BSHren itxierak kaleratzeak eragin ditu ISS enpresan eta Cascanteko Mecacontrolen

BSHren itxierak kaleratzeak eragin ditu ISS enpresan eta Cascanteko Mecacontrolen

BSHk abendu amaieran itxiko ditu ateak behin betiko, eta haren ondotik, bere hornitzaile ziren bi enpresak jada nabaritu dute kolpea. Zehazki, ISS garbiketa enpresak hemezortzi langile kaleratzeko asmoa du. Gainera, Mecacontrol taldeak Cascanteko lantokian (Nafarroa) plastiko-injekzioko atala itxiko du eta zeregin horretan aritzen diren 48 langileak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu du. 

Atzo arratsaldean, ISS enpresan ordezkaritza duten sindikatuek (CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidari) elkarretaratu ziren egoitza aurrean. Kaleratze zuzenen ordez, bestelako alternatiba eskaini dio langile batzordeak zuzendaritzari.

Proposatu diote enpresari lan egindako urte bakoitzeko 40 eguneko kalte-ordaina ematea, hiru urte erdiko gehienezko mugarekin: epe horretan kaleratutako langileak berriz hartzeko zerrendan jartzea nahi dute. Gainera, 52 urtetik gorako langileentzat babes neurriak ere eskatu dituzte. 

Sindikatuek BSHri ere zuzendu zioten mezua. Alemaniako taldeak azpikontratatutako enpresa da ISS eta bertako langileek ez dute BSHko beharginei aplikatutako baldintza berak izango. «BSHri eskatzen diogu ez ditzala albo batera utzi langile horiek, azken hamarkadatan irabaziak izaten lagundu dutelako». 

Mecacontrolen itxiera

Mecacontrol taldeak Cascanteko Plasticas Mecacontrol fabrika itxiko du eta 48 langile kaleratuko ditu. Bere arazoak ez daude soilik BSHren itxierarekin erlazionatuta, baina Ezkirozko fabrikaren itxiera Erriberako lantoki horri bete-betean eragin zion. Plastikoaren injekzio bidezko piezak ekoizten dituzte, eta BSH zuten bezero nagusi. 

Horri loturik, egun autogintzaren sektorean diren arazoek ere eragin diote, eskari kopurua jaitsi egin baitzaio. Hala, taldeak erabaki du plastiko-injekzioen atala ixtea eta Burgosko (Espainia) fabrikara eramatea; aldiz, piezen mekanizazioan aritzen diren hamasei langileek Cascanten jarraituko dute lanean. 

Kaleratutako langile batzuei Burgosen lan egiteko aukera eskainiko die zuzendaritzak. Kalte-ordainen baldintzak orain negoziatuko dute UGTrekin, hura baita ordezkaritza duen sindikatu bakarra —bost kide ditu—. Azaldu dutenez, laster trengintza hornitzeko produkzio atal bat abian jarriko da Cascanten, baina ekoizpen lerro horretan ezingo dira aritu kaleratu nahi diren langile guztiak.