Tuterako (Nafarroa) 27 urteko emakume bat hil zen atzo, Neveras mendian amilduta, Panticosan (Espainia). 2.892 metroko mendia da, Aragoiko Pirinioan. Guardia Zibilak 10:00ak aldera jaso zuen abisua: senide batek ohartarazi zuen andrea larunbatean atera zela etxetik bere bi zakurrekin batera, Panticosa aldean mendi ibilaldi bat egitera, baina ez zela itzuli eta ordutik ez zutela haren berri izan. Guardia Zibilak desagertutako emakumearen autoa topatu zuen Casa Piedra de Baños izeneko parajean.
Huescako larrialdi zerbitzuak helikopteroz eta oinez ibili ziren haren bila, 15:10ean hilotza topatu zuten arte. Zakurretako bat ere topatu zuten emakumearen aldamenean, hura ere hilik. Beste zakurra ez dute aurkitu oraindik.
Haizete bortitzak zaildu egin zituen gorpua erreskatatzeko lanak. Azkenerako, baina, helikopteroz eraman ahal izan zuten Panticosara, eta handik, Huescako Auzi Medikuntza Instituturaino. Gertatutakoa ikertzen dira uneotan.