Gernikako Estatutuaren 46. urteurrena Nafarroan gogoratu du EH Bilduk, non eta erreinua galdu zeneko azken gudaren agertoki sinbolikoan, Amaiurren. Bertan, Laura Aznalek eta Pello Otxandianok aldarrikatu dute hala EAEko estatutua nola Nafarroako Foru Hobekuntza eguneratu behar direla. «Gure autogobernua eta foraltasuna berritu behar ditugu, haien erabilgarritasuna indartzeko», azpimarratu dute.
Amaiurren egindako agerraldi horretan, gogora ekarri dute azken hamarkadatan Espainiak «behin eta berriz» urratu duela Hego Euskal Herriko autogobernua. «Egoera hori lehenbailehen gainditu beharra daukagu».
«Apaltasunez baina irmo», subiranotasunean aurrera egiteko beharra nabarmendu dute Aznalek zein Otxandianok. «Gure esku dagoen botere politikoa berreskuratzeko unea da», aipatu dute. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko bide egokiena dela uste dute: «Erabat sinetsita eta konbentzituta gaude ez dagoela etorkizun hoberik subiranotasunetik eraikitzen dena baino, euskal nazioaren eta hemen bizi eta lan egiten dugun pertsona guztien oparotasunaren zerbitzura egongo dena».
Bere patua askatasunez erabakitzeko Euskal Herriaren eskubidea aldarrikatuta, azaroaren 22an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia berretsi dute.
