Salatu dute Hezkuntza Departamentuaren politikek kalte egiten diotela irakasleen osasunari

Salatu dute Hezkuntza Departamentuaren politikek kalte egiten diotela irakasleen osasunari

«Gimenoren anestesia progre horrek ez du balio irakasleon ondoeza apaltzeko, eta langileak ez daude prest lan baldintza txarretan lan egiteko». Steilas sindikatuak gogor jo du Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren politiken aurka. Uste dute «kalterako» direla, hala irakasleen lan baldintzei dagokionez, nola langileen osasunari begira. Hori dela eta, protesta egin dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren parean, eta Carlos Gimeno kontseilariaren «manipulazioa» salatu. «Sinetsarazi nahi digute politika aurrerakoiak gauzatzen ari direla, gobernuan UPN ez dagoelako, baina erregimenak berean dirau. Garbi gelditu zen hori, [hezkuntza] ituna gutxiengoan sinatu zutenean, sindikatu eskuindarrekin», esan du Steilaseko ordezkari den Raul Lopez Ekaik, elkarretaratzean.

Datutan neurtu nahi izan dute Gimenoren politikek lan baldintzetan izan duen eragina. «Departamentuak dio egiturazko interinitatea %5 inguru dela, baina egiazki, %50etik gertu dago», adierazi du Lopez Ekaik. «Gainera, PSOEk bat egiten du Espainiako botere faktikoekin, Europako Batasunaren 1999/70 zuzentaraua ez aplikatzeko, eta langile kontratudunen prekarizazioari eusteko».

Azken urteetan, irakasleen erosahalmena zeharo murriztu dela salatu du Steilasek: «%20 baino gehiago, 2010. urteaz geroztik». Horrez gain, lan baldintzek ere okerrera egin dute, sindikatuaren esanetan: «Izugarri handitu da burokrazia lana, eta aparteko orduak sartzen ditugu une oro, inongo konpentsaziorik gabe. Irakasleon lanaldia nahieran luza dezakete agintariek, eta hori gutxi balitz bezala, behar bereziak dituzten ikasleen inklusioa bermatu nahi dute orain, horretarako beharko liratekeen baliabideak jarri gabe». Horren ondorioz, «lan gainkarga eta etsipena» areagotu direla uste dute sindikatuko ordezkariek.

«Gimeno kontseilaria etengabe ari da bere burua goresten eta hezkuntza publikoaren egoera idilikotzat jotzen, baina errealitatea oso latza da», laburbildu du Lopez Ekaik. Horren adibidetzat jo ditu Lanbide Heziketan piztu den lan gatazka eta euskarazko eredua zabaltzeari jarritako traba ugariak: «Zailtasunak jartzen dituzte D ereduko lerro berriak irekitzeko, eta ingeleseko saioen kopurua handitzen dute, euskarazko murgiltzea oztopatzeko».