Hamaikagarren urtez aurrekontuak izango ditu Nafarroak. Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu dute datorren urteko aurrekontuak ahalbidetzeko, eta aurreko urteetan egin bezala, EH Bildu abstenitu egingo da. Negoziazio zailak izan direla baieztatu dute bi aldeek, baina, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren esanetan, «interes partekatuak» dituzte. Bere aldetik, Laura Aznalen ustez, «balio politikoa» du akordioak. «Hamaika urte badira eskuinak baldintzatu gabeko aurrekontuak ditugula».
Aurrekontu lege proiektua parlamentuan aurkeztu baino ordu erdi lehenago, 12:30ean, sinatu dute akordioa. Gobernuaren izenean, han ziren Arasti bera eta hiru presidenteordeak —Felix Taberna, PSNkoa; Ana Ollo, Geroa Baikoa; eta Begoña Alfaro, Zurekin Nafarroaren izenean—. EH Bilduren aldetik, agerraldian izan dira Aznal, Adolfo Araiz eta Mikel Zabaleta.
«Eskuinak zarata sortzen du, aurrera ez doan Nafarroaren irudia ematen du, baina hori gezurra da. Hemen dago lan isilaren emaitza».
JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria
Aurrekontuek herritarren beharrei erantzun eta gizarte zerbitzuak indartzeko balioko duela nabarmendu du Arastik. «Diferentzia agerikoak ditugu, baina era berean lehentasunak partekatzen ditugu». Hala, eskuineko oposizioari zuzendu zaio. «Zarata sortzen du, aurrera ez doan Nafarroa baten irudia ematen du, baina hori gezurra da. Horren aurrean, arduraz jokatuz, hemen dago lan isilaren emaitza». Gerora galdetu zaio atzoko istiluen harira UPNk kritikatutakoaz: «Ni atzo 23:00ak arte egon nintzen hemen negoziatzen, eta gaur 08:00etan ekin diogu elkarrizketari. Ez dut betarik izan Cristina Ibarrolak esandakoa entzuteko».
Aznalek argi utzi du ez direla EH Bilduren aurrekontuak. «Horregatik abstenituko gara», zehaztu du, baina jarraian argi utzi du euren ekarpena nabarituko dela 2026ko kontuetan. «Geroz eta ezegonkorragoa den mundu honetan, atzera egiteko geroz eta saiakera gehiago ikusten dugun honetan, are balioa handiagoa du indar aurrerakoien arteko akordioak». Zerbitzu publikoa indartzea izan da EH Bilduren xede nagusia. «Egonkortasuna eman diogu gobernu honi azken urteotan, arduraz jokatzen dugulako, herria alderdiaren gainetik lehenetsiz».
Hamabost milioi euro
Akordioaren arabera, lege proiektuak jada jaso ditu koalizioak proposatutako diru sailak, eta orotara hamabost milioi euro finantzatuko dituzte EH Bilduk proposatutako neurriek. «Dirua ez da garrantzitsuena, proposamenaren eduki kualitatiboari ematen diogu garrantzitsua», aipatu du Aznalek. Hala, akordioak fiskalitate arloko eta departamendu bakoitzeko diru sailak jasotzen ditu.
Urtero, aurrekontuekin batera, zerga neurriak eztabaidatzen dira parlamentuan. Aurtengoan, datorren ostiralean aurkeztuko du lege proiektua gobernuak, eta gobernuko hiru bazkideak zein EH Bildu negoziazio betean dira.
Aurrekontua. Orotara, 6.741 milioi euroko aurrekontua izango du gobernuak 2026an, eta, behin finantza gastuak kenduta, 6.319 milioi erabiliko ditu gastu eta inbertsio publikorako. Aurtengoarekin alderatuta, %5 gehiago izango du hortaz.
Normalki, fiskalitatean diferentziak are nabarmenagoak izan ohi dira, baina, aurrekontuaren eztabaidaren testuinguruan, koalizio abertzaleak neurri garrantzitsu bat hitzartu du: errenta zergako kenkarien bidez, 1.100 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko du.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak autogobernuan beste urrats bat egiteko konpromisoa hartu du, eta lan eta Gizarte Segurantzako ikuskaritzaren eskumena bereganatzeko tramiteak hasiko ditu. «Funtsezkoa da. Lan istripu kopurua handia da, eta garrantzitsua izan daiteke eskumen hori gure gain hartzea, zifra horiek hobetzeko eta, nola ez, gure subiranotasuna bermatzeko», azaldu du Aznalek.
«Egonkortasuna eman diogu gobernu honi azken urteotan, arduraz jokatzen dugulako, herriaren interesak alderdiaren gainetik jarriz»
LAURA AZNAL EH Bilduko eleduna
Euskararen atalean, bi ekarpen nabarmendu ditu Aznalek. Alde batetik, Faltzesen D eredua ezartzeko 950.000 euroko aurrekontua jaso da. «Herrian D eredua ezartzea bultzatu duten familiena da meritua. Azken urteetan aldarrikapen hori jaso eta eskari hori betetzeko lan egin dugu». Bestetik, helduen alfabetatzeari begira, «jauzi kualitatiboa» emango da ikasleek A2 eta B1 mailetako matrikulazioa doan izan dezaten.
Zerbitzu publikoei dagokionez, mendekotasun arloan balorazio talde berri bat sortuko da, eskaerak egiten dituzten herritarrei epeak laburtu asmoz. Horrez gain, Osasun Departamentuak osasun azpiegituren plan bat landu beharko du asistentzia beharrei aurre egiteko. Etxebizitzaren eremuan, etxe parke publikoa garatzeko neurriak jaso dira.
Abenduaren 18an
Akordioa iragarri eta ordu erdira, 13:00etan, Arastik Nafarroako Parlamentura jo du, eta 2026ko aurrekontuen foru lege proiektua aurkeztu dio Unai Hualde legebiltzarreko lehendakariari. Modu horretan, aurrekontuek parlamentuko bideari ekingo diote. Abenduaren 18ko osoko bilkuran aterako dira aurrera.
Horri begira, EH Bilduk konpromisoa hartu du ez duela oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketarik babestuko. Gainera, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aho batez onartutako zatikako zuzenketa guztiak aurrera aterako dira. Berez, orain onartutako akordioan jaso denez, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa partzialek beste 4,4 milioi eurora arteko diru sailak finantzatuko dituzte. «Oraindik ere, jokatzeko partida geratzen da», dio Aznalek.
Aurreko urteko akordioa bete ote den galdetuta, Aznalek onartu du bete gabeko puntuak daudela. «Adibidez, aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren legetik eratorritako kontu zehatz batzuk ez dira bete, eta guretzat garrantzitsuak dira. Uler ditzakegun faktoreak daude, baina bete dadila exijitzen jarraituko dugu».
UPN, kexu
UPN aurrekontu akordioaren kontra azaldu da, eta ohar batean kritikatu du EH Bilduk «gero eta indar handiagorekin» ezartzen duela Nafarroako Gobernuaren bidea. Cristina Ibarrola alderdiko presidentearen ustez, ez da «konponbide erreal bat bera ere» jaso etxebizitza eta osasungintza arloetan dauden arazoak konpontzeko, baina bai «Nafarroaren euskalduntzean eta subiranotasunean». Hala, PSNri txarretsi dio Nafarroa «abertzaleago» bat sustatzea.
Kontrara, PSNk eta Geroa Baik ontzat jo dute ituna. Ainhoa Unzu sozialistak nabarmendu du «ezberdinen arteko ulermenaren» ondorio dela akordioa, eta gobernuaren «egonkortasuna» indartzen duela, «Nafarroaren aurrerapen sozialaren eta ekonomikoaren» mesedetan. Geroa Baik, berriz, «arduraz» jokatu izanari eman dio garrantzia, eta aurrekontuen «begirada aurrerakoi eta plurala» nabarmendu du.
Akordioa
	Gutxieneko pentsioa. Urtean, gutxienez 15.400 euro gordineko errenta bermatuko zaie pentsiodunei, kenkarien eta osagarrien bidez.
	Haur eskolak. Udalekin hitzarmenetan, haur eskoletarako diru saila handituko da, eta zentroetako langile kontratazioa batez beste 1,5ekoa izatea bermatuko da. 
	D eredua. Faltzesen D eredua ezarriko da, eta 2026-2027 ikasturterako egiten diren eskari berriak egoki erantzuteko konpromisoa hartu du Hezkuntza Departamentuak.
	Etxeko arreta zerbitzua. Herrietan, etxeko arreta zerbitzua indartzeko 1,8 milioi euro inbertitu dira. Gobernuak orain hitzartu du ez duela diru laguntza deialdi bidez egingo eta finantzaketa hori egonkortzeko beste bideak hartuko dituela.
	Euskara. Helduen alfabetatzean, 150.000 gehiago jarriko dira A2 eta B1 mailetako ikasleen matrikulazioa errazteko. Euskaltegietako laguntzak beste 75.000 euro handituko dira eta euskarazko ikus-entzunezko edukia sustatuko da.
