Aurretik ere Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria «oso kezkatuta» azaldu da Espainiako Gobernuaren inbertsio asmoekin, eta ideia hori baieztatu du gaur Nafarroako Parlamentuan. Egungo industria proiektuen argindar beharrak bermatuta egongo direla nabarmendu arren, gogor kritikatu du Nafarroaren moduko industria lurralde batek Madrilen ate joka ibili behar izatea, «megawatt eskean».
Gaur bertan argitaratu du Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Ministerioak argindar banaketa sareari begirako inbertsio planaren zirriborroa, eta hari alegazioak aurkeztu dizkiotela baieztatu du Irujok parlamentuan, Zurekin Nafarroako Miguel Garridok egindako galderari erantzunez. Argindar banaketa eta garraio sarea indartzeko 13.590 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du planak, baina Irujoren arabera, Nafarroan soilik 160 milioi euro inbertituko dira. «Ez da inondik ere nahikoa», gaitzetsi du.
«Argi eta garbi utzi nahi dugu Nafarroak bere industriarentzat ahalmen elektrikoa duela», azpimarratu du. Bere esanetan, sektorearen deskarbonizazioari begira, «ez dago industria proiektu bakar bat ere arriskuan». Hala, ministerioaren planifikazio horrek bermatu egingo du Nafarroa osoan goi tentsioko lineek «nahikoa argindar» garraitzea, eta hor barruan sartuko dira «etorkizuneko proiektu intentsiboak». Nafarroan energia berriztagarri bidez orotara hiru gigawatt argindar sortzeko proiektuak daude abian, eta Irujoren arabera, proiektatutako inbertsioek argindar hori guztia garraiatzea ahalbidetuko dute. «Horrek esan nahi du argindarra garraiatzeko gai izango garela, baita esportatzeko ere».
Abenduaren 16ra arte
Dena den, kontseilariaren hitzetan, ministerioak ez ditu aintzat hartu Nafarroako Gobernuaren hainbat eskakizun. Hala nola, La Sernatik datorren linea zabaltzeko eskatu zioten, enpresa proiektuak garatu ahal izateko; edo Orkoiengo azpiestazioa handitzea galdegin zioten. «Ez dute aintzat hartu». Gainera, ministerioaren planak industria proiektuak lehenetsiko baditu ere, datu zentroentzat 12 gigawatteko potentzia ahalbidetu du. «Bakar bat ere ez da aurreikusi Nafarroarako». Hainbat egitasmo daude abian egun, batik bat Erriberan.
Irujoren arabera, planifikazioa «alde bakarrekoa» da. Erkidegoek abenduaren 16ra arteko epea dute alegazioak aurkezteko eta Nafarroak bereak prestatzen ibili da azken asteetan. Dena den, eredua bera gaitzetsi du. «Gu industria lurraldea gara eta ezin gara ibili alde bakarreko prozedura baten menpe. Ezin liteke Madrilen erreguka ibili behar izatea».
Hego Euskal Herriko argindar banaketaren sarea lepo dago —Nafarroan bere ahalmenaren %94 inguruan dago, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estuago, %99an—. Horregatik aspaldi ari zen kexuka Jaurlaritza, eta 6.000 megawatt handitzeko eskaera egin zuen Eusko Jauarlaritzak, elektrizitate gehiago nahi eta jaso ezinik dabiltzan 117 industrien eskaera betetzeko. 4.800 megawatt eskuratu ditu: besteak beste, 2030erako beste lau azpiestazio eraikiko dituzte, eta beste bitan handituko dute gaitasuna.