79 urteko iruindar baten gorpua aurkitu dute Asturiasen

79 urteko iruindar baten gorpua aurkitu dute Asturiasen

Asturiasko Larrialdi Zerbitzuko suhiltzaileek Iruñeko 79 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo Riocaliente herritik gertu (Llanes, Asturias, Espainia). Gizonezkoak denboraldi luzeak ematen zituen herri horretan, bere bikotekide ohiaren etxean. Senideek asteazken gauean salatu zuten desagerpena Guardia Zibilaren kuartelean, iragan larunbatetik ez baitzuten haren berri izan.

Osasun arazoak zituela ere esan zuten: nekez hartzen zuen arnasa eta erresistentzia fisiko urria zuen. Gizonezkoa egon ohi zen etxebizitzara bertaratu zen Guardia Zibila, eta han topatu zuten haren autoa aparkatuta, baina iruindarraren arrastorik ez.

Ostegun goizean, gizona topatzeko dispositiboa osatu zuten suhiltzaileek, 112 larrialdi zerbitzuak eta Herritar Segurtasuneko agenteek. Herriaren ingurumariak miatu zituzten, eta 12:55ean aurkitu zuen hilotza suhiltzaile batek. Riocalente herritik 150 bat metrora zegoen, landaretza sarriko paraje apartatu batean. Larrialdi zerbitzuen ustez, litekeena da gizonezkoa ongiez sentitu izana, baina ez zuen lortu bideraino itzultzea.

Llanesen, medikuek heriotza egiaztatu zuten eta Oviedoko Auzi Medikuntza Institutura eraman zuten gorpua. Ikerketa abiatu du Guardia Zibilak, gertatutakoa argitzeko.