NATOren hegazkinak txorien tokian

NATOren hegazkinak txorien tokian

«Ablitasko alkate gisa, aerodromoaren lurrak berriz herriarentzat izatea nahi dut nik». Horixe erran du Carlos Bonelek (UPN), Tuteran, Bardea Libre plataformak Ablitasko aerodromoari buruz antolatutako mahai inguru batean, urriaren 9an.

Bonelek Nines Maestro eta Pablo Lorente hizlarien txanda amaitu eta gero hartu du hitza. Entzuleen artean eseri da, mahai ingurua hasita zegoela, eta haren parte hartzeak ezustean harrapatu ditu antolatzaileak: «Hitzaldi hau Ablitasen egin behar da, eta horixe izan zen gure hasierako asmoa; udalak, baina, 35 euro kobratu nahi zigun orduko. Ez dugu onartu, eta Tuterara mugitu gara», azaldu du Bardea Libreko Noemi Solanasek, mahai inguruaren hasieran.

Bonelek ez du deus ere erran horri buruz, baina plataformaren lana eskertu du, hitza hartu bezain pronto, eta berretsi du herrian aerodromo militarrik ez duela nahi: «Bardeako tiro eremuak ukitutako herrietako alkaterik ez da etorri honat; horiek 475.000 euro jasotzen dute urtean. Nik ez dut hori nahi; alkate gisa, gure lurrak berreskuratu nahi ditut».

Bardeako tiro eremuaren osagarri da Ablitasko aerodromoa, baina hura baino anitzez ere ezezagunagoa. Espainiako Defentsa Ministerioko hegazkinek erabiltzen dute, eta erakunde horren esku da azpiegiturak hartzen duen lursaila, 1967tik. Aerodromoa anitzez ere lehenagokoa da, ordea, 1937an egin baitzuten, Francoren agindupean, Kondor Legioak erabil zezan. Francok preso hartutako errepublikazaleak aritu ziren azpiegitura eraikitzen, hain zuzen, behartuta.

Espainiako armadako paraxutista bat, Ablitasko aerodromoan. ESPAINIAKO GOBERNUA

Aerodromoa Ablitasko herri lurretan eraiki zuten, zehazki. Espainiako Defentsa Ministerioaren esku dagoenez, herriko udalak ez du trukean sosik jasotzen ordain gisa. Iazko apirilean, hain justu, UPNko Espainiako Kongresuko diputatu Alberto Catalanek hainbat galdera egin zizkion Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesi, eta erantzun zituenean, ministroak berretsi zuen lursaila Espainiako Gobernuarena dela, eta, ondorioz, ez duela zertan ordaindu.

2028an, bertze akordio bat

Europak berriz armatzearen alde hasi duen bideari kontra egiteko antolatu du Bardea Libre plataformak Tuterako mahai ingurua. Plataformako kideek agerian utzi nahi izan dute Bardeako tiro eremuak eta Ablitasko aerodromoak bide horretan betetzen duten rola, Espainiako Gobernuko eta NATOko hegazkinei eta militarrei atea irekitzen baitiete. «Nafarroan probatzen dituzten armak bertze herrialde batzuetan erabiltzen dituzte», nabarmendu du Solanasek. «Hiltzeko eraikitako azpiegiturak dira», gehitu du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek. Nines Maestro medikuak bat egin du harekin, eta gehitu sistema kapitalistak «herritarrak beldurtu» egiten dituela «osasunaren, hezkuntzaren edo etxebizitzaren esparruan gastatu beharreko dirua arlo militarrera bideratu behar dela justifikatzeko».

1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. 2018ko abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berritu zen, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko zuten ordainaren kopurua izan zen: bikoiztu egin zen. 2008. urtetik 2018ra, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; 2019. urte hasieratik, berriz, halako bi zen kopuru hori, eta hamalau dira orain.

«Bardeako alkaterik ez da etorri honat; horiek 475.000 euro jasotzen dute urtean. Nik ez dut hori nahi»

CARLOS BONEL Ablitasko alkatea

2028an, bi aldeek hitzarmena berriz negoziatu beharko dute. Bardea Libre plataformako kideen helburua da Bardeako Komunitateak akordioari uko egitea. «Badakigu zaila dela, baina saiatu behar dugu», erran du Solanasek. Ablitasko aerodromoari buruzko mahai inguruaren bidez, hain zuzen, informazioa zabaldu eta Erriberako azpiegitura militarrei buruzko eztabaida piztu nahi izan dute, herritarrak kritiko izan daitezen. «Denoi dagokigu presioa egitea; udaletan, erkidegoetan eta Espainiako Estatuan. NATO erakunde kriminal bat da, eta bada garaia harremana mozteko. Bertze garai bateko leloak ekarri beharko genituzke gogora, NATOren eta haren azpiegitura militarren kontra», erantsi du Lorentek.

Hark ingurumenaren arloko kontuei erreparatu die, batez ere, eta nabarmendu Bardeakoa «hondatutako eremu bat» dela. Garbi erran du militarren jarduerak lurra kutsatzen duela, eta hegazkinen zaratak ere «kutsadura akustikoa» eragiten duela. Zehaztu du, dena den, militarren esku hartzea ez dela Bardeari kalte egiten dion bakarra: «Ezarritako nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialak eta gehiegizko turismoak ere min egiten diote». Salatu du biosfera erreserba baten barruan tiro eremu bat egotea.

Ablitasko aerodromoari buruzko mahai ingurua, urriaren 9an, Tuteran: ezkerretik, Bardea Libre taldeko Noemi Solanas, Sustrai Erakuntzako Pablo Lorente, Fermin Pere Nievas kazetaria eta Nines Maestro medikua. NAFARROAKO HITZA

Ablitasko alkate Carlos Bonelek ere biodibertsitatearen auzia jarri nahi izan du mahai gainean, eta Tuterako mahai inguruan erran du estepako hegaztiek hartutako 3.000 hektarea badituztela herriko lurretan. «Ablitasko lurren %45», nabarmendu du. Bonelen hitzetan, estepako hegaztiak «altxor bat» dira, eta altxor horri eusteko «konpromisoa» hartu du: «Guk hegaztiok zaindu nahi ditugu, baina hegaztiok hartzen duten eremutik gertu haize erroten parke handi bat jarri digute, eta goi tentsioko linea bat ere jarri nahi dute. Aerodromoa bi kilometrora dago. Presio handia egiten digute».

Hainbat istripu

Pablo Lorentek eskertu du Ablitasko alkate Carlos Bonel Tuterako mahai inguruan agertu izana. Garbi du badela lan bat egiteko herriz herri, Bardeako tiro eremuaren eta Ablitasko aerodromoaren inguruko eztabaida pizteko. Bardea Libre plataformak lan hori egin nahi du. Noemi Solanasek oroitu du taldea sortu zutenean saiatu zirela Erriberako herrietan azpiegitura militarrei buruzko herri kontsultak antolatzen, baina zailtasun handiak izan zituztela bidean, eta, azkenean, asmoa bertan behera utzi behar izan zutela.

«Herritarrak beldurtzen dituzte dirua arlo militarrera bideratu behar dela justifikatzeko»

NINES MAESTRO Medikua

Plataforma martxan jarri dute berriz, batzuen eta bertzeen indarrak batzeko asmoz. Ablitasko aerodromoari buruzko mahai ingurua antolatzen hasi dute oraingo bidea, uste baitute herritar anitzek ez dutela azpiegitura hori ezagutzen. Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak garraiorako hegazkin militarren ariketak egiteko erabiltzen du, batez ere. Espainiako armadako paraxutistek ere entrenatzeko baliatzen dute aerodromoa.

Azken hamarkadetan, Espainiako Gobernuak onartu du hiru istripu izan direla: 1982an, sei bidaiari zituen hegazkintxo batek istripua izan zuen; 1997an, hegazkin militar bateko pilotua zendu zen istripu batean; eta 2006an, 1.900 kiloko kutxa bat erori zen hegazkin batetik, eta argirik gabe utzi zituen 4.400 pertsona. Ez zen inor zauritu.

149

Zenbat hektarea dituen. Ablitasko aerodromoak 149 hektarea ditu. Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak erabiltzen du. Irailean, Espainiako armadak ariketa militarrak egin zituen han.

200

Urtean zenbat egun erabiltzen duten. Espainiako armadako hegazkinek urtean 200 egunez erabiltzen dute Ablitasko aerodromoa batez bertze, Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak zabaldutako datuen arabera.

3.500

Zenbat preso errepublikazale aritu ziren behartuta lanean. Tuteran eta inguruko herrietan 3.500 preso errepublikazale aritu ziren Francok behartuta lanean, 1937tik 1940ra. Bertzeak bertze, Ablitasko aerodromoa eraiki zuten.