LABek 40 urte egin ditu Erriberan, eta efemeride hori gogoratzeko erakusketa antolatu zuen Tuterako La Rua zentro zibikoan, urriaren 1etik 6ra. Alta, urriaren 4an, Alejandro Toquero alkateak debekatu egin zuen erakusketako argazki batean agertzen den presoen ikur batek terrorismoaren gorazarrea egiten zuela argudiatuta. Erabakiaren aurka, LABek helegitea jarri du udalean, eta gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian.
Alegazio horietan LABek gogorarazten du 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen izenburupeko erakusketa ikusgai egon zela Nafarroako Parlamentuan otsailean. Hala, maiatzean, sindikatuak Tuteran duen egoitzako kide batek erakusketa bera jartzeko eskaera egin zuen udalean; ekainaren hasieran eskaera jaso zutela jakinarazi zien udalak, eta urriaren 10erako kentzea galdegin zieten, hiru egun geroago beste erakusketa bat antolatuko zelako. Irailaren 2an, sindikatuak udalaren baimena jaso zuen.
Haatik, behin erakusketa jarrita, komunikabideen bidez jakin zuten Toquerok bertan behera utzi zuela urriaren 4an. LABek Tuterako Udalari azalpenak eskatu eta teknikariek erantzun zieten «alkatearen agindu zuzena» izan zela. «Egiaztatu da terrorismoaren gorazarrea iradoki zezaketen panelak zeudela», zioten. Horregatik erabaki zuten erakusketaren baimena etetea. Zehazki bi panel ziren: batean Jon Idigoras espetxeratu zuteneko kartel bat ageri zen, bere askapena eskatuz; bestean, preso eta erbesteratuen amnistia aldarrikatzen zuen manifestazio bateko pankarta. LABen arabera, bi irudiok LABen historiaren zati bat dira: Idigoras sindikatuko idazkari nagusi izan zen, eta manifestazioko pankarta Maiatzaren Leheneko bat zen.
LABek argudiatu du ez zaiela erakusketa bertan behera utzi izanaren erabakirik helarazi eta sindikatuari ez zaiola jakinarazi neurria. Udalaren mezu elektronikoan aipatzen da baimena eten ziotela, baina ez zen behin-behineko erabaki baten berri eman. «Mezu horretatik ondorioztatu liteke urriaren 4an erakusketa ixtea erabaki zuela alkateak eta gero sare sozialetan horren berri eman zuela, prozedurarik egin gabe eta itxieraren arrazoiak argudiatu gabe», dio sindikatuak. LABek gaineratu du ez dela kautelazko neurririk hartu eta alkatearen agindu zuzen bat izan zela.
Sindikatuaren ustez, erakusketa bera Nafarroako Parlamentuan egon zenez, Toquero jakinaren gainean zegoen bertan ez zegoela indarkeria sustatu dezakeen irudirik edo kartelik. «Hori horrela ez dela ondotxo zekien Toquerok, eta, hala eta guztiz ere, komunikabideei gezurrezko kontakizun bat filtratu zien erakusketaren helburua indargabetu asmoz».
Sindikatuaren aburuz, arbitrarioki jokatu du UPNko alkateak, administrazio publikoak derrigortuta baitaude erabaki oro legearen arabera hartzera eta legean oinarrituta argudiatzera. «LABek uste du erakusketa itxi izana propagandarako ekintza politikoa izan dela, baita alkatearen botere abusu bat ere».
