Badira hitzek baino gehiago pisatzen duten isiltasunak. Urteen poderioz bulego zein epaitegiak zeharkatu eta azalpenik gabe desagertzen diren agirietan txertatzen direnak. Azken egunotan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epai batek oroitarazi digu isiltasun horien zama: Espainia zigortu dute bi emakumek 2016an Iruñean salatutako bortxaketa bat behar bezala ikertu ez izanagatik, sumisio kimikoa tarteko.
Bederatzi urte geroago, Estrasburgok mahai gainean jarri du askok ahapeka besterik esan ez zutena; arduragabekeria, manipulazioa eta konplizitatea egon ziren. Frogak poliziaren zaintzapean galdu ziren eta babes eman behar zuten instituzioek beste alde batera begiratu zuten. Ez ziren akats isolatuak izan, sistemaren utzikeria eta boterea elkarri lotzerakoan sortutako gezur kate bat baizik.
Bi emakumeek sexu indarkeriaren modu ankerrenetako bat salatu zuten: sumisio kimikoa. Ez zen baimenik egon, ez eta kontzientziarik ere. Eta hala ere, epaileek kasua artxibatu zuten frogak falta zirela argudiatuta. Hor hartzen du Soilik baietz da baietz legeak zentzu osoa, baimena ez baita existitzen askatasunik eta borondaterik ez dagoenean. Emakume bat drogatuta eta ondorioz ezereztuta dagoenean, ez da balio duen baiezkorik.
Biktimen abokatuak, Jose Luis Beaumontek, bederatzi urteko bideari eutsi dio eta epailearen zein fiskaltzaren axolagabekeriaren aurrean jardun du. Izan ere, fiskaltzak ez zuen ezer egin, epaitegiek elkarri pasatu zioten auzia, ardurarik hartu gabe, eta frogak desagertu zirenean, ikerketa Espainiako Poliziari agindu zitzaion, disko gogor bat manipulatzea leporatzen zitzaion erakunde berari. Emaitza? Ikerketa huts bat eta zigorrik gabeko inpunitatea.
Estrasburgoren epaiak, ordea, ez du zalantzarako tarterik utzi. Estatu espainiarrak urratu egin zituen tratu ankerrik ez jasateko eskubidea, polizia zein epaitegi agintariek biktimen osotasun fisiko eta morala babesteko eskubidea eta arrazoizko epe batean bidezko epaiketa bat izateko eskubidea ere.
Zigorgabetasun horrek agerian uzten du isiltasun instituzionalaren eta boterearen aurrean justiziak makurtzeko duen joera
Hala, argi geratu da bi aldiz biktima izan zirela; lehenik erasotzaileen eskutik eta ondoren, sistemaren eskutik, abandonuaren eta axolagabekeriaren bitartez. Ez da izango kasu honen epaiketarik, ez kondenarik, ez erantzulerik. Berandu datorren kalte ordaina soilik, sendagarririk gabea.
Imajinatzen dut biktimek azken albiste honekin nolabaiteko poza sentitu dutela, lasaigarri moduko bat. Baina ez da nahikoa, ez baita inolaz ere bidezkoa bortxatzaile zein konplizeek egindakoagatik ordainik ez jasotzea. Horrelako sufrimenduaren ostean inork ez du merezi justiziak bizkarra ematea, nazkagarria da.
Zigorgabetasun horrek agerian uzten du isiltasun instituzionalaren eta boterearen aurrean justiziak makurtzeko duen joera. Dena den, bada honen guztiaren barnean nabarmentzeko mezu bat: amore ematen ez duzunean, lurperatu nahi den egiak ere aurkitzen du bere bidea. Estrasburgok egia entzunarazi du, eta hori bera garaipen bat da.
