Bost urteko espetxealdia ezarri diote gizon bati, Iruñean emakume bat bortxatzeagatik

Bost urteko espetxealdia ezarri diote gizon bati, Iruñean emakume bat bortxatzeagatik

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bost urteko espetxe zigorra ezarri dio 29 urteko gizonezko bati, emakume bat bortxatzeagatik. Akusatuak ezagun zituen bai biktima bai haren senarra. 2022ko abenduaren 17an, dantzaleku batean izan ziren hirurak festa giroan, eta horren ostean, gizonak bere etxera gonbidatu zuen bikotea. Alkoholaren ondorioz, konorterik gabe zeuden biak, hala andrea nola bere senarra, eta egoera hori baliatu zuen erasotzaileak, emakumea bortxatzeko.

Auzia ikertu eta gertatutakoa frogatutzat jota, Nafarroako Probintzia Auzitegiak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion akusatuari. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du akusatua erruduna dela, baina bi urtean murriztu du zigorra: zazpi urte beharrean, bost ezarri dizkio. Magistratuen arabera, Probintzia Auzitegiak zigor kodea «oker interpretatu» zuen, 2022ko abenduan indarrean baitzen 10/2022 Lege Organikoa, eta hortaz, hori aplikatu beharra zuen.

Alta, lege berria aintzat hartuta ere, aplikagarria zen zazpi urteko espetxe zigorra. Zehazki, aurreko legearen arabera, sei eta hamabi urte arteko zigorra ezartzen ahal zitzaion sexu erasoagatik kondenatutako norbaiti; egungo legea eskuetan, berriz, aplikazio eremua zabalagoa da: lau eta hamabi urte bitartekoa.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bost urteko kartzelaldia ezarri dio akusatuari, ontzat jo baitu intoxikazio etilikoaren aringarria —aurretik, aringarri hori aintzat hartu zuen Probintzia Auzitegiak ere—. Hala ere, epaian nabarmendu dute akusatuaren jokabidea «bereziki gaitzesgarria» izan zela, eta gakoa dela biktimaren «onespenik eza»: «Aintzat hartuta biktimak une horretan kontzientziarik ez zuela eta zaurgarritasun egoera erabatekoan zela, ez dago zantzu bakar bat ere esateko sexu harremanak libreak eta adostuak izan zirela».

Kartzelaldiaz gain, zenbait debeku ere ezarri dizkiote akusatuari; hala nola zazpi urtez biktimarengandik 200 metrora baino gutxiagora ezin hurbiltzea; eta espetxealdia bete ostean, sei urteko zaintzapeko askatasun erregimena aplikatzea. 25.000 euroren kalte ordaina ere pagatu beharko dio biktimari.