Mediterraneoko hondarra itsatsi zait egunotan azalean; ezberdina da, argiagoa, itsaskorragoa, zeta testurako menditxo beixak. Oraingoan, baina, harea gehiegi itsatsi zait, bero naiz eta ez naiz eroso sentitzen; badaezpada, bikiniaz gain, maletatxoan bainujantzia ekarri dut.
Ez dakit bainujantzi batek bikini batek baino zenbat zentimetro ehun gehiago izanen dituen, baina, zin degizut zentimetro horiek kanpoko begiraden aurrean, eta, batez ere, norberaren aurrean, maiz babes-etxe izan daitezkeela eta norbera lasaitu dezaketela.
Egunotan gorputz ezberdin ugari ikusi ditut, zimur ugari, kolore ezberdinetako kizkur bustiak, marroi guztiak ordezka ditzaketen oreztak, erretako azal zatitxo gorri-gorriak; baina, batez ere, behin udako gorabeherak eta sargoriak amaiturik, uretara gerturatutako adinekoen gorputzak.
Gehienetan, zaila da asmatzen erakusleiho nahiz kutxatila izan daitekeen gorputzak zer bizi izan duen; askoz zailagoa, zahartzaroan.
Bizitzan hainbat lan zenbakaitz izandakoa izan daiteke gorputz hori; kontrara, erretreta eskatu ahal izan arte, lan bakarra izan eta maiz eskuetan babak zein begietan nahi gabe sarturiko klariona izandakoa izan daiteke. Indarkeria pairatutakoa; indarkeria ezker-eskuin emandakoa; indarkeria urrun izandakoa. Mendi altuetan ortzi-mugari hasperen egindakoa; erosketa-poltsak eramateagatik besaurreak erresumindurik izan dituena; auskalo zer egitea amesten zuen eta sekula egin ez duen horietakoa izan daiteke; etxekoia edo ez; familia gertu edo urrun duena; familia duena edo familiarik ez duena; gaixoa edo osasuntsua.
Auskalo.
Zaila egiten zait honako adin-tartean, besteekin ez bezala, bizitza imajinatzea; baina epe laburrenean ere, denborak joan-etorriak dituenez eta horiek zirkunstantziak bezain ugariak direnez, ziur nago begi-bistan izan ditudanek arestian aipaturiko bizipen guztiak ezagutu dituztela, hala gertutik nola urrunetik.
Ez dira bereziak. Inor ez da berezia; are gehiago, antzekoak gara, eta guztiok sentitzen dugu maiz gure nahiz ingurukoen zamak batzuetan gehiago pisatzen duela.
Horregatik, eta gorputz horien egoerak imajinaturik, ez nau harritu jakiteak zahartzaroan badagoela normalean gaztetasunarekin loturiko alkoholaren, drogen eta bestelako substantzien mendekotasuna; bai gizonengan, bai emakumeengan.
Gehienetan, zaila da asmatzen erakusleiho nahiz kutxatila izan daitekeen gorputzak zer bizi izan duen; askoz zailagoa, zahartzaroan
Hori da Nafarroako Unibertsitateak eta Antox eta Lares elkarteek egindako ikerketaren ondorio nagusietako bat. Mendekotasunei dagokienez, atentzioa eman dit adinekoekin lan egiten duten profesionalek mendekotasunarekin lotutako arazoak oso ohikoak direla esan izanak, baina askoz deigarriagoa iruditu zait adinekoen erdiek baino gehiagok uste izatea zahartzaroan mendekotasun arazorik ez dagoela edota oso gutxitan dagoela; izan ere, besteontzako adinekoak maiz ikusezinak baldin badira, imajinatu noraino heltzen den adinekoak estaltzen dituen olana, non euren artean ere maiz ez den agerikoa honako arazoa. Aipatzekoa da, gainera, biziaroan pairatzen ditugun genero aurreiritziek ere honako aferan eragiten dietela adineko emakumeei, adineko emakumeek gaitzespen sozial eta moral handiagoa pairatu behar izaten baitute.
Argi dago axolagabekeria zokoratu, bakardadeari aurre egiteko planak diseinatu, horiek abian jarri eta komunitate izaera bultzatu beharko genukeela.
Baina hori ez da aski; ikusezintasunaz mintzatzen garen bezala, ikuslekuez mintzatzen hasi beharko genuke; hutsik dauden eserlekuak egonleku bihurtu, norbera bainujantzirik erabiltzera behartuta ez sentitzeko.