Nafarroako Kontuen Ganberak ondorioztatu du Acciona eta Servinabarren aldeko lau adjudikazio legezkoak direla

Nafarroako Kontuen Ganberak ondorioztatu du Acciona eta Servinabarren aldeko lau adjudikazio legezkoak direla

Nafarroako Kontuen Ganberak Acciona eta Servinabar enpresa elkarteei esleitutako bost herri lanen kontratuak aztertu ditu, parlamentuak ekainean eskatuta. Txostenean ondorioztatu du lau adjudikazio prozesu «legearen arabera» egin zirela; Eguesibarko Erripagañan babes ofizialeko 62 etxebizitza egiteko prozeduran, berriz, «bi akats» atzeman ditu. Horrez gain, legezkotasunari eragiten ez badio ere, enpresa elkartean Servinabarrek zuen partaidetzari buruzko informazioan gardentasunik ez dela egon nabarmendu du Kontu Ganberak.

Ekainaren hasieran, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren lehen txostenak lurrikara politikoa eragin zuen Nafarroan, eta, haren ondotik, Nafarroako Parlamentuak ikertutako bi enpresei —Acciona eta Servinabar— esleitutako bost kontratu aztertzeko agindu zion Kontuen Ganberari: Nafarroako Artxibategiko zaharberritze lanak, Nafarroa Arena pabiloiko bulegoak, Arbizuko eskola publikoko lanak, Eguesibarko Erripagañan 62 etxebizitza egiteko lanak eta Iruñeko Erripagañan 46 etxe egitekoak. Arbizuko eskolako lanetan, Accionarekin elkartutako enpresa Alegure izenekoa izan zen —hura ere Antxon Alonso enpresaburuarena—. 

Azterketa horretatik kanpo geratu da Belateko tunelak zabaltzeko herri lana. Izan ere, aurretik, 2023ko kontu orokorren txostenaren barruan aztertu zuen obra publiko hori eta akatsak eta irregulartasunak egon zirela ondorioztatu zuen. Zehazki, eskaintzak baloratzeko irizpideak ez zirela behar bezala garatu esan zuen, eta kontratazio mahaiko kideen balorazio teknikoa neurtzeko prozedura egoki baten beharra azpimarratu zuen. «Akats horiek konponduko lirateke lizitazio baldintza egoki batekin, irizpide on batzuekin, bozkatzeko prozedura on batekin… Baina gure zerbitzu juridikoek sakon aztertu zuten kontratua eta ez zuten atzeman kontabilitate arloko edo beste mota bateko ardurarik. Hori bai, eman beharko ez liratekeen irregulartasunak agerian jarri genituen», esan zuen Ignacio Cabeza de Salvador ganberako presidenteak, 2024ko abenduan.

Eguesibarren, bi akats

Oraingo txostenak Eguesibarko Erripagañan 62 etxebizitza egiteko prozeduran atzeman ditu ageriko bi akats. Batetik, kontratazio mahaia eratu izanaren aktarik ez dago; bestetik, lizitatzaileak ez zuen obraren epeari buruzko eperik jakinarazi —eta hori bere eskaintza baztertzeko modukoa zen—. Lehen kasuan, Kontuen Ganberak ez du aktarik jaso: «Soilik ditugu elkar trukatutako balorazio teknikoari buruzko agiri batzuk, datarik eta sinadurarik gabe». Gainera, kontratuaren zenbatekoagatik, Kontratazio Publikoko Batzordeko ordezkari bat eta haren ordezko bat izendatu behar ziren, eta ez zuten egin. 

Bigarrenik, 2018ko irailean argitaratu ziren baldintzak. Gutun azal batean obraren planifikazioa eta epeak zehaztu behar ziren eta bigarrenean ezaugarri teknikoak —tartean aipatzen zen obra lehenago bukatuta, puntuazio hobea jasoko zela—. Urriaren 10era bitarteko epea eman zuen Nasuvinsak, baina epemuga iritsi zenean, jabetu zen ez zela bateragarri bi gutun azalek epeei buruzko erreferentzia egitea. Horregatik lehen gutun azalean eperik ez jartzeko agindu zuen, eta beste bost egun eman zituen eskaintzak egiteko. Kontuen Ganberak uste du irizpide aldaketa horrek lizitazioa berriz egitera behartzen zuela. Gainera, Acciona eta Servinabarrek epeari buruzko datua ez zegokion gutun azalean jarri zuten. «Eskaintza baztertzeko modukoa zen, eta ez dago horren inguruko azalpen teknikorik». 

Gainerako lau herri lanetan «lizitatzeko, esleitzeko eta gauzatzeko prozedura kontratazioa publikoari buruzko legediaren araberakoa» dela ondorioztatu du Kontuen Ganberak. Nafarroa Arenako bulegoen lizitazioa 2017ko abuztu eta irail artean egin zen eta Acciona eta Servinabarren arteko elkartea izan zen aurkeztu zen bakarra. Eskaintza baino 200.000 euro garestiago atera zen obra eta arrazoizkotzat jo dute azalpen teknikoa. Atzerapenagatik 78.000 euroko kalte-ordaina ordaindu zuten enpresek.

Artxibategia zaharberritzeko obra 2,9 milioi euro kostatu zen, egindako eskaintza baino 500.000 euro garestiago. Emandako arrazoi teknikoak «zentzuzkotzat» jo ditu Kontuen Ganberak. Arbizuko eskolaren kasuan, 3,3 milioi euroko kostu izan zuten eraikuntza lanek, eskainitakoa baino 100.000 euro gehiago. Tartean, atzeratzeko eta gainkostuak ordaintzeko eskaera egin zuen enpresa elkarteak eta Hezkuntza Departamentuak onartu zion.

Iruñeko Erripagañako esleipena ontzat jo du Ganberak, baina argitu gabeko bi kontu azpimarratu ditu. Pleguetan zehazten zen langile batzuk irizpide sozialen arabera kontratatu behar zirela, eta enpresek hala egin ote duten egiaztatu gabe dago. Gainera, obrak atzeratu egin ziren eta Nasuvinsa oraindik aztertzen ari da horren arrazoiak. Horregatik, enpresek zigorra jaso dezakete.

Partaidetzan, gardentasunik ez

Txostenak elkarte barruko partaidetzen inguruko mugimenduak atzeman ditu. Kasurako, Arbizuko eskolaren eskaintza egiterakoan, elkartean Accionak %80ko eta Alegurek %20ko partaidetza zutela esan zuten; Eguesibarko Erripagañako 62 etxeen kasuan, antzera, Accionak %80koa eta Servinabarrek %20koa. Alta, bi kasuetan, beranduago enpresek partaidetza aldatu zuten —Accionak %99,99 eta besteek %0,01ekoa—. 2018tik 2024ra arteko epean, sozietate zerga ordaintzerakoan, Servinabarrek enpresa elkarte horietan zuen partaidetza behar bezala islatu zuen. Alta, Merkataritza Erregistroan aurkeztutako kontuetan ez du hori jaso eta «ez dago lan horien gastu eta diru-sarreren arrastorik». Ganberaren arabera, «ezin dute neurtu horrek Servinabarren kontabilitatean duen eragina». 

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak jasoko du azterketa, aurretik egindako beste batzuekin batera. Kasurako, Nafarroako Ustelkeriaren aurkako Bulegoak ere aztertu ditu herri lan horiek eta haren ondorioak diferenteak dira. Ganberaren moduan, Eguesibarko Erripagañako obran ere irregulartasunak detektatu ditu eta Nafarroa Arenako lana ontzat jo du ere. Alta, Arbizuko eskolan zein Iruñeko Erripagañaren lanean irregulartasunak atzeman ditu, eta Belateko tunelen kontratu publikoa baliogabetzat jo du.