Estitxu Arozena, Estitxu Fernandez, Maddi Ane Txoperena, Ekhiñe Zapiain eta bertze izan zenituen lagun Bardoetan, iaz. Eredu izan dira zuretzat?
Inguruan izan ditut bertsotan aritzen diren emakume anitz, eta beti zaindu naute hitzez ezin adieraz dezakedan modu batean. Emakumeok eredu dira niretzat; zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago miresten ditut. Ez bakarrik bertsolariak; Bardoetan bertze emakume anitz izan ditut inguruan, gai jartzaile eta bertze, eta denak izan dira eredu. Bertsolaritza denok gara, finean.
Maiatzean egin zenuen kanporaketako saioa. Zer moduz?
Nafarroako eta Euskal Herriko eskolarteko txapelketen artean aritu nintzen. Garai gorabeheratsua izan zen niretzat, baina saioan kontent aritu nintzen. Ez nuen espero bigarren sailkatzea! Ikastera joan nintzen, bertze asmorik gabe. Lasai ailegatu, baina egia da gero anitz urduritu nintzela, txapelketak duen dimentsioaz ohartu bainintzen. Baina ikastera joan nintzen, eta, orain ere, horixe da nire helburu bakarra.