Puntu eta kakorratz langileek zer egin izanen dute gaurtik igandera bitartean Iruñeko Geltokin: Esther Lekunberrik Iruñea Ehuntze Lanean jardunaldiak antolatu ditu, hiriko orratzak dantzan jartzeko asmoz. Nazioartean gisa bereko jaialdi anitz egiten dituzte, puntu eta kakorratz lanek azken urteotan izan duten goraldiak sustatuta, hain zuzen. Iruñean, baina, aurrenekoz prestatu dute ehuntze lanetan aritzea gustuko dutenentzako programa bat. Lekunberrik, gainera, kutsu berezi bat eman nahi izan die jardunaldiei, eta solidario bilakatu ditu: doako tailerrak antolatu ditu minbizia, parkinson edo gaixotasun arraroak dituztenen elkarteetako kideentzat.
Lekunberrik (Iruñea, 1974) amarekin eta amonarekin ikasi zuen puntu eta kakorratz lanak egiten, etxean. «Ahizpa zaharrenak ere egiten zuen; niretzat, baina, zailagoa zen ikastea, ezkerra bainaiz! Baina egin nuen», kontatu du. Orratzen eta matazen munduak berehala harrapatu zuen, eta hasieran afizio huts zena ofizio eta ogibide bilakatu zuen, La chica de las lanas izeneko proiektuaren bidez: denda bat ireki zuen Iruñeko Alde Zaharrean, puntu eta kakorratz lanetarako materialak saltzeko, bai eta eskolak emateko ere.
Orratzak eta osasuna
2020an, pandemia betean, bularreko minbizia zuela erran zioten Lekunberriri. Osatzeko prozesuan, denda uztea erabaki zuen. Eskolekin jarraitu du, eta Iruñean ez ezik, Noainen eta Barañainen ere ematen ditu, bertzeak bertze. Nafarroatik kanpo ere aritzen da tarteka, Donostian eta Burgosen (Espainia) erraterako. Minbiziak utzitako arrastoak bultzatu du Lekunberri oraingo Iruñea Ehuntze Lanean jaialdia antolatzera, puntu eta kakorratz lanak terapia baten modukoak izan baitira harentzat, nabarmendu duenez.
Esther Lekunberri, urriaren 9an, Iruñeko Laban. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ez da ehuntze lanak eta osasuna lotzen dituen bakarra. Cristina Pinillos izanen da Iruñea Ehuntze Lanean jardunaldietako hizlarietako bat, eta hark korrika egitean gorputzak hartzen duen erritmoa puntu edo kakorratz lanak egiterakoan hartzen duenarekin alderatu du. «Gure osasunari on egiten diote», azaldu du Lekunberrik.
Ekainean egitekoak ziren Iruñea Ehuntze Lanean, hasieran, baina minbiziak ospitalera eraman zuen Lekunberri, berriz ere. Haren asmoa da aurtengo lehen aldiaren ondotik bertze anitz antolatzea, baina zehaztu du osasuna duela orain lehentasun, eta ezin duela datozen urteetan berriz antolatzeko konpromisoa hartu. Halere, garbi du Iruñean badela lekukoa har dezakeen jende anitz, eta proiektuarekin bat egin dezaketen horiek «errazagoa» izanen dutela egin beharreko bidea.
«Garai batean puntu eta kakorratz lanak amonen kontu bertzerik ez ziren; orain balio handiagoa ematen zaie»
ESTHER LEKUNBERRI Puntu eta kakorratz langilea
Gazteen artean sumatu du Lekunberrik, batez ere, zaletasun handia. «Garai batean puntu eta kakorratz lanak amonen kontu bertzerik ez ziren; orain balio handiagoa ematen zaie». Jardunaldien bidez, hain zuzen, hori egin nahi du Lekunberrik, eskuz egindako piezei duten balioa eman. «Gauza handia da nor bere arropa egiteko gai izatea; kakorratz lan bat izan daiteke bereizten ahal zaituen hori».
Hitzaldiak eta tailerrak izanen dira Iruñea Ehuntze Lanean jardunaldietako ardatz —informazio osoa, Lachicadelaslanas.es helbidean—. Geltokin eginen dituzte. Lekunberriren asmoa da eraikin hori puntu eta kakorratz langileentzat topagune bihurtzea. Lekunberrik doan eskainiko dituen tailerrekin batera, hark gonbidatuta, bertze hainbat irakaslek ordainpeko ikastaroak eginen dituzte, ehuntze lanen inguruan. Taldeka aritzeko ohitura gero eta gehiago zabaltzen ari dela azpimarratu du Lekunberrik, eta ehuntze lanak aukera ematen duela sareak osatzeko.
Lekunberrik urban knitting izeneko jarduera ere aipatu nahi izan du: hiriko altzariak puntu eta kakorratz lanekin apaintzekoa, alegia. Oroitu du behin Donostiako arkitektura ikasle batzuekin aritu zela lanean, hiri hartako portuaren inguruan ehuntze lanekin egindako instalazio bat jartzeko. Iruñeko eta inguruko eskoletako ikasleekin egiten du lan; orratzak eramaten ditu geletara, gazteek sakelakoak bazter utz ditzaten. Eta gazteon harrera «hagitz ona» izaten dela nabarmendu du.
Egitaraua
Urriak 17: matazak tindatzeko prozesuen inguruko hitzaldia, Esther Lekunberrirekin. 17:00etan.
Urriak 17: Hiri harian. Brodatu tailerra. 17:00etan.
Urriak 18: urkilarekin ehuntzen ikasteko tailerra. 12:00etan.
Urriak 18: ardatzez iruten ikasteko tailerra. 14:00etan.
Urriak 19: txapelak brodatzeko tailerra. 09:00etan.
Urriak 19: Osasuna ehuntze lanean eta kirolean. Cristina Pinillos. 11:30ean.