Negar egiten omen du pailazoak barrutik kanpotik barrez lehertzen ari dela ematen duenean. Umorea eta zintzotasuna erabilita, zorigaiztoaz ari garenean, komedia sortzen da. Joko horretan datza gure izatearen gako bitxi horietako bat. Alternantzia horretan. Halere, astero aurrez aurre topatzen dudan DBHko 2. mailako taldean, hemeretzi nerabez osatutako taldearen aurrean, ezin dut umorea erabili.
Irakasle moduan lanean hasi nintzenetik beti erabili izan dut umorea. Nire arma sekretua izan da, sormenarekin batera. Bizitzako momenturik gordinenetan ere umoreaz baliatu izan naiz. Horra hor nire, gure, superboterea. Urgentzian murgilduta dabilen mundu konplexu honi zentzu pixka bat topatzeko gailua da umorea. Zentzugabekeriari mingaina ateratzeko eta iseka egiteko modua. Afera da DBHko 2. mailako gela honetan ezin dudala orain arte hain baliagarria izan zaidan hori erabili. Ez dut gogorik, ez dut espaziorik topatzen, deseroso sentitzen naizelako.
Azalpenak ematen ditut, ariketak prestatzen ditut, eta sormena erabiltzen saiatzen naiz. Zaila egiten zait askotan daukagun gaitegia (XIX. mendean sortutako gaitegietatik ez gara asko aldendu, egia esanda), prestatu beharreko froga diagnostiko, PISA eta ez dakit zenbat ergelkeriari eutsi behar diegula kontuan hartuta. Betidanik argi izan dut, benetako Hezkuntzaz ari garenean, desobedientziaz ari garela funtsean, eta, bere arloa eta bere ikasleria maite duen irakasle horietako bat izateko, desobeditu egin behar dela. Umoretik eta desobedientziatik abiatuz beti gauza interesgarriagoak sortu direla alegia. Gertatzen dena da aurten ez dakidala nondik abiatu. Irakaskuntzan hogei urte eman ondoren, erabat galduta nagoela. Garaiak aldatu direla eta lehen erabiltzen nituen formulak ez datozela bat gaur egungo nerabeen testuinguruarekin.
Bizitzako momenturik gordinenetan ere umoreaz baliatu izan naiz. Horra hor nire, gure, superboterea
Noemi Azanza Díez terapeutarekin honen inguruan mintzatzen naizenean, berak dio neurona-kimatze potentea gertatzen dela 12-13 urteko nerabeen kasuan. Kimatze horretatik bizirauteko soilik beharrezkoak dituzten adarrek aurrera egingo dutela. Etapa honetan garrantzitsuena berdinei (lagunei) zuzenduriko begirada dela, mundua urgentziak, sareak eta mugikorrak zeharkatuta dagoela, eta horregatik erantzunek beti berehalakoak izan behar dutela, gauzak klik bat eginez konpondu behar direlako. Ondorioz, non egongo lirateke itxarotea, tolerantzia eta frustrazioari aurre egiteko gaitasun hori? Mundua aldatu da, bota dit Noemik, eta zuk dolu bat egin behar duzu. Arauak orain bestelakoak dira. Baina erantzun horrek, arauak kostata ulertu izan ohi dituen pertsona batentzat (guaiaren itxurak egiten nabil, badakizue), barrunbeak hankaz gora jar ditzake. Burua galderaz beteta irten naiz kontsultatik, pentsatuz, Gorka Urbizuk dioen moduan, Agian bad[ela] zerbait mendi gailurrez pixka bat harago. Trineo berria eraikitzeko beharrean nagoela argi dago, baina horretarako ere material berriak topatu beharrean nabil. Bitartean, kantu hau idaztea erabaki dut gauzak aldatzen diren (edo ez) unerako.