Nafarroako herriek bizirik diraute

Nafarroako herriek bizirik diraute

Zangozatik kilometro gutxira dago Petilla Aragoi. Urte osoan hamahiru biztanle besterik ez da bizi bertan, eta, Nafarroako beste hainbat herriren antzera, despopulatze arriskuan dago. Urteak daramatza muturreko despopulatze egoeran: 60ko hamarkadatik, gutxi gorabehera. Bide bera hartu dute, besteak beste, Atetz bailarako herriek ere —Zigandak 24 biztanle ditu; Berasainek, 29; Eritzek eta Beunzak, 32; eta Arostegik, 39—. 

Egun, Nafarroako herrien %60 despopulatze arriskuan daude, 272tik 174; horietatik 76 arrisku larrian daude. Gero eta jende gehiagok alde egiten du herri txikietatik handietara. Horren arrazoia, gehienetan, oinarrizko zerbitzuen falta izaten da. Hori uste du Victor Carbok, Petilla Aragoiko bizilagunak. Izatez 26 biztanle ditu herriak, baina urte osoan erdiak besterik ez dira bizi han. Tarteka joaten den horietako bat da Carbo; 45 urte ditu, eta Iruñean bizi da. «Hemen bizi den jendea heldua da. Ez dago ez farmaziarik, ezta okindegirik ere. Oinarrizko zerbitzuen faltagatik, askok erabaki dute hirietara bizitzera joatea, ezin baita egoki bizi zerbitzu horiek gabe», azaldu du. 

ZALDIEROA

Miranda Arga da despopulatze arriskuan dauden beste herrietako bat, baina haren egoera erabat ezberdina da, egun 903 biztanle baititu. Lehen begi kolpean biztanle nahikoa dituela ematen duen arren, urteak daramatza beheranzko bidean. Bertako bizilaguna da Josu Perez; 28 urte ditu, eta gogoan du herriak azken urteetan izan duen bilakaera: «Ni txikia nintzenean, herriak mila biztanle inguru zituen. Nerabe nintzenean, berriz, sekulako beherakada izan zuen [2011. urtetik 2021. urtera]; egun, hazteko bidean da pixkanaka». Egoera hobetuz doala uste du, eta urte gutxiren buruan herriak «beste xarma bat» lortu duela adierazi du.

«Petilla Aragoin ez dago ez farmaziarik, ezta okindegirik ere. Oinarrizko zerbitzu horien faltagatik, askok erabaki dute hirietara bizitzera joatea»

VICTOR CARBO Petilla Aragoiko bizilaguna

Nafarroako herrien despopulatzeari aurre egiteko, 2019an Fundacion Emplea enpresa landa garapenaren inguruko proiektuak garatzen hasi zen. San Martin Unxen sortu zen, herri hura despopulatze arriskuan baitago —egun laurehun biztanle baino gutxiago ditu—. Ardogintzan dagoen errelebo falta da herriak duen erronka nagusia. Hori dela eta, ECO Pueblo proiektua sortu zuten. Urte batzuetan lanean ibili ostean, Fundacion Emplea Nafarroako Gobernuarekin bildu zen, eta Pueblos Vivid Herriak proiektua sortu zuten iaz, Nafarroako Gobernuak finantzatuta. Helburua da Nafarroan despopulatze arriskuan dauden herriak berpiztea.

Proiektu aitzindari horretara batu zen Uxue Iruretagoiena. Zaldibiako (Gipuzkoa) baserri batean bizi da; «mendian galduta» dagoen baserri batean, haren hitzetan. Betidanik izan du landa garapenarekiko harremana eta interesa. Ekintzailetza gradu bat ikasi du —LEINN Lidergotza Ekintzailetza eta Berrikuntza— , eta ekintzailetza ikuspegi «askotatik» ikus daitekeela esan du. Gehien erakartzen duen arloa ekintzailetza soziala da; horregatik, gradu amaierako lanean aldaketa batzuk egin zizkion Pueblos Vivid Herriak proiektuari. Aldaketa horiek enpresari egindako proposamen bihurtu ziren. Bi urte daramatza haiekin lankidetzan, eta aurten hamabi herritan ibili da lanean: Allon, Eslaban, Murietan, Lesakan, Goizuetan, Murillo el Fruton, Petilla Aragoin, Unzuen, Atetz bailaran, Beiren, Miranda Argan eta Zarrakaztelun. 

ZALDIEROA

Pueblos Vivid Herriak proiektuaren barruan dauden herrietara joaten da Iruretagoiena bere lantaldearekin, eta kolektibo ezberdinak elkarrizketatzen ditu. Horrela, «testuinguru orokorra» lortzen dute: «Herriko jubilatuekin, gazteekin, komertzioekin eta tabernariekin hitz egiten dugu, jakiteko herriak zer erronka dituen, eta zer behar dauden. Gainera, herritarrek gu ezagutzeko aukera izaten dute, eta hori oso garrantzitsua da. Konfiantza sortu beharra dago; izan ere, ezezagun batzuk zure herrira joatea eta herriarentzat lan egiten hastea bortitza izan daiteke batzuentzat». Behin erronkak eta beharrak identifikatuta, lan saio bereziak antolatzen dituzte: «Herritarrek adierazten dizkigute beren beharrak, herria nola ikusten duten eta nola ikusi nahiko luketen». 

Hainbat erronka nagusi

Carbok eta Perezek Iruretagoienarekin lan egiten dute, eta, bi herrietako egoera erabat ezberdina den arren, bi kasuetan etxebizitzaren egoerak eragina du. Hala ere, modu desberdinean. Petilla Aragoin etxeak salgai daude, baina ez dago etxe horiek erosi nahi dituen jenderik. Beraz, Carbok azaldu du udalak erosi egin dituela salgai dauden etxe horiek: «Lau etxe erosi ditugu; izan ere, jendeak etxeak saldu egin nahi ditu. Arazoa da kanpotik datorren jendeak alokatu egin nahi dituela etxeak, ez erosi. Horregatik erosi ditugu guk, herrira etortzeko oztopo bat izan ez dadin». 

ZALDIEROA

Miranda Argako kasua erabat ezberdina da. Perezek azaldu du badagoela jendea etxeak erosi nahi dituena, gazteak bereziki, baina ez dagoela etxerik salgai. Hori seinale «ona» da Perezen ustez, jendeak herrian gelditu nahi duen adierazle delako. 

«Gazteek etxebizitza bat edukita, herriaren aktibazioa eta dinamizazioa martxan jar daiteke. Hori hala izan ezean, zaila da»

UXUE IRURETAGOIENA Pueblos Vivid Herriak proiektuko arduraduna

Etxebizitzaren erronka bada landu beharreko gai bat, Iruretagoienaren iritziz: «Erronka hori argitu ezean, herriak galduz joango dira. Gazteek etxebizitza bat edukita, herriaren aktibazioa eta dinamizazioa martxan jar daiteke. Hori hala izan ezean, zaila da». Carbo bat dator harekin, eta esan du herri txiki batean bizitzea «gustatu» egin behar dela: «Bakardadea ere gustatu egin behar zaizu, natura, mendia… Herrian bizitzea ez da mundu guztiarentzat egokiena». 

Mendiz inguratutako herri batean bizitzeak hainbat arazo ekar ditzake, eta horietako bat da Internet zerbitzu eskasa eta estaldurarik eza. «Gurean Internet ez dabil hirietan bezain ondo; beraz, etxetik lan egitea zaila da. Badago jendea hirietatik herrietara etorri nahi duena, baina oztopo handia da hori», azaldu du Carbok. Argitu du Petilla Aragoira doazenak landa esparruan lan egiten dutenak direla, soroetan, ehizan eta nekazaritzan, besteak beste.

Kulturartekotasuna bultzatuz

Miranda Argan atzeman duten erronketako bat da kulturartekotasuna, eta, hain justu, hori lantzen dihardute Iruretagoienak eta Perezek. «Hiri handietan integratzea asko kostatzen da, eta herri txiki batean, are gehiago. Komunitate eta kultura ezberdinak dira, tradizio asko daude, eta hizkuntza ere bada muga bat», azaldu du Perezek. Atzerritik datorren jendea bertakotzea da haien helburua. 

«Hiri handietan integratzea asko kostatzen da, eta herri txiki batean, are gehiago. Komunitate eta kultura ezberdinak dira, tradizio asko daude, eta hizkuntza ere bada muga bat»

JOSU PEREZ Miranda Argako bizilaguna

Hori sustatzeko, Kulturarteko Bermuta egitasmoa antolatu dute, bigarren aldiz. «Arrakasta» duen egitasmoa dela azaldu du Perezek: «Luzerako etorri da Kulturarteko Bermuta. Nork bere herrialdeko janaria prestatzen dute herritarrek, eta jendeak janari ezberdinak probatzeko interesa izaten du». Herritarren erantzuna «oso ona» dela adierazi du, eta herriaren alde egiten duten lana eskertzen dute. 

ZALDIEROA

Miranda Argan bizitzeko «denetik» dagoela esan du gazteak; aitortu du eskaintza «txikia» dela, baina «nahikoa» dela bertan bizitzeko. Haren ustez, gauzak egiteko ekimena falta da herrian. Horregatik, despopulatze arriskuan dauden herriak proiektuak sortzera animatu nahi ditu Perezek, «Nafarroako herriek bizirik jarrai dezaten».