Nafarroako Parlamentuan islatu da gaur lurraldean biometanizazio plantekin dagoen ezjakintasuna eta haserrea. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lege proposamen bat eraman dute osoko bilkurara, gaur egun lurraldean martxan dauden eta proposatu diren biometanizazio plantak bi urtez gelditzeko eta legea moldatzeko denbora izateko. Bada, proposamen horrek ez du aurrera egin, eta PSNk eta UPNk aurkeztutako zuzenketa bat onartu dute. Hala, soilik urtebetez gelditu dute proposamen berrien tramitazioa. Ingurumenean eragina duten aktibitateak arautzen dituen 17/2020 legea moldatu dute horrela.
EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak tramitazio bidean dauden proiektuak ere gelditzeko proposatu du, eta soilik aurrera egitea jada ingurumen baimena duten proiektuek. Bada, onartutako zuzenketarekin, kautelaz bertan behera geratuko dira administrazio espediente batzuk; hala ere, informazio edo agerpen publiko fasea amaituta duten proiektuek aurrera egiten jarraituko dute. Ingurumen baimen bateratu bat duten edo foru interesekoak diren proiektuek aurrera jarraituko dute. Kautelazko suspentsio hori 2026ko irailaren 30ean amaituko da, baina tarte horretan ongarrien erabilera eta kudeaketa arautzen duen legerik onartuko balitz, orduan geratuko litzateke bertan behera.
Izan ere, legearen moldaketa honen helburua da denbora irabaztea, biometanizazio plantek izan dezaketen eragina ebaluatzeko eta legea ondorioetara moldatzeko. Hori dela eta, lege proposamena aurkeztu duten hiru talde politikoek «benetako luzamendu» bat aldarrikatu dute, eta uste dute azkenean onartu dena ez dela nahikoa. Geroa Baiko Pablo Azkonak azaldu du parlamentuko hautetsiak «arazoak konpontzeko» daudela, eta ez «sortzeko»: «Ez dezagun biometanizazioa arazo bilakatu».
EH Bilduko Adolfo Araizek nabarmendu du «beharrezkoa» dela planta horien hedapena gelditzea, eta zera eskatu die hautetsiei: «Parlamentu honek ezin du beste alde batera begiratu, herritarren 10.000 alegazioei kasu egin behar zaie». Bestalde, biometanizaziorako planten tramitazioek parte hartzaileak izan behar dutela ere aldarrikatu du. Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek uste du PSN urrunegi joan dela, eta gaizki ikusi du zuzenketa «urardotu» hori onartzea aurrekontuak adosteko negoziaketak martxan dauden bitartean: «Aintzat hartuko dugu».
Kalean, protestak
Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura hasi aurretik, hamarnaka lagunek protesta egin dute parlamentuaren atarian, txilibituekin zarata ateraz. Sustrai Erakuntza elkarteak deituta bertaratu dira, eta talde politikoei eskatu diete lege proposamenaren alde bozkatzeko, biometanizazio plantei baimena emateko prozedurak bi urtez atzeratzeko.
Egun, hamazazpi proiektu daude martxan Nafarroan; horietatik handienetakoak diren sei 30 kilometroko diametroa duen zirkulu batean daude, Lizarraldean, eta horiek batuta urtean guztira abeltzaintzatik eratorritako 600.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena izango dute. Gure herriengatik! Aire garbiaren eta Nafarroako landa eremuaren duintasunaren eta etorkizunaren alde! Luzamendua orain! bezalako leloak zituzten afixak ikusi dira protestetan.
Sustrai Erakuntza talde ekologista da biometanizazio planten hedapen azkarraren kontra egiten ari den taldeetako bat, eta uste du gaur eztabaidatu duten lege proposamena dela modu bakarra tramitazioan dauden eta aurkezteko bidean dauden proiektuak geratzeko. «Luzamenduak bermatzen du informazio, eztabaida eta plangintza demokratiko prozesu bat egitea. Eta, beraz, abeltzaintzako hondakinen arazoari neurriko irtenbide bat izatea», dio elkarteak.
