«Bertze araudi bat behar dugu». Horixe nabarmendu dute Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko arkeologoek. Izan ere, 1986. urtekoa da egun indarrean dagoen araudia, eta arkeologoek gehitu dute «erabat zaharkitua» gelditu dela. Kultura Departamentuko arduradunek kezka horrekin bat egin dute, eta hasi dira ondare arkeologikoaren esparruan urratsak egiten: 1986koa ordezkatuko duen dekretu bat prestatzen ari dira, eta, araudi horrekin batera, Nafarroako Arkeologiaren Plana osatzen, lan ildo nagusiak zehazteko asmoz.
Nafarroako Gobernuaren asmoa da plana azarorako prest izatea; gero, herritarren proposamenak jasotzeko epea zabalduko da, eta behin betiko testua Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dute. Dekretua onartzeko prozesua luzeagoa izanen dela esplikatu dute Kultura Departamentuko arkeologoek, baina «lehenbailehen» izatea espero dutela. Planaren eta dekretuaren bidez, Kultura Departamentuak «irizpideak bateratu» nahi ditu, bai eta «lehentasunak ezarri» ere. Hori behar dutela berretsi dute Jesus Garcia eta Raquel Unanua arkeologoek. Nafarroako ondare arkeologikoa sailkatzea, zaintzea eta kudeatzea da haien zeregina.
Iruñeko Alde Zaharrean dute bulegoa, baina denbora anitz ematen dute herrialdeko ondare arkeologikoa gordetzeko biltegian, Iruñearen eta Cordovillaren arteko mugan. Milioika pieza daude han, eta haietako batzuk herritarrei erakusteko prestatu dituzte egunotan: bisita gidatuak eginen dituzte bihar, ondarearen Europako jardunaldien harira. Dibulgazioarena da, hain zuzen, arkeologoek sendotu nahi dituzten ildoetako bat, uste baitute herritar anitzek informazio gutxi dutela Nafarroako ondare arkeologikoari buruz.
Duela 300.000 urtekoak
Sailkatutako ia 10.000 aztarnategi arkeologiko daude Nafarroan. «Uste dut jende gutxik dakiela hori», erran du Garciak. Balioa eman dio herrialdean ondare arkeologikoa sailkatzeko egindako lanari: «Zer duzun jakin behar duzu zaindu ahal izateko». Garbi azaldu du, halere, Nafarroa ez dela inguruko bertze hainbat herrialde bezain «aberatsa»: «Garai anitzetako aztarnak baditugu, eta toki anitzetan, baina ez dira bertze hainbat tokitakoak bezain ikusgarriak». Piezarik zaharrenak duela 300.000 urte inguruko harrizko tresnak dira. Garrantzitsuenak, berriz, Nafarroako Museoan ikus daitezkeenak: Irulegiko Eskua, Loizuko gizona eta Abaunzko mapa, bertzeak bertze. «Biltegian, halere, bertze milaka bitxi daude».
AHTko obretan Tafallan agertutako pieza batzuk; Brontze Arokoak dira. NAFARROAKO GOBERNUA
Arkeologoena etenik gabeko lan bat da, «etengabe» agertzen baitira piezak lur azpian. Garciak eta Unanuak zehaztu dute gobernuko arkeologoek ez dutela landa lana egiten, haiei dagokiela aztarnategietan aritzen diren enpresen eta langile autonomoen lana kudeatzea eta ikuskatzea. «Denera, 20-30 arkeologo izanen dira Nafarroan landa lan hori egiten», erantsi du Unanuak.
Aspalditik ezagunak diren aztarnategietan ari dira arkeologo horietako batzuk; obren ondorioz lur azpitik ateratzen diren piezak ikertzen aritzen dira bertze batzuk. «Obren bidez lur azpian dagoen hori ezagutzeko aukera dugu, baina, tamalez, ez dugu izaten aurkitutako hori lasaitasunez ikertzeko denbora», azpimarratu du Garciak.
Indarrean dagoen dekretua 1986koa izateak ere ez du laguntzen lan hori baldintzarik onenetan garatzen. «Gaizki egiten diren gauza anitz zigorrik gabe gelditzen dira dekretua erabat zaharkitua dagoelako, eta hamaika direlako jasotzen ez dituen kontuak», berretsi dute Garciak eta Unanuak. Laster onartuko duten dekretuaren bidez, hain zuzen, arkeologoek ondarea babesteko eta kudeatzeko behar duten «egitura» lortu nahi dute.
«Oreka» lortzeko beharra ere nabarmendu dute: «Eskualde jakin batzuetan bertze batzuetan baino lan handiagoa egin dugu», erran du Garciak. Azaldu du, adibidez, aspalditik aritu direla Nafarroako hegoaldeko erromatarren garaiko aztarnategietan, baina Pirinioen inguruko eskualdeetan, berriz, «indusketa gutxi» egin dituztela. Garciak gaineratu du gauza bera gertatzen dela aztertutako garaiekin: «Erromatarren garaiko edo Erdi Aroko aztarnategietan lan handia egin dugu; ez, ordea, paleolitikoaren garaikoetan». Garbi du, adibidez, Urdazubiko kobazuloetan «zer bilatu eta zer egin» badela.
Erdi Aroko ate bat Iruñeko katedralean
Erdi Aroko ate bat aurkitu dute Iruñeko katedralaren ondoan, Alde Zaharrean. Iruñeko Udalak eskatuta egin dituzte indusketa lanak, irailaren 15etik 23ra; Kalonjeen Atea zeritzonaren bila aritu dira, han egon zitekeela bai baitzekiten. Nabarreriako Erdi Aroko harresietako ate bat zen. Udalak Vianako Printzea erakundearen baimena jaso du indusketa egiteko; Vianako Printzeak, hain zuzen, berriz tapatzeko baldintzarekin eman zion baimena. Udalak hori eginen du, herritarren segurtasunagatik, bai eta ondarea babesteko asmoz ere.