Antzerki sozial eta komunitarioak badu bere tokia Iruñean: Teatrodix jaialdia eginen dute bosgarrenez, urriaren 4tik 19ra. Kulturix elkarteak antolatu du, eta, denera, hogei emanaldi baino gehiago hartuko ditu. Espainiako Kultura Ministerioak diruz lagundu du egitasmoa, aurrenekoz. Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala ere babesle dira; halere, Nafarroan gizarte gaietan lan egiten duten hainbat elkarte dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak: Paris 365, Antartika, Lantxotegi, SEI eta bertze hainbat eragile daude Teatrodix jaialdiaren oinarrian.
Iruñeko Paris 365 jantoki sozialak jarri zuen egitasmo horren lehen hazia; kulturaren esparruko eragile batzuekin bat egin zuen, artea eta antzerkia bazterketa sozialaren aurka egiteko tresna bilakatzeko. Asmo horrekin sortu zuten, 2022. urtean, Aporofobia stop antzezlana. Paris 365 jantokiko erabiltzaileak oholtzara igo ziren beren esperientzien berri ematera. «Errealitatea zein den erakusteko aukera bat da. Gutxiago garela sentiarazten digute, eta ikusezin egiten gaituzte. Neurriak hartu behar dira», erran zuten, orduan, aktore bilakatutako jantokiko erabiltzaileok.
Herrialdeko konpainiak
Mami horri eutsi dio Teatrodixek: errealitateari eta errealitate horretan bazterretan gelditzen direnei begiratzeko asmoari, alegia. Antolatzaileek nabarmendu dute, halere, aurtengo aldian «ahalegin handi bat» egin dutela jaialdia nazioarteko bihurtzeko. Hain zuzen, munduan antzerki sozial eta komunitarioaren eredu diren bi taldek parte hartuko dute: batetik, Sanjoy eta Sima Ganguly Iruñean izanen dira, Jana Sanskriti zentrokoak. Zapalduen teatroan aritzen dira, eta bi tailer eginen dituzte horri buruz, urriaren 4an eta 5ean, eta 6an eta 7an, Iruñeko Butaca 78 aretoan. Bertzetik, Madji Mouawad zuzendariaren Todos pájaros taularatuko dute jaialdian, urriaren 19an. Mario Gasek zuzenduta, Vicky Peña aktorea izanen da oholtza gainean, bertzeak bertze, Gaiarre antzokian. Mouawad Parisko Collineko antzokiko zuzendaria da, eta Todos pájaros da haren obra nagusietako bat.
Herrialdeko konpainiek ere toki nabarmen bat izanen dute Teatrodix jaialdian: Pajaros Pintados konpainia, Black Power kolektiboa, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko antzerki tailerra eta Elizabeth Montero eta Ines Boza artistak ariko dira aurtengo aldian. Monterok tailer bat zuzenduko du, urriaren 9an, Antartikaren egoitzan. Pajaros Pintados konpainiak, berriz, Olaiaren lorategia aurkeztuko du, urriaren 10ean, euskaraz eta gaztelaniaz. Nafarroako Antzerki Eskolako aretoan ariko da konpainia. Urriaren 11n, Black Power kolektiboak izen bereko lana aurkeztuko du Katakraken. Herrialdean bizi diren Afrikako eta afrikar jatorriko hainbat emakume gaztek osatzen dute taldea. Egun berean, Ines Boza ariko da Teatrodix jaialdian, eta urriaren 16an, NUPeko antzerki taldea: ¿A dónde vas, inocencia? taularatuko du. NUPeko kideen emanaldiak Azkoienera eramanen du jaialdia, han eginen baitute.
Aurtengo egitaraua osatzeko, Kulturix elkarteko kideek bertze hainbat tailer eta hitzaldi antolatu dituzte, betiere kritika soziala lehenetsiz, eta antzerki sozial eta komunitarioaren esparruan urratsak egiten jarraitzeko asmoz. Jaialdiaren sustatzaileen asmoa da, gainera, antzerki sozial eta komunitarioaren inguruko gogoetari segida ematea, eta horretarako, sormena lantzeko laborategiak eginen dituzte datozen hilabeteotan, ekainera bitarte. Laborategietan egindako lanaren emaitza jaialdiaren hurrengo aldian erakutsiko dute. Teatrodix jaialdiari buruzko argibide gehiago jaso nahi duenak Teatrodix.com helbidean du informazio osoa.
egitaraua
Urriak 4: Zapalduen teatroari buruzko tailerra. 09:30ean, Butaca 78 aretoan.
Urriak 8: Algaraklown. Saioa Aizpurua. 09:30ean, Antartikan.
Urriak 9: Mugimendu tailerra, Elizabeth Monterorekin. 09:30ean, Antartikan.
Urriak 10: Ahotsari buruzko tailerra, Antonio Reinarekin. Plazaran.
Urriak 10: Vierdingo. Esteban Garrido. 19:30ean, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Urriak 15: ¿Somos quienes creemos ser? Coto Adanezen hitzaldia. 12:00etan, Gaiarren.
Urriak 17: Free Tour. Perpetua Bastarda, 18:00etan, Antartikan.
Urriak 18: Silencio. Erein. Katakraken.