Iruñeko haur eskoletako lan baldintzek «okerrera» egin dutela salatu du LABek

Iruñeko haur eskoletako lan baldintzek «okerrera» egin dutela salatu du LABek

Elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak Iruñeko Udaletxe plazan, 0-3 zikloko haur eskolen egoera salatzeko. Sindikatuaren irudiko, zentro horietako lan baldintzek «okerrera» egin dute ikasturte honetan, bi motiborengatik: lanaldi partzialen ugaritzea eta hizkuntza eredu mistoen orokortzea. Bi arazo horientzako konponbidea galdegin diote Iruñeko Udalari.

Eskoletako hizkuntza ereduei buruz solastatu dira lehenbizi: «Aurreko ikasturtean lau eskola misto zeuden, 2025-2026 ikasturtean beste bat gehitu dute, eta, gainera, talde politikoek sinatutako akordioaren ondoren, gehiago irekiko dituzte». Baina, zer dira eredu mistoko eskolak? Funtsean, bi edo hiru hizkuntza eredutako ikasleak eta hezitzaileak zentro berean biltzean datza. Buztintxuri, Lezkairu eta Arrosadia auzoetako eskoletan, adibidez, euskara-ingelesa eta gaztelania-ingelesa ereduak eskaintzen dituzte. Ikastetxe bakarrak eskaintzen du euskara hutsezko murgiltze eredua: Izartegi haur eskolak, Txantrea auzoan.

«Iruñeko Udalaren haur eskoletako langileok, zentro horietako zuzendariekin bat, urteak daramatzagu komunikazio hizkuntza bakarrean oinarritutako eredua defendatzen eta eskatzen. Izan ere, aski ongi frogatua dago pedagogiaren, lanaren eta antolaketaren aldetik eskola mistoek ez dutela funtzionatzen», salatu dute LABeko ordezkariek, gaurko elkarretaratzean. Gaineratu dute zenbait bilera egin dituztela talde politiko guztiekin, baina udalak jarraitzen duela haur eskolak erabiltzen «truke politikorako txanpon gisa».

Sindikatuaren ustez, beste arrazoi bat ere bada, haur eskoletako lan baldintzen okertzea azaltzeko: lanaldi murriztuko kontratazioak. «Adierazgarria da, lantalde organikoan, zenbatekoa den lanaldi murriztuen kopurua: ia %47koa langile laguntzaileen artean, eta %29koa hezitzaileen artean. Ikasturte honetan, baina, jardunaldi partziala duten hezitzaileen kopurua %45era igo da». Lanaldi murriztu horiek osatzeko eskatu dio LABek Iruñeko Udalari, «lantaldeen baldintzak duintzeko eta Nafarroan bizi dugun errealitate sozial eta ekonomikora egokitzeko». Salatu dutenez, baina, udalak kontrakoa egin du: lanaldi partzialeko langile gehiago kontratatu. «Erabat onartezina da: eskoletako haurren familiek behar eta merezi duten zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera, beharrezkoa da lanaldi osoko kontratua duten langileen kopurua handitzea, hezkuntza talde egonkor eta sendoak osatu ahal izateko».

Haur eskoletako hezitzaileena «sektore feminizatua» eta lan baldintza makurrekoa izanda, langileek «aintzatespen soziala, ekonomikoa eta politikoa» behar dutela gaineratu du LABek: «Beraz, ezin dugu onartu kontratu partzialek dakarten prekaritate hori betikotzea». Bukatzeko, sindikatuak ohartarazi du, egoera konpondu ezean, ez dutela baztertzen grebara jotzea.