Zirimola politikoaren erdigunean dago Jesus Polo, Belateko tunelen kontratazio mahaiko presidentea. Bera izan da Cerdan auziko ikerketa batzordetik igaro den lehen pertsona, eta, hasteko, tentsio handia sortu da bere eta UPNko Javier Esparzaren artean. Esparzak iradoki du kontratazio mahaiko gainerako kideen botoak ezagutu ostean Poloren botoa «erabakigarria» izan zela 76 milioi euroko kontratua Acciona, Oses eta Servinabarren alde adjudikatzeko. Haatik, Polok bere «ohorea auzitan jartzea» aurpegiratu dio UPNri. «Zuk zure kontakizuna duzu eta jende askok erosi egin dizu hori, baina gauzak ez dira horrela izan», nabarmendu du agerraldian.
Ikerketa batzordearen helburua da Cerdan auzian ikertzen ari diren bi enpresei adjudikatutako herri lanak aztertzea eta lehen agerraldietan Belateko tunelen obran jarriko dute arreta. Hasi aurretik, Polok adierazpen bat irakurri du. «Hainbat politikarik, komunikabidek eta erakundek nire ohorearen aurka jo dute, legez kanpoko komisioak kobratu izana leporatuz eta haietako bat bera ere ez niregana etorri».
«Hainbat politikarik, komunikabidek eta erakundek nire ohorearen aurka jo dute, legez kanpoko komisioak kobratu izana leporatuz eta haietako bat bera ere ez niregana etorri»
JESUS POLO Belateko tunelen kontratazio mahaiko kidea
Javier Esparzari erantzunez, baina, argi utzi du ez duela inongo erlaziorik Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohiarekin edo Antxon Alonso enpresaburuarekin. Lizitazioetan inoiz eraikuntza enpresaren baten edo goi kargu politiko baten eraginik izan al duen galdetuta, irmo ukatu du: «Sekula ere ez». Agindu bakarra jaso zuen Lurralde Kohesioko departamentuko kabinetetik. 2004tik tunel horietan ezer egin ez zenez, Europako Batzordeak Nafarroa gogor zigor zezakeen «segurtasun faltagatik» eta goi karguek zigor ardurak izan zitzaketen istripurik izanez gero. «Oso argi nuen obra horrek presa zuela».
45 lizitazio
Polo ingeniari doktore da AEBetako unibertsitate batean, eta kolore desberdinetako gobernuekin egin du lan teknikari gisa azken lau legealdietan —1988an urtebetez egin zuen lan foru administrazioan, baina ondorengo hamarkadatan arlo pribatuan aritu zen, Nafarroatik kanpo—. 2019tik Nafarroako Gobernuko Azpiegitura Berrien zuzendari izendatu zuten, eta 45 herri lanen lizitazioetan parte hartu du, 35 ingurutan kontratazio mahaiko presidente gisa.
Agerraldian agerian geratu da, baina, tentsio pertsonalak egon zirela Belateko tunelen kontratazio mahaiko zortzi kideen artean: horietako bost balorazio teknikoan adituak (ingeniariak) eta gainerako hiruak arlo juridikoan adituak. Desadostasunak azpiegituraren atal teknikoaren eta juridikoaren artean sortu ziren, «hasieratik». Lizitazioan, zazpi eskaintza jaso zituzten eta guztiek administrazioak ezarritako gutxieneko preziotik gertuko eskaintza ekonomikoak egin zituztenez, argi zegoen prozeduran tunelen inguruko eskaintza teknikoa izango zela erabakigarria.
Hala, Esparzaren irakurketaren arabera, gainerako ingenierien batez besteko balorazioan Mariezkurrena eraikuntza enpresa ateratzen zen irabazle «ehuneko txiki bategatik», eta Polok egindako balorazioak aldatu zuen balantza Acciona eta Servinabarren alde. «Zuk bazenekien balorazio teknikoa erabakigarria zela eta nahita Mariezkurrenaren jaitsi egin zenuen» esan du UPNkoak, eta gaineratu du idazkari judizialak eskaintzak aldez aurretik jakitea leporatu ziola.
«Hori ez da egia», irmo ukatu dio Polok. Bere esanetan, berak ez zuen besteen balorazioen berri eta bi ingeniarik berea egin ondotik egin zuten berea. Alegia, Polo hirugarrena izan zen. «Orain arte ez genekien hori. Erabakigarria da idazkariaren irakurketa hankaz gora uzten duelako», onartu dio Araizek. Polok nabarmendu du erabakiak guztien artean hartu dituztela. «Araudiaren eta pleguaren arabera, mahaiko kide guztiok elkarrekin egiten dugu proposamena. Hortaz, ez dute batek edo lauk erabaki, bostek baizik eta gutako bakoitzaren balorazioa kalkulu orri batean jarrita atera genuen». Bere kasuan, injeniari bakoitzak bere ezagutza propioa du, bakoitzak alor batzuei garrantzia handiago ematen die eta beste batzuri txikiagoa. «Behin eta berriz esan nien juridikoiei, balorazioa ez dela matematikoa, kualitatiboa baizik». Zehaztu duenez, bere kasuan balorazio onena Obenasak lortu zuen, eta Acciona-Servinabar-Oses elkarteak, «bigarren hoberena».
«Belate arte harreman ona nuen mahaiko idazkariarekin, baina orduan nire aurka joan zen».
JESUS POLO Belateko tunelen kontratazio mahaiko presidentea
2023ko maiatza zen balorazio teknikoa egin zenean baina arlo juridikoko beste hiru kidek, idazkariak gidaturik, ez zegoela behar bezala azalduta zioten. Lau txosten idatzi zituzten ekainetik abuztura bitartean. «Eta zortzi txosten idatzi izan bagenitu ere ez zuten ulertuko». Polo gogor mintzatu da Lorenzo Serena mahaiko idazkariaren arabera. «Belate arte harreman ona genuen, baina nire aurka joan zen». Bere esanetan, Serenak ez zuen ulertu ekaintza teknikoan tuneletako injeniaritza obra guztiaz gain, inguruneko instalazioak ere aintzat hartu behar zirela —balorazioaren heren bat har dezake—: «Soilik tuneletara mugatzen zen. Arlo teknikoan erabat oker daude. Ez da motibazio falta, ezagutza falta baizik».
Alta, desadostasun hori susmoaren zantzua zabaltzeko baliatu du Esparzak. Izan ere, idazkariak proposatu zuen «irtenbide gisa» Poloren ordezko bat izendatzea eta hark egitea bere balorazioa. Legelarien irizpidea aintzat ez hartzea eta «harrigarriki temati» berearekin ateratzea egotzi dio Polori. Hark ukatu egin du, berriz. «Ez nuen onartu, nire lana auzitan jartzen ari zirelako eta gauzak gaizki egin nituela onartuko nuelako, eta ez da horrela».
Tentsioak handitzen joan ziren eta irail hasieran kontratazio mahaiaren ebazpena ontzat jo bazen ere, 2023ko urrian beste bat egin zen eta beste hartan azaleratu ziren hiru boto partikularrak. «Lehen aldia zen hori gertatzen zitzaidala. Kanpora begira eragina zuenez, astakeria horiek ez jartzeko eskatu nien», azaldu du. «Boto partikular hori ez zuten garaiz atera eta gainera zioten gauzak ez zirela zuzen egin. Jakina, horrek gogaitzen ninduen. Ez zen egia eta zuten eztabaidatzen utzi», gaineratu du. Zergatik ez zuen salatu galdetu diote: «Aurrera jo behar zelako, baina salaketa jarri behar nuen, bai», onartu du.
Bihar, hain zuzen ere, Lorenzo Serena izango da ikerketa batzordean.
Jesus Polo, gaur. JESUS DIGES / EFE
hIRU LEHENDAKARIAK, BATZORDEAN
Aurreko astean PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak proposatu bezala, ikerketa batzordetik igaroko dira azken hiru lehendakariak: Maria Txibite, Uxue Barkos eta Yolanda Barcina, alegia. Hiru proposamenak aurrera atera dira, baina bozketan emaitza desberdinak izan dituzte. Txibite eta Barkosen agerraldi eskaerak aho batez onartu dira. Aldiz, Barcinaren agerraldiaren aurka bozkatu dute UPNk, PPk eta Voxek. Ez dago argi noiz pasako diren batzordetik, baina aurreko astean adierazi zen batzordearen amaieran izango zela.