Astebete falta da Nafarroako Parlamentuan Cerdan auziko ikerketa batzordeko lehen agerraldia hasteko eta ia ziurrenik azken lau legealdietako lehendakariak bertatik pasatuko dira. PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak erregistratu dute batzordearen amaieran Yolanda Barcina (2011-2015), Uxue Barkos (2015-2019) eta Maria Txibite (2019tik hona) bertara joango direla. Hala eskaini bazaio ere, Geroa Baik ez du sinatu proposamena, baina ontzat jo du: «Ez diogu uko egiten ikerketaren garai osoko lehendakariak bertaratzeari. Zorroztasunez eta une egokian eta ez izenburu kolpeka», azaldu du Pablo Azkona Geroa Baiko eledunak.
Berez, datorren asteko bileran aztertuko dute eskaera hori. Eskuineko oposizioa behin eta berriz eskatzen ari da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria batzordetik pasa dadin. Gaur bertan, ikerketa batzordearen bileran, Txibite soilik joateko PPren eskaera atzera bota dute PSNk, EH BIlduk eta Zurekin Nafarroak —Geroa Bai abstenitu da—. Horrez gain, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria bertaratzeko UPNren eskaera ere atzera bota dute lau indarrek gaur. EH Bilduk, berriz, CPEN Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko hiru goi kargu bertaratzeko eskatu du eta proposamen hori bai onartu da. Hala, orotara, 44 pertsona daude oraingoz deituta Cerdan auziko ikerketa batzordean.
Eskaera aurrera ateratzen bada, batzorde amaieran pasako lirateke Txibite, Barkos eta Barcina, bakoitzaren garaiko adjudikazioez hitz egitera. Hiru lehendakariek adjudikazio politikorik egin ez dutenez, «balorazio politikoa» eskatuko zaie, azpimarratu dute hiru talde sinatzaileek. Barcinaren agintaldian abiatu zuen Geolcalik Muga meatokiaren proiektua eta lehen pauso haiez galdetuko zaio, baita Accionak Nafarroako Ubidaren lehen fasea zabaltzeko obretan izan zuen partaidetzaz. Barkosen garaian, berriz, Servinabar eta Accionari esleitu zitzaizkion hainbat herri lan —Nafarroa Arenaren bulegoak, Artxibategiaren zaharberritzea edo Nasuvinsaren babes ofizialeko etxeak—. Alta, inbertsiorik polemikoena, Belatekoa, Txibiteren garaikoa da.
Eskuinaren estrategia
Araizek azaldu du eskuinaren estrategiarekin amaitu nahi izan dutela hiru lehendakariak bertaratzeko eskatuta. «Astero ari dira eskaera hori egiten, zirkulu berean biraka, eta ematen du garrantzitsuena dela Txibite etorriko ote den eta ez argitzea zer gertatu den. Guk esan genuen ez genuela baztertzen Txibite etortzea eta hori amaieran egin zitekeela». Araizen arabera, behin informazio guztia eta agerraldi guztiak entzunda, hiru lehendakariek, Txibitek barne, euren agintaldietako balorazio politikoa egiteko aukera izango dute horrela.
UPNk ez du gustuko izan hori. «Lehendakari guztiak edo bakar bat ere ez, hori nahi dute eta gu ez gara joko horretan sartuko». Javier Esparzaren arabera, Maria Txibiteren gobernuaren gain dago ustelkeriaren susmoa, baina hodei hori beste agintaldietara hedatu nahi dutela iritzi dio. «Bilduk dio eskuinaren estrategiarekin apurtu nahi dutela, baina ez al geunden hemen ikertzeko?».
Arreta deitu du Geroa Baik hiru lehendakarien agerraldi eskaera ez sinatu izana. Bilera hasi baino minutu batzuk lehenago jaso dutela eta aztertu egin behar dutela azaldu du Pablo Azkonak. «Proposamena aztertuko dugu eta jakinda goiz edo beranduago igaroko direla, gu ez gara kontra jarriko. Une egokia noiz den ikusi beharko dugu», zehaztu du.
PPko Javier Garciaren arabera, Geroa Bai desmarkatu izana «gobernuko bazkideen arteko eztabaidaren isla da». «Txibiteren erantzukizun politikoaren argazkia lausotu nahi dute», kritikatu du. Aldiz, Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren arabera, batzordea «gardentasunez» ari da. «Batzuk batzordea instrumentalizatu nahian dute eta guk erakutsi dugu gobernu gardena dela».
Arastiren agerraldia
Eskuineko oposizioa kritiko azaldu da Jose Luis Arasti bertaratzearen aurka bozkatu dutelako. Gobernuaren barruko mezu elektroniko batzuetan aipatzen da Belateko tunelen kontratazio mahaiko desadostasunen berri bazuela Arastik, eta horregatik haren agerraldia eskatuko dute. PSNko Javier Lekunberriren arabera, hobe da lehenik posta elektroniko horiek idatzi dituztenei entzutea eta gero erabakitzea beharrezkoa ote den joatea edo ez. «Gaur-gaurkoz, ez dago nahikoa edukirik. Horrek ez du esan nahi aurrerago bere agerraldia inportantea izango ez denik».