Valle de Odieta enpresak Caparroson (Nafarroa) duen makroetxaldeko bi zuzendari zigortu ditu asteon Iruñeko auzitegiak, ingurumenari kalte egin eta legez kanpo digestatoa naturara isurtzeagatik. Epai horren aurrean Sustrai Erakuntza eta Greenpeace pozik azaldu dira, eta «ontzat eta garrantzitsutzat» jo dute epaia. Dena den, zapore gazi-gozoa utzi die batari zein besteari, gaur Iruñean egindako prentsaurreko batean azaldu dutenez.
Pablo Lorenteren arabera, atzo Nafarroako Parlamentuan gertatutako agerian uzten du makroetxaldeen eredua ez dela auzitan jarri; izan ere, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lege proposamen bat aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan, biometanizazio planten tramitazioak bi urtez gelditzeko, baina azkenean PSNk eta UPNk adostutako zuzenketa «urardotu» bat atera zen aurrera, soilik urtebeteko luzamendua onartuz.
Greenpeaceko Lorea Floresen arabera, ordea, aste honetan emandako Valle de Odietaren kontrako epaia haiek uste baino arinagoa da: «Behin baino gehiagotan gertatzen da. Ingurumenaren aurkako delituak arin hartzen dituzte epaitegiek, eta epaiak behar luketena baino arinagoak izaten dira».
Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegiak 11 hilabeteko kartzela zigorra ezarri berri die Caparrosoko (Nafarroa) makroetxaldeko enpresaren bi zuzendariri, baita abeltzaintzan aritzeko bi urteko inhabilitazioa ezarri ere. Valle de Odietako kontseiluko kide guztien aurka jarri zen salaketa, eta haiek errugabetu ditu epaitegiak, soilik bi zuzendari zigortuz. Halaber, 4.200 euroko isuna ezarri zaie enpresaren abelzaintza arloko bi goi kargu horiei. Epaitegiak egiaztatu du jakinaren gainean zeudela digestatoa barreiatu zutenean, eta teknikariek frogatu zuten isuria Aragoi eta Arga ibaira heldu zela.
Horren aurrean, Pablo Lorentek azaldu du ez direla inor zigortzearen guztiz aldekoak, baina bai agerian utzi dutela abelzaintza eredu industriala oso arriskutsua dela ingurumenari begira. Valle de Odietaren isuria naturgune babestu baten ondoko lurretan izan zen, eta bertan babes bereziko espezieak egon ohi dira.
Lorentek Nafarroako Gobernuako basozaintzan aritzen diren langileak eta foruzainak eskertu ditu. Landa Garapen eta Ingurumen ataleko «zuzendaritza politiko okerraren gainetik», Valle de Odietak egindako isuria ikertzeko eta egiaztatzeko gai izan direla nabarmendu du. Horri loturik, Floresek gogoan izan du mobilizazioaren garrantzia. «Guardek aipatu zutenez, gertakari hauen berri izan zuten honen inguruan sortzen ziren mobilizazioengatik. Nahiz eta gero eta kriminalizatuago dagoen protesta soziala, ikusten da zer garrantzia duen».
Lotuta daude gertakariak
Azkenik, Lorentek gogora ekarri du atzo Nafarroako Parlamentuan gertatutakoa. UPNk, PSNk eta PPk biometanizazio proiektu berriak gelditzeko urtebeteko epea onartu dute, baina tramitean direnak aurrera jarraituko dute. Lorenteren arabera, atzerapena gezurra da, eta, beraz, erraztu egingo dira.
Horren harira, Lorentek gogora ekarri du makroetxaldeen digestatoa barreiatzeko biometanizazio proiektuak beharrezko direla, eta azkenaldian egitasmo horien boom bat dagoela. «Jada gainezka daude Nafarroako lurrak eta lurrazaleko zein lur azpiko akuiferoak. Administrazioak nitratoaren eta fosfatoen ondorioz kutsatutako lur azalera hirukoiztu du eta proiektu horiek arazoa areagotuko dute».
