Urriaren 15ean lanuzteak egin zituzten Euskal Herriko ikastetxe gehienetan, Palestinako genozidioa salatzeko. Greba egun guztietan bezala, beraz, langileek jasoko duten hurrengo nominan deskontatu eginen zaie lanegun horri dagokion dirua. Irakasleok Palestinarekin taldeak kanpaina abiatu du Nafarroan, zera eskatzeko: administrazioak aurreztuko duen diru hori eman diezaiola UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari.
«Nazio Batuen Erakundearen agentzia bat da, palestinarrek itzultzeko duten eskubidea aitortzen du, eta, beraz, nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, eskubide hori gauzatzeko egitura nagusia da», adierazi du taldeak ohar batean. Irakasleok Palestinarekin taldeak gogorarazi du Israelek berriro urratu duela su-eten akordioa, eta premiazkotzat jo du Gazara laguntza bidaltzea: «Egun, Israelek Gazako hezkuntza azpiegitura ia guztiak suntsitu ditu, NBEko eskolak ere bonbardatuz. Haurrek bi urte daramatzate eskolara joan gabe, genozidio honen ondorioak pairatzen eta bizirauteko borrokan».
Hori dela eta, greba eguneko dirua UNRWAri igortzeko kanpaina abiatu dute irakasleek, eta eskaera aurkeztu dute gaur goizean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren egoitzan. Eskaera agiria erregistratzearekin batera, gutun bat ere igorri diote Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari.
