Arrosadiko Gelbentzu zinemak kultura izango du abiapuntu

Arrosadiko Gelbentzu zinemak kultura izango du abiapuntu

2003tik dago itxita, eta berriz irekitzeko hainbat saiakera egin ondoren, Auzoan ezin hobe proiektuaren bitartez, Iruñeko Arrosadia auzoko Gelbentzu zineman gero eta gutxiago falta da jarduerari berrekiteko. Izan ere, Iruñeko Udalak kudeatzen duen proiektuaren ardatzetako bat Gelbentzu eraldatzea da, eta, EGEF Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsak horretarako udalari emandako 2,1 milioi euroko diru laguntzak eskatzen duenez, 2029rako amaituta egon behar du proiektuak. Datu hori 5,4 milioi euroko aurrekontuaren %40 da. Eraikinaren obrak 2026ko amaiera aldera hasiko direla esan du Joxe Abaurrea (Iruñea, 1965) Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Iruñeko Udaleko zinegotziak, eta proiektua gaur egun zer fasetan dagoen azaldu du.

Abaurreak adierazi du oraindik ez dutela erabaki Gelbentzu zinemak zer funtzio izango duen zehazki, baina udalak zer asmo duen azaldu du: «Guk argi daukagu kultura eskaintzeko lekua izan behar duela». Horrez gain, udalak aipatu du Gelbentzu zinema zaharraren eremuan «kulturarteko eta gizarte bizikidetzarako zentro bat garatzea» aurreikusten duela Auzoan ezin hobe proiektuaren bidez. Herritarrek ere aukera izan dute Gelbentzuk izan dezakeen eginkizunaren inguruan proposamenak egiteko. Izan ere, aurtengo apirilean irekitako parte hartzeko prozesuaren bitartez, udalak eraikina eta horren ingurua eraldatzeko proposamenak bildu ditu. Parte hartzea «oso ona» izan dela azpimarratu du Abaurreak. Esaterako, udalak jakinarazi zuenez, maiatzaren 10ean Gelbentzu pare bat orduz zabaldu zuten, eta ehun herritar inguruk, besteak beste, eraikinaren etorkizunaz, erabileraz, kudeaketaz eta garrantziaz hausnartu zuten. Zinegotziak azaldu du eraikinak garrantzi «handia» duela iruindarrentzat. 1963an ireki zutenetik 1981ean itxi arte, Arrosadia auzoko zinema areto nagusietako bat izan zen, Aitor zinemarekin batera. Abaurreak esan duenez, udalari iruditzen zaio «oso planteamendu polita» izan daitekeela auzoko kulturgune bihurtzea.

Maiatzaren 10ean Gelbentzun egin zuten parte hartzeko saioa. IRUÑEKO UDALA

Orain herritarrek egindako proposamenak eta aukerak aztertzen ari direla esan du zinegotziak. Hedabide batzuetan argitaratu dute Gelbentzu zinema civivox bat edo horren antzekoa izango dela beharbada, baina Abaurreak adierazi du zehazteke dagoela udalak kudeatuko duen programazioa edo auzoaren esku egongo den. Arrosadian gaur egun dauden zerbitzuak ere kontuan hartu behar dituztela esan du. Azpimarratu du liburutegia «nahiko kaskar» dagoela, eta auzoan kultura jarduerak egiteko toki bat falta dutela, nahiz eta Jose Vila eskola zena hor egon, baina «nahiko deskonektatuta» Arrosaditik. «Kulturarako bihotz bat behar dute», nabarmendu du.

Arkitektura lehiaketaren bitartez «auzoak nahi duena» gauzatzea izango da hurrengo pausoa, eta lehiaketan proposatzen dena kontuan hartuta, jendeak parte hartzeko beste fase bat irekiko dute. 

Arrosadia «suspertzea» helburu

Abaurreak azaldu du auzoa «berreskuratzeko plan oso bat» behar duela Arrosadiak, eta udalak dio Auzoan ezin hobe proiektuak auzoa «suspertzea» duela helburu. Zinegotziaren hitzetan, Arrosadia «auzo oso kaltebera» da, baina «potentzial handia» du, eta helburua zera da, «birsortzeko behar garrantzitsuak» dituen leku kaltebera izateari utzi eta auzo «inklusibo eta berritzailea» bihurtzea. 

«Guk argi daukagu kultura eskaintzeko leku bat izan behar duela»

JOXE ABAURREA Iruñeko Udaleko zinegotzia

Abaurrearen arabera Gelbentzu da proiektuaren «bihotza», baina horrek beste hainbat ertz ditu. Izan ere, udalak jakinarazi du hurrengo proposamenak barne hartzen dituela: hiri espazioa birnaturalizatzea eta aktibatzea, auzoko energia birgaitzea eta ikus-entzunezkoen ekosistema digitala izanen den Zolina ikus-entzunezkoen gunea sortzea. Energiari dagokionez, jada martxan den Bulego Berdearen bitartez birgaituko dira horren instalazioak, eta bulego horrek auzotarrei «energia aurrezteari buruzko orientazioa eta aholkuak» emango dizkie. Ikus-entzunezko gunea, berriz, Zolina Audiovisual Hub izango da. Arrosadiko Taxoare kalean egongo da, eta tokiko ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko izango da.