Vito Quiles azkenean ez da azaldu, baina hankaz gora jarri du Nafarroako Unibertsitatearen ohiko jarduera. Eskuin muturreko ekintzaileak ekitaldi batera deitua zuen Komunikazio fakultatean gaur arratsalderako, eta azkenean bertan behera utzi badu ere, haraino bertaratu dira ehunka kide antifaxista, Faxismoa goresteko ekitaldi bat zela argudiatuta. Tentsio uneak egon dira haien eta Espainiako poliziaren artean.
Guztia amaituta, Iturrama auzora jo dute manifestariek eta poliziek kargak egin dituzte haien kontra. Inguruko kale eta errepideak mozten ahalegindu dira protestan ziren gazteak. Poliziak oldartu egin zaizkie eta liskarrak egon dira auzoan. Poliziak gomazko pilotak jaurti ditu baita piper gasa ere. Istiluak auzoan hedatu dira eta haren erdigunean den Lopez frontoiaren inguruetaraino heldu dira.
Atzo, Nafarroako Unibertsitateak iragarri zuen ez zuela baimendu Quilesen ekitaldia eta gaur 15:00etatik aurrera unibertsitatearen jarduera oro bertan behera utzi du, liskarren beldur eta segurtasun arrazoiengatik. Horren aurrean, bere burua biktima gisa aurkeztu du Quilesek eta sare sozialetan idatzi du Espainiako Poliak ohartarazi diola ezin zuela haren segurtasuna bermatu: «etazaleen eta abertzaleen mehatxuak» aipatu ditu bere ekitaldia bertan behera uzteko.
Guztia hasi aurretik, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak argitu du ultraeskuineko pertsona horrek ez zuela baimenik Nafarroako Unibertsitatean ekitaldia egiteko. Hala, unibertsitate bide eta errepide guztiak polizien kontrolpean zeuden arratsaldeko lehen ordutik. Halaber, Espainiako Poliziaren eta Foruzaingoaren furgonetak handik hona zebiltzan unibertsitate inguruko errepideetan eta Iturrama auzoan.
Poliziak eta kazetariak
Poliziez gain, liskar arriskuaren aurrean, kazetari andana gerturatu dira fakultate aurreko zabalunera. Hasieran, giroa oso bare zegoen. Ikasle gutxi zeuden inguruan, baina apurka 50 kide inguruko talde bat bildu da zabalune horretan. Horietako batzuk Espainiako banderekin tolestu dute euren gorputza. Halaber, 17:30 aldera, hego ekialdetik eta campuseko zelaietatik barna mugimendu antifaxista gerturatu da, txupinak jaurtiz.
Zabalunera iristear zirela, Espainiako Poliziaren lerro batek galarazi egin die aurrera egitea. Handik ehun bat metrotara, goikaldetik haiei so zeuden Quilesen jarraitzaileak eta antifaxistek haien aurka egin dute oihu. «Alde hemendik» eta faxismoaren aurkako mezuak zabaldu dituzte. «Nola egingo dugu alde, gure unibertsitatean gaude», esan du Quilesen jarraitzaileetako batek. Une horretan, gazte horrek berak «Gora Espainia!» orro egin du eta, probokazio horren aurrean, antifaxistak aurrerantz egin dute.
Espainiako polizia bat eta manifestariak. Tentsio uneak sortu dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Espainiako Poliziek ez dute lerroa hautsi. Istiluen aurkako materiala zuten soinean, baita gomazko bala jaurtigailuak ere. Urduritasun handia zegoen inguruan. Gazteek botilak, txupinak eta bengalak jaurti dituzte, baina azkenean ez da liskarraren txinpartarik piztu. Hori bai, izututa, fakultate aurreko zelaigunean zeuden gazteek alde egin dute, kontrako norabidean, Nafarroako Unibertsitateko Museorantz.
Orduan, zurrumurrua zabaldu da Eskirozko zelai batean istiluak egon direla antifaxisten eta polizien artean. Polizien bi furgoneta ziztu bizian atera dira harantz. Bertaratzerako, istilurik ez zen. Eta ordu erdia igarota, 18:00ak aldera, antifaxistak etorri diren tokitik itzuli dira. Alde egiten ari zirela, objektu batek unibertsitateko ikasle bati jo dio ahoan eta min keinu nabarmena egin du. Lagunek euren artean zioten hortzen bat galdu duela.
Antifaxistek Iturrama auzorantz jo dute, eta han bai egon dira liskarrak manifestarien eta polizien artean. .
