Promiskuoak, desleialak eta heldugabeak direla eta «fase batean» daudela esatea dira, besteak beste, pertsona bisexualei loturiko zenbait mito eta estereotipo. Elisa Coll (Madril, 1992) eta Daniel Valero (Jerez de la Frontera, Espainia, 1994) idazle eta ekintzaile bisexualen arabera, mito horiek deuseztatzen eta ikusgaitasuna aldarrikatzen ahalegindu ordez, bifobiaren erroari behatzeko garaia da. Harrotuk –Iruñeko Udaleko LGTBI zerbitzuak– antolatuta, Iruñeko Kondestablearen jauregian izan dira, irailaren 26an. «Kontsulta psikiatrikoetako eta psikologikoetako indarkeria desagertzea behar dugu. Horrez gain, genero indarkeriari lotutako zerbitzu espezializatuek eta LGTBI udal zerbitzuek bifobiari buruzko formakuntza izatea behar dugu», exijitu du Collek
Indarkeria matxistaren izozmendiaren metaforaren arabera, gailurrean, hau da, agerian, feminizidioak, indarkeria fisikoa eta bortxaketak daude. Behealdean edo ur azpian, berriz, gutxiago ikusten diren erasoak; adibidez, publizitate eta hizkuntza sexista eta kontrola. Collen arabera, bifobiari erreparatuz gero, izozmendia alderantziz dago: «Mitoak, estereotipoak eta horrelakoak ikusten dira, baina ez da hitz egiten sexu indarkeriaz, hilketez eta nazioarteko babesa lortzeko dauden arazoez».
Horregatik, «suminduta» dagoela nabarmendu du, eta erantsi irailaren 23an —Bisexualitatearen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Egunean— bifobiari aurre egiteko baliabide espezializatu eta publikoak behar direla aldarrikatu behar dela, batez ere: «Zergatik esaten dugu bisexualok indarkeria tasarik handienak ditugula? Ez da bi muturreko eman beharrean hiru ematen dizkigutelako. Marikoia zarela esaten dizuten bitartean jipoitzen zaituztenean eta salatzen duzunean, ez dago horri erantzun bat emateko udal baliabiderik. Kontatutakoa zalantzan jarri, eta duela bi urte neska laguna zenuela esango dizute. Hori dela eta, ziurrenik, bigarrenez biktima bilakatzeko aukera handiagoa egonen da».
Indarkeria judizialari lotutako beste adibide bat ere eman du Valerok, eta salatu indarkeria sexualari lotutako delituetan erasotutako pertsona emakumea eta bisexuala denean orientazio sexuala erasoa justifikatzeko erabiltzen dela: «’Gizon horrek bazekien bisexuala zinela? Haren aurrean emakume batekin musukatu nahi zenuen? Hipersexualizatzeko, eskuragai zaudela eta sexualagoa zarela erakusteko erabili duzu?’. Horiek dira indarkeria sexuala ez zigortzeko epaileek egiten dituzten galderak».
Elisa Coll eta Daniel Valero idazle eta ekintzaile bisexualen bifobiari buruzko hitzaldia, irailaren 26an, Iruñeko Kondestablearen jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU
Javier Vilaltaren dibortzio kasuaz ere mintzatu dira. 2020an, Vilaltaren emazte ohiak 10.000 euroko kalte ordaina eskatu zion harremana eten eta urte batzuetara, mutil batekin sexu harremanak izan zituelako. Bikotekide ohiak leporatzen dio homosexuala dela ezkutatzen ziola, eta harremana erabiltzen zuela babes soziala izateko. Epaiketan bisexuala zela azaldu zuen arren, epaileak emazte ohiari eman zion arrazoia, eta 3.000 euroko kalte ordaina pagatu behar izan du. «Salatzen du ez dela dibortzio epaiketa bat, baizik eta bere sexu orientazioa eta identitatea edo zer gustuko duen eta zer ez epaitzen ari direla», esan du Valerok. Bat egin du horrekin Collek, eta nabarmendu gehienbat famatuei loturiko kasuak direla ezagunak, baina hedabideetan agertzen ez diren beste asko daudela.
Horrekin batera, Valerok gehitu du bisexualak izateagatik ihes egiten dutenei asiloa ukatzen zaiela: «Homosexualak izan beharrean bisexualak direnez, esaten diete euren jatorrizko herrialdean disimulatu dezaketela. Beste batzuei, berriz, gezurretan ari direla esan, eta, ikuspegi binario baten barnean eta komatxo askoren artean, kontrako generoa duen bikotekidea izan dutenez, asilo politikoa eskatzeko aitzakia dela esaten diete. Pertsonen bizitzak daude jokoan, eta hala ere ez dago formakuntza judizialik».
Tokiko datuen premia
Bifobiari lotutako datu ugari biltzen ditu Collek Resistencia bisexual: Mapas para una disidencia habitable (Erresistentzia bisexuala: disidentzia bizigarri baterako mapak) liburuan (Melusina, 2021). Liburuan jasota dago, besteak beste, 2011n Amerikako Estatu Batuetan argitaratutako Bisexual Invisibility Report artikulua; haren arabera, emakume bisexualen eta lesbianen ezinegon mentala antzekoa da landa eremuan, baina hirian lesbianena «nabarmen» txikiagoa da, eta bisexualena, ia halako bi. Ikerketaren arabera, indarkeriari erantzun kolektibo bat emateko eta ahalduntzeko baliabide «gehiago» daude. Bisexualei dagokienez, berriz, baliabide faltak «areagotu» du bakartze sentsazioa.
Adibide batzuk dira, baina beste asko daude, eta Collek azpimarratu du arazoa «egiturazkoa» dela: «Gure bizipenek eta datuek erakusten dute bifobia existitzen dela». Gaineratu du tokian tokiko ikerketak falta direla: «Premiazkoa da arreta jartzea bisexualek pairatzen ditugun indarkeriak ezabatzeko egindako lanean».