Aurreko hiruhilekoko joera berretsi du Nastat estatistika erakundeak, uztailetik irailera bitartean. Aurreratutako datuaren arabera, hirugarren hiruhilekoan %0,5 handitu da jarduera; urte osoko erritmo berean, alegia. Alta, urtearteko datuan bai islatu da moteltze ekonomikoa, bi hamarren jaitsi baita bigarren hiruhilekoarekin alderatuta: zehazki, %2,1 handitu da jarduera ekonomikoa urtebetean. «Nafarroako ekonomia erritmo onean hazten ari, batik bat Europako ekonomia nagusiekin alderatuta», azpimarratu du Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, gobernu kontseilu osteko agerraldian.
Nastatek argitaratutako datuok aurrerapen bat dira, eta abenduaren 23an emango du behin betiko emaitza. Aurreko astean gauza bera egin zuen Eustatek, eta antzeko panorama marraztu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu honetan, EAEko ekonomiak urtearteko hazkunde tasari eutsi dio urte hasieratik —%2,2—; aldiz, hiruhilekotik hiruhilekora bai ari da jarduera moteltzen —%0,4 uztailetik irailera—.
Aurreko hilabeteetan bezala, Nastatek berretsi du industriak dinamismoa galdu duela. Nahiz eta horren gaineko daturik ez duen eman, abuztuko industria produkzioak islatu zuen beherakada handia. Izan ere, aurreko urteko datuarekin alderatuta, Nafarroako industriako ekoizpena %6,2 jaitsi eta da urte hasieratik %2,3. Gainera, gaur sektoreko enpresen konfiantza neurtzen duen adierazlea kaleratu du ere, eta hark islatu du gutxienez konfiantzak ez duela okerrera egin: enpresa handiak bai ageri dira ezkorrago, eta ertainak baikorra. Konpainia txikien pertzepzioa ez zen aldatu irailean.
Esportazioak apaldu dira
Eskariari begira eta industriaren bilakaeraren ildo beretik, kanpo merkataritzak ere zantzu kaskarrak ageri ditu, Nastaten arabera. Hirugarren hiruhilekoko daturik ez du eman, baina abuztura arte, %6,1 egin dute behera esportazioek. Donald Trump Etxe Zurira ailegatu denetik nazioarteko harremanetako giroak okerrera egin du, eta atzerriko salerosketen emaitzek hori islatu dute. Are, inportazioen kasuan, jaitsiera handiagoa izan da, %10 egin baitute behera urtarriletik abuztura bitartean.
Dena den, joera horietan Nafarroako Volkswageneko fabrikaren obrek ere izan dute eragina. Izan ere, ibilgailu elektrikora egokitzeko lanetan murgilduta daude lantokian, eta aurten 230.000 auto inguru ekoitziko dira. Horren ondorioz, lau hilabetez fabrika itxita egongo da eta txandak ere mugatu egin dira. Horrek eragina izan du industriaren produkzioan zein esportazioetan.
Aldiz, barne ekonomiaren adierazleak sendo daude. Izan ere, sektoreei dagokionez ekonomiaren batez bestekoa baino azkarrago hazten ari dira zerbitzuetako enpresan, eta barne kontsumoak jarduera hauspotzen du, batik bat sendienak. Arastiren arabera, «enplegua sortzen ari da, batik bat langile migratzaileen ekarpenari esker». Egun, %7,29ko langabezia tasa dago.
Hala, Nafarroako Gobernuak espero du urtea %2ko hazkunde tasarekin amaitzea urtea.
