Belateko tunelaren barruan segitzen du ikerketa batzordeak, baina argi pixka bat ekarri dute lehen egunek. Aspalditik ezaguna zen gatazka egon zela esleipen horretako kontratazio mahaian. Azterketa hori egin zuten bost epaimahaikideek ontzat jo zuten prozedura, baina arlo juridikoko hiru kideek prozeduraren legezkotasunari buruzko zalantzak azaleratu zituzten boto partikular bidez. Are: Lorenzo Serena idazkari judizialak salatu zuen prozedura «baliogabea» zela, proposamenen azterketa ez zegoelako juridikoki argudiatuta.
Boto partikular horietan eta Serenaren ohartarazpen horretan oinarrituta, UPNk bere kontakizuna eraiki du. Aspalditik dabil Belateren adjudikazioaren kontra, eta, ekainean Cerdan auzia piztuz geroztik, are gehiago. Azken hamarkadako kontraturik handiena, 76 milioi eurokoa, Acciona, Oses eta Servinabarri eman izanak gizarte osora zabaldu du susmoaren hodeia. Etekin politikoa itzela da.
Horretarako, baina, susmo hori frogatu behar da, eta, detektibe nobeletan bezala, kontratazio mahai horretako erruduna seinalatu; alegia, nork manipulatu zuen esleipena Accionaren eta Servinabarren elkartearen alde? Eskuineko oposizioaren susmagarri nagusia Jesus Polo da. 73 urterekin jarri zuten kontratazio mahaiko buru. Serenaren salaketan oinarrituta, iradoki dute beste lau kideen emaitza ezagututa egin zuela bere balorazioa, balantza irabazlearen alde biratuz. Alta, iragan asteko lehen agerraldian, Polok, haserre, gezurra esatea aurpegiratu zion UPNri, eta haren tesi nagusia desmuntatu zuen. Izan ere, Polok nabarmendu zuen bost kideen artean balorazioa egiten hirugarrena izan zela, eta ondorioz ez zuela aldez aurretik emaitza jakitearen abantailarik izan.
Lorenzo Serena Belateko tunelen kontratazio mahaiko idazkari judiziala. JESUS DIGES / EFE.
Biharamunean, kontraesanean eroriz, Serenak onartu behar izan zuen ez zekiela benetan Polo azkena izan ote zen, eta ez zuela hori egiaztatzerik. Harria bota eta eskua ezkutatu izana leporatu zion parlamentari batek, baina hark ukatu egin zuen halakorik egin izana. Haren agerraldiak, baina, agerian utzi du departamentu barruan gaizki ikusi zela 2019an zerbitzutik kanpo heldutako bat (Polo) Azpiegitura Berrien zuzendari izendatu izana. Gainera, lehen agerraldi horiek agerian utzi dute Belateko tunelak bikoizteko adjudikazio prozesuan tentsio handia sortu zela epaimahaiko zortzi kideen artean. Arlo juridikokoek euren balorazioa hobeto argudiatzeko eskatzen zuten, eta Polo ordezkatzeko ere eskatu zuten. Beste bost kideek azterketa ongi egin zutela defenditu dute, eta amaieraraino defenditu zuten hori, ordezkoa jartzeak prozedura auzitan jartzeko bide emango lukeela argudiatuta.
Talka handi horren atzean, ustelkeriaren itzala ikusi nahi izan du UPNk, baina ez du derrigorrez esan nahi benetan esleipena manipulatu zela. Alderantziz, ikerketa batzordean orain arte azaleratu denak agerian utzi du eskuinaren kontakizunak oinarri labaina duela. Horregatik aste hasieran batzordeko eledun kargutik kendu du Javier Esparza, eta Pedro Gonzalez jarri. Cristina Ibarrola UPNko buruak badaki Belate dela Nafarroako Jauregira iristeko bide motzena, eta, bat-batean, irabazten ari zela uste zuen partida politikoa gal dezake. Ordezkapenak adierazten du urduri dagoela UPN, eta beharrezko guztia egiteko prest dagoela. Eta egia? Horrek bost axola du, errealitatea manipulatzeak helburu politikoak lortzeko aukera emanez gero. Arazo bakarra du. Oraingoz, kolokan geratu da bere bertsioa.