Nafarroako Unibertsitateak ez du baimendu Vito Quilesen ekitaldia

Nafarroako Unibertsitateak ez du baimendu Vito Quilesen ekitaldia

Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio fakultatean ekitaldi bat iragarri du bihar arratsalderako, baina unibertsitateak ez dio horretarako baimenik eman. Hala jakinarazi dute ohar bidez, eta gehitu dute Espainiako Poliziarekin harremanetan daudela bihar «zerbitzuak bermatu» daitezen. Hain zuzen, ekitaldiaren kontra mobilizatzeko deia egin dute mugimendu antifaxistek, Faxismoaren aurrean kaleak hartu lelopean.

Nafarroako Unibertsitateak ohar bidez azaldu duenez, campusean egiten diren ekimenak «ikasgai zehatzen pean» edo unibertsitate autoritateen baimenpean egin behar dira, eta Quilesen ekimenak ez ditu ezaugarri horiek betetzen. Hala, defendatu dute unibertsitatea toki «plurala» dela, «ideien arteko eztabaida» sustatzen duena, eta han ez dutela lekurik «aktibismo politikoak edo interes pertsonalek».

Oharrean, erreferentzia egin diete Quilesek berak beste unibertsitate batzuetan egindako ekitaldiei ere, eta salatu dute «aldeen arteko enfrentamendu eta indarkeria» eragin dutela. Hain zuzen, istiluak izan dira Quilesek Malagan, Granadan (Espainia), Bartzelonan eta Valentzian (Herrialde Katalanak) egin dituen ekimenetan.

Hala, Nafarroako Unibertsitateak «elkarbizitza baketsuaren aldeko konpromisoa» duela berretsi du, eta gehitu du «giro akademikoa» eta bertako zerbitzuak normaltasunez emateko lanean ari dela. Horretarako, harremanetan jarri dira Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin eta Espainiako Poliziarekin.

Quilesek 18:00etarako iragarria du bere ekitaldia. «Faxismoa goresteko» ekitaldi bat dela diote mugimendu antifaxistek, eta horregatik dei egin dute 17:30ean Komunikazio fakultatearen aurrean elkartu eta protesta egiteko.