Nafarroako haur, lehen eta bigarren hezkuntzako zazpiehunetik gora irakaslek, Irakasleok Palestinarekin izeneko plataforman bilduta, grebarako deia egin dute asteazken honetarako. Palestinako genozidioa salatzeaz gain, erakunde orori «pauso praktiko eta irmoak» eskatuko dizkiete sarraskia gelditzeko. Ontzat jo dute hezkuntzako sindikatuek erregistratutako 24 orduko greba, argi duten arren horrek ez duela, bere horretan, arazoa konponduko: «Ez da nahikoa. Greba hau urrats bat besterik ez da».
Askotariko eredu eta ikastetxeetako hezitzaileak biltzen ditu Irakasleok Palestinarekin plataformak, eta agerraldia egin dute gaur arratsaldean, Iruñeko San Frantzisko ikastetxe publikoaren atarian: «Eredu guztietan eta ikastetxe publiko zein itunduetan lan egiten dugu». Agerraldian, lanuzterako deia egiteaz gain, manifestu bat ere aurkeztu dute, bertan jaso baitituzte taldearen aldarrikapen eta eskaera guztiak. «Gure abiapuntua hau da: hezkuntza ezin da genozidio baten aurrean neutrala izan; eta ideia hori oso argi utzi nahi diegu Nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Departamentuari eta ikuskari zein zuzendari guztiei».
Are: sinetsita daude irakasle izateak ardura handiagoa dakarrela berekin, genozidioaren kontra lerratzeko. «Haur eta gazteak hezten ditugu, eta gure ardura etikoa da genozidio kolonial hau argi eta garbi agerian uztea, salatzea eta gure ahalegin guztiak egitea hari amaiera emateko».
Iruñean bildutako irakasleek gogorarazi dute Israelek etengabe urratzen dituela haur eta nerabe palestinarren eskubideak: «Gobernuz kanpoko hainbat erakundek egindako txostenen arabera, munduan azken bi hamarkadetan gertatu diren gatazka guztietan baino haur eta emakume gehiago hil ditu Israelek urtebetean, 2023ko urritik 2024ko urrira bitartean». Horrez gain, nabarmendu dute Israelek haur eskola, ikastetxe eta unibertsitate ia guztiak suntsitu dituela Gazan: «Bi urte dira haur eta nerabe palestinarrek eskolara joaterik ez dutela».
Azken hilabeteetan mundu osoan Palestinaren alde antolatu diren mobilizazioak «urrats esanguratsuak» izan dira Nafarroako Irakasleak Palestinarekin plataformaren ustez, eta multzo horretan kokatu dute asteazken honetan egitekoa den greba. Hala ere, «borrokatzen eta presionatzen segitzeko» deia egin dute.
Instituzioei deia
Donald Trump AEBetako presidentearen Gazarako plana ere hizpide izan dute irakasleek. «Herri palestinarrak hartutako erabakiak errespetatzen eta babesten ditugu, ezin bestela izan, eta, era berean, badakigu su eten hau Palestina askatzeko beharrezko urrats bat baino ez dela». Hortaz, aurreratu dute mobilizazioei eutsiko dietela Israelek Palestinako lurren okupazio eta kolonizazio prozesuan tinko segitzen duen bitartean: «Besteak beste, gure gobernuei eskatuko diegu Israelekin duen harreman oro eteteko, kolonialismoa, apartheida eta okupazioa amaitze aldera».
Helburu horien betetzeko, bost eskakizun jaso dituzte manifestuan: bat, Israelek Gazan ezarritako blokeoa bukatzea eta pasabide humanitario bat zabaltzea; bi, Israel derrigortzea Palestinako haur eta nerabeen hezkuntza eskubideak bermatzera; hiru, palestinar errefuxiatuek beren herrialdera itzultzeko duten eskubidean eta autodeterminazio eskubidean oinarritutako bake prozesu bat sustatzea; lau, Palestinarekin elkartasunean antolatutako protesten kriminalizazioa etetea; eta bost, erakunde guztiek Israelekin dituzten harreman instituzional, ekonomiko, militar, akademiko eta kirolaren esparrukoak etetea.
Bukatzeko, azpimarratu dute plataformaren xedea dela ikasturtearen «normaltasuna urratzea». «Ezin dugu kalitatezko hezkuntzaz hitz egin eta, genozidio honen aurrean, ikasturtea normal hasi. Palestinako herriak behar gaitu. Mundua gelditu beharra dugu, eta, horretarako, greba orokorra ezinbestekoa da».