PSNko Lurralde Batzordeak ebazpen bat onartu du gaur goizean egindako bilkuran. Bertan azpimarratu dute Nafarroako Gobernuaren prozedura administratiboetan ez dela egon «ez esku hartze politikorik ez eta ustelkeriarik ere». PSNk aurpegiratzen die UPNri, PPri eta Voxi susmoetan eta desinformazioan oinarritutako kontakizun bat egitea, «erakundeen eta gobernuaren sinesgarritasun politikoa auzitan jarri asmoz».
Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordea Acciona eta Servinabar enpresei esleitutako kontratu publikoak aztertzen ari da, eta lurraldeko arreta mediatikoa bereganatzen du. Hala, kongresu arteko aldian alderdiaren organo gorena den Lurralde Batzordeak auzi horri erreparatu dio. Susmo nagusiak alderdi sozialistaren gain direnez, PSNkzin berretsi du gobernuaren jardunean «zintzotasunez, gardentasunez eta legearen arabera» jarduteko konpromisoa dutela.
Bilkuraren hasieran, Maria Txibite idazkari nagusiak esan du ikerketa batzordea «ke laino bat» dela «existitzen ez den errealitate bat saltzeko». Bere irudiko, ez dago alderdik UPNren, PPren eta Voxen artean eta eskuin muturraren estrategia bera izatea leporatu dio UPNri. «Gobernua bota besterik ez dute buruan».
Eskuinaren estrategia
Txibitek gogoratu du lehen guztia ETA da zela euren leloa, eta orain ustelkerian zentratu dira. «ETA ez da existitzen eta PSNk ez du finantzaketa irregularrik, eta nire gobernua ez da ustela». Bere irudiko, «antipolitikaren adibide» dira, eta horrekin «proiektu politiko baten falta ezkutatzen dute». Bere esanetan, egia ez zaie interesatzen, baizik eta «gezurretan oinarritutako kontakizuna».
Horri loturik, gogora ekarri du ikerketa batzordetik pasa diren Belateko tuneleko kontratazio mahaiko kideek onartu dutela ez zutela presio politikorik jaso eta ez zela irizpide politikorik egon enpresa jakin batzuen alde esleitzeko herri lan hori. «Desadostasunak izan zituzten euren artean, baina askatasunez, irizpide teknikoen arabera, hartu zuten erabakia». Txibiteren arabera, administrazioaren ikuspegitik prozedura hobetu zitekeen, baina horrek ez du esan nahi irregulartasunik egon zela.
UPNren erantzuna
Berehala erantzun dio UPNko Cristina Ibarrolak. Bere esanetan, Txibite ez da gobernu garbi baten bemea. Ibarrolaren arabera, «ez da ke laino bat» Espainiako Auzitegi Gorenak Santos Cerdan espetxeratu izana. Era berean, Ibarrolaren iritziz, Belateko tuneletako kontratazio mahaiko presidentea «erabakigarri» izan zen adjudikazioan eta hori ere «ez da keino laino bat». Azken bi asteetan, dena den, ikerketa batzordean agerian geratu da Jesus Polo kontratazio mahaiko presidentea ez zela enpresen eskaintza bozkatzen azkena izan, UPNren tesiaren kontra. Ibarrolaren arabera, ordea, Polok «gezurra esan zuen» batzordean eta bere tesiari eutsi dio.
