Saint Gobainek Berriobeitiko langileak kaleratu nahi ditu, eta uneotan lan erregulazioko espedientea negoziatzen ari da sindikatuekin. Asteartean greba eguna egin zuten, eta orain mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Urriaren 29an eta azaroaren 6an, 13an eta 14an lau orduko lanuzteak egingo dituzte, txanda bakoitzean.
Aldeen arteko elkarrizketa egunetan egingo dituzte lanuzte horiek. Gainera, datorren urriaren 30ean martxa bat antolatu dute Berriozarreko sarreratik Nafarroako Parlamenturaino eta bertan elkarretaratuko dira alternatiba bat bilatzeko eskatuz. Kaleratzeen ordez, beste irtenbide bat aldarrikatzen dute.
Batzordeak ohartarazi du ez dutela baztertzen mobilizazio gehiago egitea, «baldin eta negoziazioak blokeatzen badira». Urriaren 16an eta herenegun bildu ziren zuzendaritzarekin. Sindikatuek eskatu dute espedientea atzera botatzea eta sei hilabeteko epea ematea kaleratzeen ordez beste proposamen bideragarri bat bilatzeko. Eskaera ez duela aintzat hartu salatu dute.
Berriobeitiko lantegia 1967an eraiki zuen AEBetako enpresa batek, Nortonek, produktu urratzaileak egiteko. Konpainia hura, ordea, Frantziako Saint Gobainek erosi zuen 1990ean, eta, harekin batera, Berriobeitiko fabrika ere. Enpresa historikoa da Saint Gobain, 1665. urtean sortu baitzuten, beira egiteko. Gaur egun 63 lantoki ditu Saint Gobainek, eta 10.500 langile inguru.