«Amesgaizto bat izan da, izugarria. Bizpahiru hilabete iraun behar zuen Belateko tunelen prozesuak, eta luze egon ginen. Amesgaizto horretan jarraitzen dugu gaur ere». Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean izan da Guillermo Vallejo, Belateko tunelen kontratazio mahaiko kideetako bat, eta agerian geratu da prozesua barrutik bizi izan zutenentzat oso egoera zaila izan zela. Hala ere, ukatu egin du inongo presio politikorik jaso izana. «Ez dut inoren presiorik onartzen». Itaunketan, Pedro Gonzalez UPNko eledunak berriro ere adierazi du Jesus Polo kontratazio mahaiko presidenteak manipulatu egin zuela enpresen eskaintzen balorazio teknikoa, Accionaren eta Servinabarren alde. «Ez dugu zuk diozun horren frogarik», erantzun dio Vallejok.
Nafarroako Gobernuak Accionaren eta Servinabarren alde adjudikatu zituen herri lan guztien artean handiena Belatekoa izan da. Azken hamar urteetako kontratu publikorik handiena da (76 milioi euro), eta orain ikerketa judizialpean diren bi enpresei esleitu izanak ustelkeriaren susmoa haizatzeko balio izan dio UPNri. Alta, tesi hori auzitan geratu zen lehen bi egunetan, eta Vallejoren gaurko azalpenek bide beretik jo dute.
Izan ere, kontratazio mahaiko zortzi kideetatik bost ziren ingeniariak, eta haien esku egon zen adjudikazioko zazpi enpresen proposamenak aztertzea. Vallejok ez zuen ezer okerrik nabaritu: «Ahal dugun hobekien egin dugu lan, borondate onenarekin. Konfiantza dugu gutako bakoitzak behar bezala egin duela balorazioa», azaldu du, eta gaineratu: «Ni oso lasai nago egindako lanarekin, ahalik eta hobekien egin dut. Ez dut beldurrik».
Hor datza auziaren funtsa. Nafarroako Kontratu Publikoen Foru Legeak ez du zehazten kontratazio mahaiko kideek nola egin behar duten balorazioa. Batzuetan, ingeniari bakoitzak bere azterketa egiten du, eta, bilera batean guztienak bildu ostean, batezbestekoa ateratzen da; besteetan, mahaiko buruaren esku egoten da bostek baloratutakoaren batezbestekoa eta agiri teknikoa egitea. «Kideen egokitasunaren arabera egiten da hori. Lan gehiago izan ohi ditugu esku artean, eta lan kopuru horren arabera erabakitzen da modu batera edo bestera egitea», azaldu du. Belateri dagokionez, Jesus Poloren esku geratu zen bilduma egitea. «Lehendakariaren eta nondik norakoen arabera hartzen da erabakia», esan du Vallejok.
UPNk hor ikusi du zirrikitua. Iragan astean oso argi geratu zen Polok ez zuela bere botoa eman gainerako kideen emaitza jakin ondotik. Horrek manipulazioaren bertsioa gezurtatuko luke, baina UPNk bereari eutsi dio, eta Pedro Gonzalezek aipatu du guztien botoak jaso eta azken txostena landu aurretik bost egun izan zituela emaitza aldatzeko. Mahaiko ingeniariek Poloren azken txostena berretsi zuten, baina. Horretarako presiorik jaso al zuten galdetu dio UPNk Vallejori: «Inola ere ez», erantzun dio. «Guk ez dugu frogarik Polok bere nota gure ondoren eman zuela. Konfiantza dugu beti bezala egin zuela, berea eman zuela lehenik, eta gero gureak jaso. Guztiok bozkatu dugu gainerakoena jakin barik. Haren esku egon da batezbestekoa egitea, baina zuek diozuen horren frogarik ez dago».
«Guk ez dugu frogarik Polok bere nota gure ondoren eman zuela. Konfiantza dugu beti bezala egin zuela, berea eman zuela lehenik, eta gero gureak jaso».
GUILLERMO VALLEJO Belateko tunelen kontratazio mahaiko kidea
Berez, ingeniarien balorazioaren azken txostena 2023ko maiatzaren 31n aurkeztu zuen Polok. Handik gutxira, Lorenzo Serena kontratazio mahaiko idazkari judizialak zalantzak plazaratu zituen, bai bozketaren metodologiaz, bai eta azalpen teknikoen argitasunaz. Vallejok gaur zehaztu du auzi konplexua dela. «Ez da gauza bera bi eskaintza egotea edo zazpi. Bi alderatzea erraza da, baina, zenbat eta gehiago egon, orduan eta zailagoa da», azaldu du.
Era berean, zehaztu du ingeniari bakoitzak bere espezializazioa eta ikuspegia duela: «Enpresen eskaintzak oso mardulak ziren, 30 orrialdekoak. Bakoitzak atal diferenteak lantzen ditu. Gutako bakoitza ere arlo batean dago espezializatua. Nik garrantzi handiagoa eman diezaioket obra egiteko moduari, eta beste batek tunelaren geotekniari, baina horrek ez du esan nahi nire balorazioa bestearena baino hobea denik. Gutako bosten batezbestekoak zuzentzen du aldea». Vallejok nabarmendu du ezen, beste administrazio batzuek egin ohi dituzten txostenekin alderatuta, «nahiko ona» dela egindakoa.
Talka kideen artean
Arlo juridikoko adituak, baina, ez zeuden konforme emandako arrazoi teknikoekin, eta azalpen argiago bat emateko eskatzen zieten etengabe. Serenak gomendatzen zien arlo tekniko bati emateko garrantzia, eta horren inguruan oinarritzeko balorazioa. Interpretazio hori, baina, ez zetorren bat adituen ikuspegiarekin. Dena den, beste lau txosten landu zituzten azalpen argiago bat emateko asmoz. «Haiei jaramon egiten ahalegindu ginen, azken erabakia aho batez hartu ahal izateko. Ahal genuen guztia egiten genuen zortzi kideak ados jartzeko, baina ez zen posible izan».
Txosten horiek guztiek ez zituzten asebete kide juridikoak, eta, amaieran, desadostasunak boto partikular bidez adierazi zituzten. Hala, prozeduraren inguruko zalantzak azaleratu zituzten. «Nik ez diot horri arazorik ikusten. Horretarako eskubide guztia dute», aipatu du Vallejok.
Bere iritzi pertsonala ez ematen saiatu bada ere, honako honetan ez du bete hitza. Mahaiko kideek posta elektroniko bidez idazten zituzten desadostasun guztiak, eta Jesus Polo kontratazio mahaiko buruak ez zuen bilerarik antolatu, talka hori nola bideratu ikusteko. «Malguago eta trebeago» joka zitekeela iritzi dio Vallejok.
«Nire notak ez zirela egokiak esan, eta berriz pentsatzeko eskatu zidan Polok. Ez nuen zirkin bat bera ere aldatu. Ez nion utzi»
GUILLERMO VALLEJO Belateko tunelen kontratazio mahaiko kidea
Agerraldian, gainera, agerian geratu da hark ere eztabaida sutsua izan zuela Jesus Polorekin. Haren esanetan, balorazio teknikoa egin behar zen garaian, bere bulegora joateko eskatu zion. «Eztabaida izan genuen. Nire notak ez zirela egokiak esan, eta berriz pentsatzeko eskatu zidan. Ez nuen zirkinik ere aldatu. Ez nion utzi. Ateari ostiko bat emanez alde egin nuen. Kontu pertsonal bat izan zen. Guztiok dugu gatazka gure nagusiarekin, baina horrek ez zion eragin adjudikazioari», aipatu du.
Orain arteko azalpenetan agerian geratu da kontratazio mahaiko kideek presio handia zutela bere gain. 2004tik, UPNren gobernuek ez zuten ezer egin Belateko tunelak berritzeko, eta 2019tik Europako Batzordeak isun handi bat jartzeko mehatxua egina zuen, EBko tunelen segurtasun baldintzak ez betetzeagatik. Tentsio horrek eta premiak eragin zuzena izan zuten prozesuan. Gainera, zurrumurru giroa zegoen inguruan, Lurralde Kohesioko Departamentuko langileen artean zein eraikuntza enpresen artean. Txutxu-mutxu giro hartan, esaten zen Acciona irabazle aterako zela, eta hori ere oso kontuan zutela esan du Vallejok. «Gure arteko bileretan, adiskide giroan, horri buruz hitz egiten genuen. Are zorrotzago jokatu behar genuela genioen gure artean».
Aintzat hartu behar da horrelako kontratu publikoetan erreklamazioak jasotzeko arriskua dagoela. Vallejo, baina, «lasai» dago. Beste sei enpresek ez zuten erreklamatu. «Norbaitek erreklamatzen badu, kide teknikook defendituko dugu egindako txostena», zehaztu du.
Guillermo Vallejo, UPNko Pedro Rodriguezi erantzunez. JESUS DIGES / EFE
Javier Esparzak eledun izateari utzi dio
Ikerketa batzordearen hasiera honetan, gauzak ez doazkio uste bezain ongi UPNri. Adjudikazioa manipulatu izanaren bertsioak dar-dar egin du lehen agerraldietan, eta, horren adierazgarri, Javier Esparzak utzi egin dio batzorde horretako eledun izateari. Haren ordez, Pedro Rodriguez ariko da galdeketak egiten, Marta Alvarezekin batera. Esparzak atzo garrantzia kendu nahi izan zion aldaketari. «Eledunak aldatu ditugu. Lana banatuko dugu. Oso jende prestatua dugu UPNn». Aurreko astean, Esparzak gogor galdekatu zuen Polo, baina hark bere burua defenditu zuen. «Zuk zure kontakizuna duzu, eta jende askok sinetsi egin du, baina gauzak ez dira horrela izan», erantzun zion.