Dolarea, zaindu beharreko ondarea

Zartatutako kupelak eta zahartutako gurdiak. Hautsak hartutako botilak. Pipiak jotako habeak. Zerrautsa eta herdoila. Botilatzeko makinak. Denborarenak. Eta ikasleak lanean. Mailuak eta iltzeak. Torlojuak eta zulagailuak. Arotz lapitzak eta metroak. Sagardoaren historia biltegi batean daukate bilduta Astigarragan (Gipuzkoa), eta bertan aurkeztu dute Dolareak proiektua. «Egur hauek hitz egingo balute».

Peio Martikorena fundazioak bultzatu, Astigarragako Udalak (Gipuzkoa) eta lanbide heziketako hiru ikastetxek sustatu, eta Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearekin batera finantzatu dute Dolareak proiektua. Hiru helburu nagusi ditu: «Sagardo dolare zaharrak berreskuratzea eta zaharberritzea, hezkuntzaren bidez zurgintza tradizionala ikasle gazteei helaraztea, eta Euskal Herriko mugaz gaindiko lankidetza indartzea, hezkuntza programa eleaniztun baten bidez». Halaxe azaldu dute aurkezpenean Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Marie Heguy-Urain euroeskualdeko hiritartasun proiektuen kudeatzaileak, eta Iban de la Fuente Angeluko (Lapurdi) Compagnons du Tour formakuntza zentroan egurrezko egituretan irakasle denak.

Ikasleak, habe zahar bat garbitzen. JON URBE / FOKU

Jakin beza ez dakienak: jotako sagarra estutzeko eta zukua ateratzeko erabiltzen den aparatua da dolarea. Oinarrizko osagai hauek ditu: aska, ardatza, urkatxoa, txorroak, pats oholak, giltzak eta puskak. Eta trakzio sistema, mugimendu sistema eta materialen arabera sailkatu daiteke tresna. Proiektuko lehenengo dolarea Erbetegi-Etxeberri baserrian zegoena da. CIF Donibane (Nafarroa), Easo Politeknikoa (Gipuzkoa) eta Federation Compagononique (Lapurdi) ikastetxeetako ikasleak hasi dira hura zaharberritzen. 

Abiadura handiko trenaren lanengatik eraitsi behar izan zuten Erbetegi-Etxeberri baserria. Bi etxebizitzatan banatuta zegoen, eta Goikoetxea eta Izeta familiak bizi ziren bertan. Dolare hori da ezagutzen den eta gorde den mota horretako dolare bakarra: animalien indarrez mugitutako matxaka zeukan, eta ardatz bikoitza. Lau pertsona behar ziren ardatz bakoitza lanean jartzeko. Lortutako muztio gehiena Donostiako tabernetan saltzen zuten. Barrikote bat betetzen zen joaldi bakoitzean. Sagardoa prest zegoenean, txalaparta joaz gonbidatzen omen zituzten bizilagunak sagardoa dastatzera. Hain zuzen, Goikoetxea familia funtsezkoa izan da instrumentu hori mantentzeko eta berreskuratzeko, eta haiengandik ikasi ei zuten Juan Mari Beltranek eta Artze anaiek, besteak beste.

Zurgintza tradizionala

Urdangarin alkateak azaldu duenez, Astigarragako herritarrak duela 50 urte inguru hasi ziren sagardoaren inguruko tresneria eta hitzak biltzen, eta horrela sortu zuten Sagardo Etxea: «Baina eginkizun bat genuen hasi gabe: dolare hau berreskuratzea». Urdangarinen esanetan, gauzak egiten dira, baina inportantea da nola egiten diren ere, eta, oraingo honetan, euroeskualdearekin elkarlanean aritu dira, eta Euskal Herrian galzorian dagoen ofizio bati balioa emanez: zurgintza tradizionalari.

Erbetegi-Etxeberri baserriko dolarea. JON URBE / FOKU

De la Fuente irakasleak azaldu du beste hiru aste egingo dituztela biltegian lanean, eta urtarril-otsailean bueltatuko direla lanak amaitzera. «Ikasleak elkarlanean aritzea eta gure ondarea ezagutzea ere bada proiektu honen helburua. Hemen bukatutakoan, Txillida Lekura goaz». Egurra zerbait «bizia» dela eta «historia» kontatzen dutela azaldu du irakasleak, pasioz. «Egurra eraikuntzan gero eta gehiago erabiltzen den arren, egur zaharra oso gutxi berrerabiltzen da. Moztu, eta sutara botatzen da. Egur berria denek dakite lantzen. Egur zaharra eskuz landu behar da, eta teknika hori erakutsi nahi diegu ikasleei».

Dolarea muntatu ondoren —oraindik ez dakite non eta noiz jarriko duten ikusgai—, egurra datatuko dute —XVII. mendekoa ei da, gutxienez—, eta digitalki eskaneatuko dute —baliabide didaktiko gisa erabili ahal izateko—. «Sagardo tragoxka bat hartuko dugu hau ospatzeko, ezta?», galdetu du alkateak. Habe zaharren gainean jarri dituzte botilak. «Egur hauek hitz egingo balute».